argia.eus
INPRIMATU
Eulien eta sugeen urdina
Jakoba Errekondo 2009ko urtarrilaren 21a
Otsabiaga baserria, Bidegoian
Gaiztotze bidean diren zauriak sendatzeko, Asian anilaren (Indigofera tinctoria) eta Txerokienean basa anil urdinaren (Baptisia australis) erabilera berreskuratu eta berritzen ari dira.

Geurean ere bueltan dator urdina, anilarena. Paisaian, kulturan, etxekoa izan da gero eta gehiago ikusten den anila. Igandeetako alkandoraren eta azpikogona zuriaren distira, anil urdinaren ttanttak errematatzen zuen. Baserria, etxea bera, ate-zulo eta leiho-zulo urdinetan irekitzen zen. Ireki, zabaldu eta bat izan belaze eta baso berde, et et et... belaze eta baso urdinekin eta zeruekin. Etxearen zauriak ere urdinak osatzen.

Osatzen eta saneatzen. Kare-esnetan ematen da urdina etxearen zuloetan. Itxura denez, Azkoitiko Floreaga Jauregiko eta Zeraingo San Blas baselizako lan mudejarrak inspiratu zituztenen tarterikoek erakutsitako artea. Etxe osoaren kare zuria urdindu egiten da zaurietan. Zaurietatik gaiztotzen da, zornatzeraino. Anilaren urdinak barrua babesten du, beheko-barrenetik gailurreraino. Ukuiluko azpietako inaurkinen azpian jarritako intsusa arbek bezala, urdin koloreak apo, suge... uxatzen du, baita infernuetako euli santuak ere. Eta kare-esnetan. Karea, kisua, gisua, latsuna, desinfektatzaile natural onenetakoa da. Kare-esnez, kare-urez, kisu-gesalez, gisu-gezalez, latsun-urez karetu, karadu, kisustatu, gisuztatu, latsundu... zuritzen ditugu kare-orez edo latsunbeltzez eraikitako hormak, etxea. Etxea, kanpo eta barru, baita zurajea ere. Etxeak eta arbolak. Etxeko katuaren mugarrien barruko fruta-arbolak, sagarrondoak, sagastiak, belardiak, soroak... dena karetzen da.

Kareak, desinfektatzeaz gain, gure buztin-lur zekenak gozatzen ditu: harrotu, oreatu, lehortu, pHa igo, jakien zikulu-saltsa aberastu... lurra emankortu. Makina bat karobi ondo berotu da bai bazterretan...