argia.eus
INPRIMATU
Oholtzalaritza
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Ofizioa da, inguruarengandik nabarmentzen duena. Oholtzalaria beti dabil, giristinoen Jesusek gurutzea nola oholtzaren zama garraiatuz jendartean. “Hi ez haiz modernizatzen” aurpegiratu zidan lehengoan ezagun batek bere betazalak nire txapelera zuzenduz. Bere burua buelodun kapelaz estalita zeraman. “Hirea ere, ez duk bada oraingoa”. Izan ere, gure etxean bi belaunaldiz ezagutu dut txapela, eta neroni ere jokatuta nago hamaika urte nituelarik futbolean txapela buruan nuela, Carlos Gomes atezainaren antzeratsu. Eta orduan ere, gure ostatura bermuta hartzera zetozen zenbait jaun burgesek gustuko prenda zuten buelozko kapela. Gehiengoak, ardozaleak, txapela zerabilen. Geroztik, gaztetan, film beltzeko protagonisten burutan ikusi izan dut gehienbat. Eta nola ez, Ukiezinak telebistako seriean, zuri-beltzean Elliot Ness eta Al Capone tarteko. Hauek ez ditut inoiz ikusi gure etxeko txapelarekin. Beraz, langileak, arrantzaleak, laborariak ezin zitezkeen modernoak izan nire ezagunaren aburuz. Argi da horren ustean modernoa izateko aski dela horietako kapelaz burua estaltzea, honek buruari adimena eta sorkuntza ahalmena, berez ekarriko balio bezala. Oholtzalaritza ofizioa da, eta ofizio orotan legez, artistak aleka.