argia.eus
INPRIMATU
Bluesaren tristurari eta infernuari rockarekin trufa eginez
  • Belceblues ::Infer

    Gaztelupeko hotsak

    iraupena ::39´05´´

    prezioa ::13.95€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05a
Euskaraz abesten duen blues talderik apenas dago Euskal Herrian, baina horietako batek, orriotara ekarri dugun Bergarako Belceblues taldeak, izena hartu du aspaldian. Danbaka lehiaketan finalistak izan ziren, Kilometroak ‘07ko kantua idatzi zuten eta Espainiako Arte eta Musika Akademiaren Sarietarako izendatu dituzte. Estreinako lana jaioterriko taberna berezi bati eta haren jabea zenari eskaini diote. Bluesa eta rocka batu edota bluesa elektrifikatu egiten dute; baita, zenbait kasutan, euskara eta ingelesa ere. Bada blues tristerik (erredundantzia? ez), baina baita askoz biziago eta alaiagorik ere, eta tarteka 1950eko hamarkadako rock-and-rolla, countrya, euskal rocka edota funk zipriztinen bat ere ageri da. Abestiek garapen dezente dituzte, eta teknikan igartzen da musikariek bide luzea egina dutela.
"Ingelesez bizi izan dugu bluesa, baina gure hizkuntza erabiltzeko apustua egin genuen"

Zer eman dizue Bergarako Infernukua tabernak, eta Javik, tabernaren jabeak?


Aurreko taldeekin kontzertuak egin genituen han. Txoko oso berezia izan da guretzat eta Javik oso ondo hartu gintuen beti. Oso musikazalea zen, tipo oso berezia eta adoragarria. Diskoa eskaini diogu.

Hau da dagoena. Zergatik dago bluesa euskaraz egiten duen hain talde gutxi?


Ohitzea da kontua. Guk ere hasieran ez genuen argi euskara bluesean nola landu, bluesa ingelesez bizi genuelako; baina gure hizkuntza erabiltzeko apustua egin genuen. Hala ere, tarteka ingelesarekin nahasten dugu.

Zein da “zarataren kultura”?


Euskal Herrian urteetan zabaldu eta hedatu den kultura. Alegia, musikak ematen dituen horrenbeste aukera izanik, badirudi euskal musika rock gogorraren inguruan ataskatuta geratu dela. Ez gaude kontra, baina harritzen gaitu.

Kondairak bluesarekin oso lotuta daude. Anekdotak ere bai?


Bluesaren oinarria nostalgiaz eta malenkoniaz beteriko kantu tristeak dira. Ez da harritzekoa, AEBetako esklabo beltzek sortu zutelako. Baina urteek aurrera egin ahala, biziagoa bilakatu da musikan eta hitzetan. Gu urrats bat harago joan gara, adar jotzea eta txantxa gehituz.

Best thing of the day familiarrean bestelako giroak lortu dituzue, barnerakoiagoak, jazzeroagoak…


Bai, zalantzarik gabe gure alderdi xamurrena adierazi dugu kantu horretan, baita jazzarekiko dugun gertutasuna ere. Etorriko dira honelako kantu gehiago.

Azken hilabeteotan emanaldi didaktikoak egiten hasi zarete. Nolakoak dira emanaldi horiek?


Erakutsi nahi dugu munduan badaudela beste musika asko, tartean bluesa. Horren jatorria, historia eta bilakaera irakasten dugu era ludiko eta jostagarrian, parte-hartzea bultzatuz eta musika zuzenean jotzen. Helburua ez da mundu guztiak bluesa egitea, baizik eta musika mota ezezagun hau era natural eta hurbilean plazaratzea.