argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2013ko maiatzaren 06a

Barkoxeko herritarrek pasa den igandean eskaini zuten Maskaradaren lehenengo emanaldia, Barkoxen bertan. Azkena ere han egingo dute, apirilaren 12an. Tartean, beste hamar emanaldi eskainiko dituzte Zuberoako herrietan.

 

Luiz Azanza argazkilari iruindarraren irudiez osatutako erakusketa izango da ikusgai hilaren amaiera arte Iruñeko Contraluz galerian. Deia, El Diario Vasco, El País, Le Monde eta Publico Lisboa beste egunkari batzuentzako argazkiak egin ditu Azanzak.

 
 

Antonio Zavala jesulagun eta euskaltzain tolosarra hilaren 2an hil zen, 80 urterekin, Iruñeko San Miguel erietxean. Herri literaturaren arloan lan handia egin zuen Zavalak. Berak sortu zuen Auspoa bilduma 1961. urtean, eta 300 liburu baino gehiago argitaratu zituen, bertsolaritzari buruzkoak gehienak. Bertsolaritzaren eta herri literaturaren zein ahozko literaturaren izen esanguratsuenen lanak argitaratu ditu Auspoa bildumak, hala nola Txirrita, Pello Errota, Pedro Mari Otaño, Udarregi, Errikotxia, Xenpelar edota Bilintxenak.

 

Borja Ruiz Osarte aktore eta antzerki zuzendari bilbotarrak irabazi du Artez Blai Kultur Elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak aurrenekoz antolatu duten Arte Eszenikoen Ikerketarako Nazioarteko Saria. El arte del Actor en el Siglo XX. Un recorrido teórico y práctico por las vanguardias (Aktorearen artea XX. mendean. Ibilbide teoriko eta praktikoa abangoardietan zehar) lanari esker irabazi du saria Ruiz Osartek.