argia.eus
INPRIMATU
Poesia zutabetan
2013ko maiatzaren 02a
Juanjo Olasagarre
Judit Fernandez
Ze suerte, Eider, Beatriz Preciado ustekabean ezagutzea! Katixa, ez irakurria izateko Volgako Batelariak baino hobe egin duzu irakurri gabekoen kritika!
 
Eider, zuk proposatu bezala gaiez aldatu aurretik –izan ere asko interesatzen zait zutabegileon profila zertan dabilen komentatzea–, testuan zehar egiten duzun beste galdera bati erantzun nahi nioke: “Emakumezko edo gizonezko sentitu al daiteke inor?”.
 
Bai. Botereek bat ala bestea sentitzera behartzen gaituzte uneoro. Beraz, genero disforiaren eremuetan aurkitzen dena, zure elkarrizketatua, ezin egokiturik dabil beti. Hortik Preciadoren saioa generoa dekonstruitzeko; edo Butlerrena, zeinak natural, berez gara genero batekoak edo bestekoak, hitzaren azpian datzan botereen kategoria azterketa sendoa egiten baitu; edo Wittig-ena, zeinak pentsamendu heterosexualaren amarruak azalarazten baititu; edo Irigarayrena, zeinak emakumea heterosexualitatearen eremu sinbolikotik kanpo dagoela salatzen baitu, gizonaren objektua izatera ere heltzen ez delarik.
 
Beste modu batez planteatuko dut galdera: euskaldun ala espainol senti al daiteke inor? Euskal Herriko politika bideei erreparaturik, baietz erabakitzea baino ez zaigu gelditzen. Kontua, beraz, ez da senti daitekeen, baizik eta sentitzeko manera hori nork ezarria den, nola, kategoria horrek zer ezkutatzen duen? Biak batera izan daitekeen, euskaldun-espainol, gizon-emakume? Ala bat ez beste izan gabe bizi ote daitekeen? Azken galdera horren erantzuna ezezkoa baldin bada, batzuen ustez leninismoa baino ez zaigu gelditzen, eta derrigorrez gaude iraultzara kondenaturik. Gehiegitxo. Barkatu, dena den, euskalduntasuna eta generoaren arteko konparazioa, baina niretako, elkar argitzen dute.
 
Zutabegileak “norbere buruaz” mintzatzeari buruz... Nik aspaldi erabaki nuen nire burutik mintzatzea. Bat, dezentetan gu-aren azpian ezkutatzen –batzuek aldarrikatu nahiago lukete– nintzela ohartu nintzelako, eta bi, esatera ausartzen ez nintzena halako zutabe mengel, lainotsuen bidez lausotzen nuelako, batez ere, kutsu politikoko zutabeetan.
 
Ala “norbere buruaz” aritze horrek ni-aren gorabeherei buruz aritzea esan nahi ote du? Hala bada, ez zait gaizki iruditzen, ni-a ustez elkartasun handiagoko beste eremu batzuk bezain zilegia izateaz gain, askotan gizarteari buruz aritzeko metonimiarik hoberena izaten baita. Hainbeste, Euskal Herriko zutabegintzan ni-a konkista ere badela.
 
Aste honetako zutabeen arakatze azkartxo bat eginez esanen nuke denetatik dagoela: batzuk, Xabier Larrañaga edo Koldo Aldabe, kasu, asko aritzen dira gai politikoei buruz; beste batzuek eguneroko bizitza pribatua eta politika nahasten dute zutabe berean zein zutabe desberdinetan, Uxue Apaolaza adibide; beste batzuek ni-tik argitzen dute errealitate soziala, Rikardo Arregi, demagun. Beste batzuk, Aurelia Arkotxa, konparazio batera, iraganeko kontuekin saiatzen dira gaurkoan argi egiten.
 
Beste batzuek, ni urduri paratzen naute –barkatu, baina nahiago dut izenik ez aipatu– “poesiaren” egitura zein irudiz sasitzen dute zutabea errealitateari buruz deritzotena mordoilo liriko-kriptikoa bihurtzeraino. Orduan, Gil de Biedmaren pentsu hura datorkit gogora: gaizki dabil poesia eta arrazoia nahasten dituen gizartea. Baina, arrazoiaren eremuari dagokio zutabea? Noraino da zutabeetako “poesia” egilearen iritzia estaltzeko trikimailua?