argia.eus
INPRIMATU
Gogoeta historikoa
Juan Kruz Lakasta Zubero 2013ko maiatzaren 02a
Juan Kruz Lakasta
Josu Santesteban
Paradoxa latza: kazetariok barra-barra darabilgu historiko adjektiboa, baina ez gara izaten historian batere aditu. Baieztapen erredundantea izan daiteke. Ados nago kazetariok –salbuespen txalogarriak salbuespen– ezertan ez garela aditu dioen topikoarekin. Ni, behintzat, ez naiz. Edo bai, nondik begiratzen zaion: aditu naiz aditu ez naizen gaien inguruko informazioa prozesatzen, digeritzen eta modu laburxeagon eta ulergarrixeagoan ematen, libratzen. Edo, gutxienez, horretan saiatzen aritua naiz. Informazio gaindosiaren gizartean kazetariaren funtzio nagusia horixe delakoan nago.
 
Harira: ez naiz historian aditu, baina bat nator Santi Leone historialari iruindarrak azkenaldian gure herrian indar handia hartu duen historizismoari egiten dizkion kritikekin. Euskal Herri historikoaren alde bainoago Euskal Herri imajinarioaren alde nago. Ez gaitezen lotu Euskal Herria izan zenari. Pentsa dezagun etorkizunean zer nolako Euskal Herria nahi dugun. Ez gaitezen obsesionatu Espainiaren historiografia bertikal eta atzerakoiaren euskal bertsioa sortzen. Saia gaitezen euskal errealitate garaikide horizontal eta aurrerakoi propioa eraikitzen. Antso Nagusiaren koroatzearen milurtekoaren karietara antolatu zituzten mila ospakizunak direla-eta, lagun batek monarka Antso Astuna moduan birbataiatu zuen. Ateraldi ona. Tema hura oraindik ahanzteke dugularik, gainera datorkigu 1512ko Nafarroaren konkistaren bosgarren mendeurrena. Nafarroako Gobernuak dagoeneko “aditu batzordea” osatu du. Batzuk ni bezain aditu dira. Batzordekide dira Sanz lehendakaria, Barcina alkatea, Perez artzapezpikua... Orain arte, historialarien eztabaida izan da ordukoa konkista ala anexioa izan ote zen. Sanzek gainditu du. Hura “inkorporazioa” izan zela adierazi zuen batzordearen aurkezpenean. Noaingo bataila dialektikoa izanen zen, argudio trukaketa baketsua. Halako ekimenek birrindu egiten dute orain arte jorratu dudan tesia.
 
Agintari erregionalistek historiaren manipulazio ziztrina gauzatzen badute ezinbestean erantzun behar. Baina ahal dela neurrian egin dadila. Eta ez bakarrik ikuspegi nazionala jorratuz. Aipatu Aditu Batzordeak 1512ko “inkorporazioa” ez ezik Navas de Tolosako batailaren milurtekoa ospatu nahi du. Hura gurutzada izan zen. Garaipen horren ondotik erresuma kristauak Iberiar penintsula osora zabaldu ziren eta penintsula honetako inoizko garbiketa etnikorik handiena gauzatu zuten, milaka eta milaka musulman deserriratuz, torturatuz, erailez. Hori ere salatu beharko litzateke, bidegabekeria historikoa da eta.