argia.eus
INPRIMATU
Hiztegi berritutik argi luzeetara
Iñaki Antiguedad 2013ko maiatzaren 02a
Iñaki Antiguedad
Dani Blanco
Zerbait ari da mugitzen burujabetzaren aldekoen artean. Batzuen eta besteen esanetan igartzen da, hitzetik ekintzarako jauzia ikustear badago ere, are gehiago ekintza hitzak dituen esangura desberdinak kontuan hartuta. Inoiz ez bezalako gauzak ari naiz entzuten, hiztegi berritu baten ondorio edo. Ziklo zaharra oraindik agortu ez eta berria oraindik sortu ez den blokeo egoerari derrigorrezko aterabidea emateak lehenengo urrats legez eskatzen duen hiztegi berritua izan daiteke oraingo hau. Sinistuta nago blokeoaren arazo nagusia tuneletan, nor berean, dagoen jendearengan baino gehiago tuneletan bertan datzala; hortaz, bide berriak bilatu –eta aurkitu– behar dira blokeoa gaindituko badugu, inongo bidea ezin baita behin betikotzat hartuta jainkotu.
 
Nire ustez, asteotan esan diren askok egungo argazki egokia margotu dute. Ezker abertzaletik estrategia eraginkorra sortu eta konfiantza berreskuratu beharra esaten da; bat nator, egungo estrategia eraginkorra ez den seinale, bere esparruan behar bezalako konfidantza sortzeko gauza ez den seinale. Bai, 30 urteko errepresioak ez du helburua lortu eta ezker abertzalea hortxe dago, jendartean txertatua, baina denbora bereko borroka molde nagusiak ere ez du lortu gobernua konponbidera bultzatzea, eta hau ere esan behar da. Sozialdemokraziatik, euren hiztegian, subiranotasun inteligentea eskatzen da, bide politiko eta demokratikoetan perspektiba progresista batetik erradikaltasun osoaz jardutekoa; baina Azpeitian gauzatu dutena ez da, inondik ere, erradikaltasun adibide.
 
Bai batzuek eta bai besteek indarrak metatu beharra aipatu dute, baita polo subiranista batera biltzea ere, jeltzaleen eta konstituzionalisten aurrean bestelako erreferentzia eraginkorra gauzatzeko, iruzur-aldi berri bati behingoz atea itxiko dion hitz eta erabakiaren erreferentzia ezinbestekoa. Kursaalen entzundako hitzetan: konfrontazio erreferentea, argi motzetatik argi luzetara pasatzea. Hiztegi berrituaren orriak aurrera eta atzera nago pasatzen ea polo subiranista gauzatzeko gaurkoz diren begi-bistako trabak, ezker abertzaleak eta sozialdemokraziak nork bereak, gainditzeko konpromisoak zeintzuk izan daitezkeen argitu nahian; baina ni neu behintzat argi motzetan nabil oraindik ere.
 
Eta martxoan hauteskundeak. Ez dakit ordurako trabok gainditzerik egongo denentz, denboraren estuagatik. Dena dela, bada nire usterako bestelako traba, kontuan hartzekoa halako hauteskunde batean. Izan ere, Gasteizko legebiltzarra zombie politikoa bada ere hamaika neurriren erabakigune ere bada, eta ezker abertzaleak bertan egon beharra dauka, modu batean edo bestean, estrategia eraginkor batean ezinbesteko osagarri. Baina instituzio horretatik pasatzen diren gai askoren aurrean ezker abertzaleak eta sozialdemokraziak jarrera diferentea dute, politika sektorialetan argi eta garbi, batak eta besteak iraunkortasuna edota krisiaren jatorria, kasurako, progresoa azken batez, ulertzeko duten ikuspegi desberdinen ondorio.
 
Beraz, hauteskunde autonomikoetan nor bere aldetik agertzea litzateke argiena, elkarlana marko demokratikoaren aldeko urratsetan batez ere gauzatuz. Baina uda atarian izateko diren hauteskunde europarrak aukera ezin hobea izan litezke polo horrentzat, hiztegi berrituan Europa ipintzen baita konponbidean laguntzaile. Hortxe eman lezake poloak erreferentzia politikoaren neurria, polokideak Herri bat definitzen duten politika sektorialetan gaur gaurkoz talkan izan arren.