Lurraren zaindariak makila eskuan

  • Kolonbiako Cauca barrutiko indigenek lurrak eta burujabetza dituzte helburu. Oztopo berriz, paramilitarrak, armada eta gerrillariak. Haiei aurre egiteko lurraldearen zaindariak dituzte, kiwe theng zas-ak.
The Colombia Solidarity Campaign izeneko Erresuma Batuko blog batetik hartutako argazkia.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Cauca barrutia, itsasotik Andeetara zabaltzen dena, Kolonbiako lurralderik istilutsuenetakoa da. Kolonbiak jasaten duen gerra zibilaren azpitik, herri xumea eta indigena zigortzen duen beste gatazkarik badago: kañaren jauntxoek, ondasun mineralak ustiatzen dituzten multinazionalek, narkoek eta paramilitarrek indigenen eta laborarien aurka egiten dutena. Gatazkaren erdian, lurraldetasuna eta burujabetza du helburu nasa herriak. Arma bakarra norbere antolakuntza du, bere burua defendatzeko indarrik ez darabil.

Autonomia indigena

Barrutiko Cali hiriburutik 100 kilometrora, Sierra Centralen, Caucako iparraldean nasa herria bizi da. Lurraldeak 190.000 hektarea ditu; horietatik %80 lur-jauntxoen eskuetatik berreskuratu dituzte azken 30 urteotan. Lurren %10ak baino ez du laborantzarako balio. Kafea, banana eta babak ereitea dute ogibide. 1991ko Konstituzioak onetsitako 14 resguardoetako 304 veredetan (herrixkak) 25.000 familia bizi dira, hots, 110.000 biztanle inguru, %85 nasa. Norbere gobernu sistema daukate: resguardoetako zein kabildoetako batzarrek gobernadoreak eta aguazilak aukeratzen dituzte. Konstituzioak gobernu sistema hori bermatzen duen arren, etengabekoak dira armadaren erasoak. 18 kabildoak batzen dituen ACINgo (Cauca Iparraldeko Kabildo Indigenen Elkartea) komunikazio arduradun Manuel Rozentalen aburuz, nasek ez dituzte bereganatu nahi zilegitasunik gabeko estatu erakundeak; horren ordez “batzarretatik jaiotako herri aginte indigenan oinarritzen den zilegitasun berria eraikitzen ari dira. Prozesu horrek demokrazia ofiziala lotsarazten du”. Lurraldetasunari eta burujabetzari eustea helburu du nasa herriak; Kolonbiako Gobernuak zein FARC gerrillak ez dute gogoko.
 
1980ko hamarkadan nasek euren burua defendatzeko Quintin Lame talde armatua sortu bazuten ere, laster aldatuko zen haien politikaren norabidea. Egun, hiru dira dituzten ardatz nagusiak: MAI (Merkataritza Askerako Ituna) eta Kolonbia plana –Kolonbiak eta AEBek drogaren aurka egiteko sortutakoa– borrokatzea, eta Gobernuak onartutako nekazaritza erreforma aldarrikatzea. Tresna nagusiak dira lurrak berreskuratzea eta MAIren inguruko erreferendumak bultzatzea. Garrantzitsuak dira, era berean, beraien osasuna, legeak eta historia indarberritzeko egiten dituzten atelierrak, baita auzolanean eraiki dituzten zuzenbide eta nekazaritza eskolak ere. Bitxia da autonomia indigena babesteko sortu duten guardia indigena, kiwe theng zas izenekoa (lurraldearen zaindariak): nasen banderako berde eta gorri koloreek apaindutako makilak eskuan, hitza ahoan, parean jarriz aurre egiten diote armadari, gerrillariei eta paramilitarrei. Vereda bakoitzak hamabi eta 50 urte arteko hamarna emakume-gizon aukeratzen ditu guardiarako; 3.500 guardiek garatzen dute nasa herriaren defentsa. Armadaren edota gerrillaren eraso larriren bat sumatzen badute, aurretiaz adostutako batzar iraunkorreko guneetan batzen dira. Horrela gertatu da, adibidez, azken bi hilabeteotan, Miranda eta La María resguardoak armadaren, paramilitarren eta FARCen arteko borrokaldien lekuko izan direnean.
 
Nasek eragindako Gobernuaren aurkako protestaldiak Kolonbiako historiako handienak izan dira eta herriko hainbat sektoretan sekulako oihartzuna izan dute. Alvaro Uriberen Gobernuaren zoritxarrerako, autonomia indigena hartu dute eredu zutik dirauten beste hainbat sektorek. Erreferendumak, esaterako, ikasleek, sindikalistek eta laborariek zabaldu dituzte Kolonbian zehar. Herritarren %70ak parte hartu du horietan, eta adibidez, AEBekiko Merkataritza Askerako Itunak ezezko borobila jaso du. Uribe presidenteak gogor borrokatu ditu mugimendu indigenak: sei urtetan 1.243 indigena erail dituzte eta 54.000k haien lurretatik alde egin behar izan dute. Testuinguru honetan kokatu beharko genituzke Pa´yumat herri irratiaren –larrialdietan berehalako neurriak hartzeko nasek ezinbestekoa duten hedabidea– kontrako sabotajea eta Edwin Legardaren hilketa abenduaren 16an. Azken hori Caucako Lurralde Batzorde Indigenaren (CRIC) kontseilari Aída Quilcuéren senarra zen.
 
Beste askotan bezala, nasek gerrillarekiko dituzten balizko harremanak hartu ditu aitzakia Uribek erasoak onesteko.

Minga: herri aginte ibiltaria

Nasek zein beste hainbat herrik proposatutakoak duen sostengua argi geratu zen iazko azken hilabeteetan egindako Herrien Minga Ibiltarian. Andeetako ohiko auzolanari erreferentzia egiteko hitza da minga. Helburu komunitarioak lortzeko ahalegin berezia egitea da minga; beste lan guztiak alboratu behar dira minga arrakastatsua izan dadin. Manuel Rozentalek azaldu digunez, “mingaren lorpenak ez dira inorenak. Taldearenak dira, ez da horiek beregana ditzakeen inor. Mingak herrien heldutasuna nabarmentzen du. Diziplina, norberak berea eginez helburu komunitarioei kolektiboki heltzeko gaitasuna da minga”.
 
Hortik datoz Minga Ibiltariaren nondik norakoak. Joan den urteko azaroaren 10ean, guardia indigenak babestuta, 10.000 indigena elkartu ziren La María Piedamó resguardoan Bogotá hiribururaino heltzeko asmoz. Mingak jarraipena eman zien bost urte lehenago Bizitzaren, Alaitasunaren eta Autonomiaren aldeko Batzar Ibiltariak aurreikusitako xedeei; batez ere, MAIri eta Kolonbia planari aurre egitea eta nekazaritza erreforma lortzea. Milaka kilometro hitza eta akordioak hedatuz. Aurrera joan ahala, indigenek ez ezik, sindikalistek, laborariek eta borrokan diren beste taldeek bat egin zuten Mingarekin. Besteak beste, han izan ziren irailean grebari ekin zioten Caucako kaña langile afroamerikarrak –azukreaz ekoiztutako etanolak ordezkatu ditu lehengo kafe soroak–, unibertsitateetako ikasle eta irakasleak, garraiolariak eta krisialdiak zigortutako funtzionarioak. Ibiltariak Piedamón, Panamericana errepide ertzean zeudela, armadak lehenengo erasoak egin zituen. Hildakoak eta zaurituak izan ziren. Mingak gizarte eredu berria eta borrokak elkarlotzeko duen gaitasunaren beldur omen da Alvaro Uribe. “Herriek elkar ikusteko, entzuteko, pairatzen dituzten arazoak aztertzeko eta bakean bizi ahal izateko erresistentzia neurriak hartzeko topagunea da Minga Ibiltaria”, dio Rozentalek.
 
Oztopo oro gaindituta, Bogotáko Unibertsitatera oinez heldu zirenek bestelako Kolonbia abian jartzeko nazio sarea sortu zuten. Han esandakoekin herrietara itzuli dira, tokian tokiko ebazpenak eta ekimenak har daitezen. Aurten, urriaren 12an elkartuko dira. Raul Zibechi ikerlari uruguaiarraren iritziz, “berria da protestak hartu duen sakontasuna eta, batez ere, Uriberen Gobernua hormaren kontra ipini duen eragileen batasuna”.

Azkenak
2025-03-19 | ARGIA
“Proiektu honi ez!” Arratzua-Ubarrundiako plataformaren adierazpena

Arratzua-Ubarrundiako "Proiektu honi ez!" plataformak adierazpen hau kaleratu du, udalerri horretako EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa aurkeztu berritan.


2025-03-19 | ARGIA
Dimititu egin duten Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduko zinegotziek herritarrei zuzendutako agurra

Arratzua-Ubarrundia (Araba) herriko EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa eman dute Solariaren zentral fotovoltaikoagatik. Hau da hiru zinegotziek, Txetxu Zengotitabengoak, Laura Sanchok eta Javier Ruiz de Arkautek, herritarrei zuzendu dieten agur mezua.


2025-03-19 | Bertsozale.eus
Maiatzean jokatuko da Udabarria Bertsotan

Maiatzaren 8an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Zortzi saio bikoitz jokatuko dira maiatzeko eguenetan. Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian.


Hwei-Ru Tsou. Brigadista txinatarrak xede
“Batera gogoratzen ditugu Gaza eta Gernika!”

Iazko uztailean, ARGIAren 2.880. zenbakiko orrialdeotan genuen Bego Ariznabarreta Orbea. Bere aitaren gudaritzaz ari zen, eta 1936ko Gerra Zibilean lagun egindako Aking Chan, Xangai brigadista txinatarraz ere mintzatu zitzaigun. Oraindik orain, berriz, Gasteizen hartu ditu... [+]


Eguzki beltza

Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako... [+]


Zuhaitz landaketa: mozketa masiboak egin ahal izateko jukutria “berdea”

Mila milioika mintzo dira agintariak. CO2 isurketak konpentsatzeko neurri eraginkor gisa aurkeztuta, zuhaitz landaketei buruzko zifra alimaleak entzuten dira azken urteetan. Trantsiziorako bide interesgarria izan zitekeen, orain arteko oihanak zainduta eta bioaniztasuna... [+]


Benetako ninjek ez dute misteriorik

Japonia, XV. mendea. Espioitzan eta hilketa ezkutuetan espezializatutako eliteko talde militarra sortu zen. Edo horixe uste du behintzat Stephen Turnbull historialari britainiarrak. Beste aditu batzuen ustez, askoz lehenago sortu ziren ninjak, duela 2.300-2.500 urte inguru. Eta... [+]


2025-03-19 | Jesús Rodríguez
Infiltratuak, legez kanpo

2022ko ekainaren 7an, Directa-k serie luze bateko lehen polizia infiltratuaren kasua argitaratu zuen. Martxoaren 5ean, Belen Hammad fikziozko izena erreta geratu zen, polizia-argotean dioten bezala. Jada hamar dira Directa, El Salto eta El Diario-k azken hiru urteetan argitara... [+]


Biharamuna

Igande gaua. Umearen gelako atea itxi du, ez guztiz. Ordenagailu aurrean esertzeko momentua atzeratu nahi du. Ordu asko aurretik. Zazpietan jaiki da, eta, bihar ere, astelehena, hala jaikiko da. Pentsatu gabe ekiten badio, lortu dezake gauak pisu existentzialik ez izatea. Akats... [+]


2025-03-19 | Maialen Arteaga
Pavloven txakurra eta kanpaia

Naomiren etxeko eskailerak igotzen ari dela datorkion usainak egiten dio memorian tiro. "Ez da sen ona, memoriaren eta emozioaren arteko lotura da. Baldintzapen klasikoa", pentsatzen du Peterrek bere golkorako Intermezzo-n, Sally Rooney irlandarraren azken eleberrian... [+]


Maite Errarte:
“Etorkizuneko etnografoek sakelekoen bilakaera aztertuko dute akaso”

Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Sailaren zuzendari berria da Maite Errarte Zurutuza (Beasain, 1995), urrian Fermin Leizaolaren lekukoa hartu ondoren. Kultura materiala aztertzen jarraitzeko beharra azpimarratu du, gizartearen memoria eta bizimodu aldaketak erregistratzeko... [+]


Elkarri begira ez, elkarlanean

Oldarraldia ari du EAEko administrazioa euskalduntzeko erabakien aurka, berriz ere, enegarren aldiz. Oraingoan berrikuntza eta guzti, espainiar epaitegiak eta alderdi eta sindikatu antieuskaldunak elkarlanean ari baitira. Ez dira izan akats tekniko-juridikoak zuzentzeko asmoz... [+]


ANALISIA
EH ez da salgai, legedia ere ez

Lurraren alde borrokan dabilen orok begi onez hartu du Frantziako Legebiltzarrak laborantza lurren babesteko lege-proposamenaren alde bozkatu izana. Peio Dufau diputatu abertzaleak aurkezturiko testua da, eta politikoa eta sentimentala juntaturik, hemizikloan Arbonako okupazioa,... [+]


Eguneraketa berriak daude