Berandu izan daiteke

  • Guk geuk zabaldu genien atea, eta orain bota egin nahi ditugu. Duela gutxi arte banaka egiten genien arreta, orain arazo bakar izendatu ditugu. Espezie inbaditzaileak beti existitu dira, baina gure eraginez bihurtu dira mehatxu. Agertu ahala borrokatzen gara euren aurka, banan-banan, baina guztientzako plana nahi genuke. Berandu izan daiteke... eta garesti.
Iñigo Azkona
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
1894an Xenicus Iyalli hegazti espeziea desagertu zen betiko. Txikia zen, ezin zuen hegan egin, eta haren bizitoki bakarra Ste-phen uhartea zen, Zeelanda Berriko bi irla nagusien artean dagoen haitz puska handia besterik ez. Dakigula, hamabost ale inguru gelditzen ziren espeziea iraungi zenean; den-denak farozainaren katuak hil zituen, hilabete gutxian. Katuak ugazabarengana eramaten zituen gorpuak, eta hala izan genuen gizakiok espezie haren berri, gutxi gorabehera berau desagertzeaz batera. Xenicus Iyalli-a deskribatu eta katalogatu orduko, ez zen munduan ale bizi bakar bat ere.
 
Muturreko adibide horrek espezie arrotz inbaditzaileen arazoa ulertzeko gako nagusiak ematen dizkigu. Nola definitu halako espezieak? Batetik, arrotz: beraiena ez den habitatera kanpotik eramanak dira, nahi gabe edo, farozainaren katua bezala, nahita. Bestetik, inbaditzaile: kalte egiten diete aurrez zeuden ekosistemei. Batzuetan espezie bat desagerrarazteko gai ere izan daitezke. Luis Guijarro kazetari eta ingurumenean adituak dio, La invasión silenciosa (Inbasio isila) liburuan, 1600. urtetik munduan izandako iraungitzeen %39 espezie arrotzek eragin dutela. Stephengo katuarena ez da kasu bakarra izan, bitxietan bitxiena izan arren. Gaur egun, munduko erakunde publikoak zabaltzen ari diren mezua argia da: espezie arrotz inbaditzaileak biodibertsitatearen aurkako bigarren mehatxu nagusia dira; habitatak desagertzea da lehena. Kasu bietan, geu gara ia erantzule bakarrak.

Kontzeptu berria aspaldiko arazoa izendatzeko

Jorge González biologoaren ahotik ezagutu ditugu espezie arrotz inbaditzaileak definitzeko erabiltzen diren ezaugarriak. Dioenez, hala daukate ezarrita oro har nazioartean dauden hitzarmenek, baina alderdi guztiak ez daude oraindik guztiz finkatuta. “Han-hemenka, ez dakit nongo katalogoan, edo ez dakit nongo plangintzan, beste faktore batzuk agertzen dira, gizakiari kalte ekonomikoa egitea esaterako”. Hala, espezie inbaditzaile zerrendetan sartzen dira ingurumenari ez, baizik eta biltegietan gordetako zerealei kalte egiten dieten animaliak, besteak beste.
 
Gonzálezek EAEko fauna arrotz inbaditzaileari buruzko azterketa egin zuen iaz, Eusko Jaurlaritzaren aginduz. “Ikuspuntu ekonomikoa ekuaziotik atera genuen, jakina; ingurumenaren kontserbazioaren eremuan gabiltza, besterik ez”. Baina oraindik indefinizioa dago, eta horrek eragiten du batzuetan inbaditzaileen multzoan sartzea kalte bakarra nekazaritzari egiten dioten zenbait espezie. “Ez dut uste presio talderik dagoenik horren atzean”, azaldu digu Gonzálezek, “arazoa da gai honetan hasiberriak garela”. Horren adibide ederra da Eusko Jaurlaritzak oraindik orain eskatu izana arazo honen gaineko lehenbiziko azterketa. Ez pentsa, hala ere, Lakuan bereziki atzeratuta dabiltzanik.
 
Gizakiak hautsitako oreka

Munduko erakundeek orain dela hamarren bat urte sumatu zuten espezie arrotz inbaditzaileen aurka zerbait egiteko beharra, Jorge Gonzálezen esanetan. Fenomenoa askoz lehenagotik da ezaguna, baina ez da arazo globaltzat hartu orain gutxi arte. Lehen banaka ekiten zitzaion kasu bakoitzari, sortu ahala; sistematizazioa oraintsu hasi da. Beharrak agintzen du: arazoa askoz larriagoa da orain Stephen uharteko katuaren garaian baino.
 
Landare zein animaliak betidanik mugitu dira batetik bestera, lurraldeak kolonizatuz, elkarrekin lehian, baina horrek ez die ekosistemei berebiziko kalterik egin. Nola egingo die, borroka hori bada naturaren ezaugarrietako bat? Beste behin, gizakiaren esku-hartzeak hautsi du oreka. Espezieen joan-etorrien bektore nagusia gara: animalia eta landare merkataritza –legez kanpokoa barne–, arrantza edo ehizaren mesederako espezieak sartzea eurena ez den habitatean, gure garraiobideetan oharkabean daramatzagun hazi eta larbak... Mugimendu gehiegi denbora laburrean. Gainera, ingurumen arloan egindako kudeaketa eskasak sarbidea errazten die kanpotik datozen espezieei. Ekosistema osasuntsuetan nekez sartzen dira, aurretik kaltetutakoetan erraz.
 
Esandakoaren adibide argia da panpa-lezkarena. Bizkaian bizi zaretenok ohituta egongo zarete goiko argazkikoa bezalako irudiak ikusten, beste euskal herrialdeetakoak ez hainbeste, oraingoz. Aspalditik apaingarritzat erabili izan da landare mota hau, baina gurean orain urte gutxi azaldu zuen ahalmen inbaditzailea. Gaur egun erruz hazten da Bizkaiko bazter guztietan, ugaltzeko daukan gaitasun ikaragarriari esker, besteak beste. Alabaina, gaitasun hori ez luke nahikoa gure laguntzarik gabe. Panpa-lezkak perturbazio edo aldaketaren bat jasandako eremuak behar ditu; hor errotzen da lehenik, gero zabaltzeko. Eta perturbazio gehienak gizakiak eragindakoak dira. Ohar zaitezte panpa-lezka errepide ertzetan hazten dela gehien, errepide horiek egitean iraulitako lurra primerako orubea baitu.
 
Nola Jorge Gonzálezek animaliena, landare arrotz inbaditzaileen azterketa egin zuten iaz, Eusko Jaurlaritzak eskatuta halaber, Mercedes Herrera eta Juan Antonio Campos EHUko botanikariek. Diotenez, landare batzuk oso zabalduta daude dagoeneko, panpa-lezka kasu baterako, eta ezinezkoa izango da haiek errotik kentzea, erakundeak saiatu arren. Berandu dator saiakera. Herreraren ustez, azken urteetan espezie inbaditzaileen arazoa aintzat hartzen hastea aurrerapausoa izan da, “baina gu 1994tik ari gara arriskuaz ohartarazten, eta ordutik hona zenbait espezie izugarri zabaldu dira”. Arestian espezie arrotz inbaditzaileek dituzten ezaugarriez mintzatu gara. Bi aipatu ditugu, baina bada hirugarren bat: ugaltzeko gaitasun handia dute. Eta sarritan beste abantaila bat gehitu behar zaio horri: ez dute etsai naturalik iritsi direneko habitatean.
 
Tokian tokikoari aurre egiten, oraingoz

Azkenik arrisku globalaz jabeturik, zerrendak, katalogoak, planak... sortzen dira mundu osoan, baina hasierako urratsak besterik ez dira. “Katalogoa sortzean figura sortzen da, definizioa, baina gero mamiz bete behar da hori, datuak jaso behar dira, eta horretan gabiltza”, dio Jorge Gonzálezek. Arazo zehatzei aurre egiteko ekintzak ugalduz doaz, baina plan integralak osatzeke daude. Momentuz larrialdiez arduratzen gara, eta bada lan nahikoa. Garesti ordaintzen den lana. Eusko Jaurlaritzaren Biodibertsitate Zuzendaritzak 306.000 euro erabili zituen 2007an Baccharis halimifolia landare espeziea Urdaibaitik kentzeko. Urdaibaiko zati batetik, esan nahi baita. 2008an, aurreko urtean ukitu ez ziren lekuetan jardun zuten, baina aurreko urtean ukitutakoei ere arretarik eskaini behar izan zieten, Baccharis-a guztiz kentzea ez delako erraza: %15 inguru berriz hazten da. Hurrengo orrialdean ikus dezakezue, zehatz-mehatz, nola kentzen den landarea. Lan handia eskatzen du, eta lan hori ordaindu egin behar da.
 
Baccharis-a espezie bat baino ez da ordea. Mercedes Herrerak eta Juan Antonio Camposek 78 landare inbaditzaile antzeman dituzte EAEn, eta horietatik 21ek arreta berezia merezi dutela esan dute, oso ugariak direlako kontserbazioaren alorrean lehentasuna daukaten ekosistemetan: hezeguneak, padurak, ibai ertzak... “Kasu batzuetan, gainera, den-dena estaltzen dute, beste landareak haztea eragotziz”. Espezie askok merezi lukete arreta, baina momentuz gutxi batzuen aurka baizik ez da ekiten Hego Euskal Herrian. EAEn, Baccharis halimifolia eta panpa-lezka Bizkaian –bigarrenaren kasuan alferrik, esan dugunez–, eta fallopia japonica Gipuzkoan. Animalietan, antzera. Jorge Gonzálezek egindako zerrendan hogei espezie dauden arren, oraingoz hiruzpalauren kontra ekiten da, alarma gehien pizten dutenen kontra hain zuzen. Zebra-muskuilua da adibiderik ezagunena. 2001ean Tarragonan (Katalunia) antzeman zutenetik, Ebro ibaian gorako eremuak konkistatzen joan da, Euskal Herrira iritsi arte. 2008an, Nafarroako Gobernuak 250.000 euro banatu zituen diru-laguntzetan, muskuiluari aurre egiteko. Hala ere, foru erkidegoan Iruñeko Udala ari da animalia inbaditzaileen arloan lan handiena egiten, Gobernuko iturriek adierazi digutenez. Jendeak bazter batean abandonatuta uzten dituen maskotak harrapatzea da zeregin nagusia, Floridako dortokak batik bat.
 
Elisa Sainz de Murietak, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate zuzendariak aitortzen duenez, arazoari modu globalean heltzeko gaitasunik ez dago momentuz, horregatik lehentasunak ezarri dituzte. Baccharis Urdaibatik botatzen diharduten bitartean, EAE osotik kentzeko plan orokorra ere egiten ari dira, baina hori gauzatzeko ezinbestekoa da kanpoko laguntza. Europara jo behar da sos eske, eta hori espezie bakar batentzat.
 
Europar Batasunean, LIFE egitasmoa arduratzen da espezie arrotz inbaditzaileei aurre egiteko diru-laguntzak emateaz. Baina ez dauka aurrekontu handirik. Hala aitortu zuen Europar Batzordeko kide batek, 2008ko urtarrilean Madrilen egindako Espezie Arrotz Inbaditzaileei Buruzko Europar Biltzarrean. Ondorioz, LIFEk finantzatzen dituen proiektu gehienak txikiak eta tokian tokikoak dira, espezie bat dagoeneko arazo bihurtu denean abian jarritakoak eta estrategia bateraturik gabe, salbuespenak salbuespen.
 
Aipatutako biltzarrean elkartu zirenek atera zuten ondorioetako bat izan zen espezie arrotz inbaditzaileei aurre egiteko modurik eraginkorrena prebentzioa dela. Gaur egun hutsaren hurrengoa da, eta horren zergatia ezagutza eza izan litekeela aditzera ematen du biltzarraren laburpen gisa egindako adierazpenak, espezie inbaditzaileei buruzko ikerketa areagotu behar dela esaten baitu, habitat berrietara iristeko erabiltzen dituzten bideei buruzkoa barne.
 
Ekologistak neurri eske

Batzuek uste dute, ordea, prebentzio eraginkorra egin daitekeela oraintxe bertan. Madrilgo biltzarra egiten ari zela, Ecologistas en Acción elkarteak neurri sorta proposatu zuen, habitat berrietan ahalik eta espezie inbaditzaile gutxien sartzeko xedez. Besteak beste, ekologistek eskatu dute mota horretako espezieak maskota modura edukitzeko edo saltzeko debekua ezar dadila; espezie inbaditzaileak lurralde berrietan sartzeko debekua ezar dadila –oraindik ere ehiza eta arrantza sustatzeko halakoak egiten direla salatu dute–; espezie exotikoak hazteko etxaldeak eraikitzea debekatu dadila eta dagoeneko existitzen direnak itxi ditzatela; espezie inbaditzaile batentzat garraiobide izan litekeen merkantzia guztien kontrol zorrotzagoa egin dadila; eta itsasontzietako lasta-urak kontrola daitezela, espezie askoren sarbidea direlako. Hala iritsi zitzaigun guri Baccharis-a.
 
Arau eta debekuak eskatu dituzte ekologistek, eta ez dira bakarrak. Mercedes Herrerak eta Juan Antonio Camposek, esaterako, gomendioak ez direla nahikoak uste dute, “arautegia behar da”. Eusko Jaurlaritzak prebentzioaren alorrean egindako ahaleginek, oraingoz, sentsibilizazioa izan dute ardatz. Iaz, “landare inbaditzaileen erasoari” aurre egiteko kanpaina egin zuten, hein handi batean landareekin lanean diharduten profesionalei zuzenduta. Animaliak eta landareak saltzen dituen bizkaitar enpresa bateko ordezkariek esan digutenez, ez dago ezein landare espezie saltzeko debekurik, “panpa-lezka ez saltzeko gomendioa baino ez”. Animalietan, zebra-muskuilua da debekatutako espezie inbaditzaile bakarra. Bestela ere, inori ez litzaioke bururatuko ez saldu ez erostea.
Hego haizea baino zaharragoak
Animalia baten eta landare baten arteko aldea? Animaliok mugitu egiten gara. Animaliak gosea, hotza, logalea... sentitzen duelarik, mugitu eta behar hori asetzeko toki egokia bilatu dezake. Landareak ez: lehortea, izotza, haizetea, sua datorkiola ere hantxe iraun behar. Etengabeko pairatze horretara egokitu eta irautetik bizitzerako koskari adaburuzut ekin diete beti. Beti, hego haizea baino zaharragoak baitira landareak!
 
Landareen jokabidea ulertze aldera, berezko izaera hau aditzea beharrezkoa da. Edozein egoerari aurre egiteko ezin konta ahala trikimailu garatu dute. Bizimolde honek ardatz bat du, bizidun guztiona: bere espezieak, eta espeziearen barruan bere endak, eta endaren barruan bere erlijiokoak, eta erlijioan bere kulturakoak, eta kulturan bere odolak ahal besteko indarrarekin iraun dezala. Landareentzat ere, bere odolekoak ez beste guztiak arerio. Honela, naturan kaosa da oinarri, milaka segada txikiz osatutako guda erraldoia. Beharrezkoak dituzten eguzki, ur, elikagai eta abarren xerkan.
 
Bizitzeak dakar ugaltzea: beste landareei gaina hartuz luberriak kolonizatzea. Bera bezalako berriak sortzeko katramila guztiak erabiliz: adar edo hosto pusketak, sustraiak, erraboila, patatak, haziak... Eta sail berriak bereganatzeko puska hauek hedatu egin behar: haizea, ura eta animaliak gara eraginkorrenak. Haizeak ehunka kilometrora eraman dezake hegal egokiz diseinatutako hazi bat. Koko ale batek itsaso, hondartza guztiak ezagutu ditzake. Animaliok, ileetara itsatsita edo fruitua jan eta hazia ondo simaurtuta zabalduz, laguntzen diegu.
 
Batzuen laguntzailea eta beste batzuen arerioa da gizakia, naturako etengabeko kaos orekatzailearen eraisle. Inbaditzaileen kontu hau zuriketa soila da, ustel. Cortaderia selloana panpa-lezka luberri zalea gelditzeko, urbanizatzea eta txikizioa aldatu beste aukerarik ez da. Baccharis halimifolia itsaso zalea da, baina urak azpian hartzen ez dituen lurrak behar dituenez, ibaien arroetan matarrasan botatzen diren pinudien kudeaketa aldatu behar da, gorritutako sailetako lur onena urak garraiatu eta madura bazterretan pilatzen baitu. Sasi-akaziaz, Robinia pseudoacacia, zer esan... Basoen kudeaketa kontu soila da eta, neure iritziz, etorkizun onenetakoa duen zuretako bat ematen du. Adibidez, neure etxeko zurajearen parte handiena sasi-akaziazkoa da. Kopeta behar da guk sortutako belaze, pinudi, harizti eta pagadi kolonia izugarriei ez ikusiarena egin eta beste erlijio batzuetako landareen koloniatxoei begira errieta egiteko. Zazpi azaleko kopeta.

Azkenak
2025-03-08 | ARGIA
ARGAZKI GALERIA
Mugimendu Feminista: “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude”

Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia.


2025-03-08 | ARGIA
Bilgune Feminista
“Feminismoa da heldulekurik argiena desio dugun Euskal Herrirako”

Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu... [+]


Iruña-Veleia: epaiketatik bost urtera

Otsailean bost urte bete dira Iruña-Veleiako epaiketatik, baina oraindik hainbat pasarte ezezagunak dira.

11 urteko gurutze-bidea. Arabako Foru Aldundiak (AFA) kereila jarri zuenetik epaiketa burutzera 11 urte luze pasa ziren. Luzatzen den justizia ez dela justizia, dio... [+]


Superwoman

MAITE: (biharko eguna antolatzen bere buruaren baitan) Jaiki, gosaldu, bazkaria prestatu, arropa garbitu, etxea garbitu, gizon hori jaiki, seme-alabak jaiki, hiru horien gosaria prestatu, haiek agurtu, erosketak egin, lanera joan, seme-alabak eskolatik jaso, merienda eman,... [+]


Espainiako Sustapen Ministerioa: “Ez dakigu Ezkioko lotunea oso bideragarria den”

Josu Estarrona EH Bilduko Arabako senatariak egindako galderari erantzun dio Espainiako Sustapen Ministerioak, eta hor berretsi du Ezkioko aukera zailtasunez beteta dagoela.


2025-03-07 | Laia Alduntzin
Hezkuntza gotorleku

Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]


Mazónek ez du lortu bere misioa: Valentziako gurasoek katalanaren alde egin dute

“Askatasunaren” izenean, ikastetxean zein oinarrizko hizkuntza nahi duten galdetu diete guraso valentziarrei. Helburua katalana zokoratzea zen. PPren eta Voxen gobernuak ez du lortu. 33 eskualdeetatik 22tan katalana gailendu da. Emaitzarekin oso pozik agertu dira... [+]


800.000 euro gastatuko ditu EBk errusiar inbasioaren mamuari aurre egiteko

Europar Kontseiluak onartu du Ursula Von der Leyenek gastu militarrean proposatu duen 800.000 milioi euroko gastuarekin aurrera egitea. Horretarako bi arrazoi nagusi argudiatu ditu: Errusiari aurrea egitea eta Europar Batasunak aurrerantzean bere burua AEBen babes militarrik... [+]


Gizakunde
Badator, esnatu da

Gizakunde (Inauteriak)
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Arizkun eta Erratzun. plazan.

------------------------------------------------

Amaitu dira inauteriak, sutan erre ditugu gaiztoak, gaizkiak, sardinak eta panpinak. Baina xomorroak esnatu dira eta badator... [+]


Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma

Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]


Bizi testamentua: aurretiazko borondateen agiriaren gakoak

Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen ustez bizi testamentuak heriotza duin bat eskaini eta familiari gauzak errazten dizkio.


“Topaketa antiinperialistak” egingo ditu Askapenak martxoaren 15 eta 16an Bilbon

Karmela espazio autogestionastuan egingo ditu, eta Euskal Herriko zein nazioarteko gonbidatuak egongo dira bertan. "Koiuntura analisi orokorretik abiatu eta Euskal Herriko borroka internazionalistaren gakoetarainoko bidea" egingo dutela adierazi du Askapenak... [+]


Eguneraketa berriak daude