argia.eus
INPRIMATU
Petti
“Kantu bat ez da inoiz zurea”
Sustrai Colina 2021eko ekainaren 30
Petti
Dani Blanco
Ez diogu tragorik eskatu. Erantzunak baino ez.

Txoritxo batek esan dit Juan Luis Pérez Mitxelena duzula grazia…


Ikastolako lagunek errimatzeagatik “Juan Luis Petit Suisse” esaten zidaten. Denborarekin Suisse kendu eta Petti gelditu zait.


Harritzekoa, Berakoa izanik musikaria ala kontrabandista izan behar!


Edo musikari kontrabandista! Udaletxeak baliabide asko jartzen dizkigu eskura, banda eta musika eskola sendo daude, jende andana animatzen da… Klima kontua izango da!


Edo mugaldekoen izaera multikulturala, agian.


Bai zera! Musika aldetik Hegoaldeko eta Iparraldeko taldeek ez dute zerikusirik. Bat edo beste kenduta, Iparraldekoek aspaldiko musika egiten dutela iruditzen zait.


Zu ere ez zara gaurkoa. Hamar urte lehen diskoa atera zenuenetik...


Denborarekin ikasten joango nintzen, baina uste dut hastapenean egiten nituenen antzeko gauzak egiten ditudala oraindik.


Baina esadazu aldatu zarela, heldu, pertsona hobea zarela orain.


Lehen gauez baizik ez nintzen bizi. Familia ahaztuta neukan eta aita galtzean ohartu naiz familia bakarra eta betirako dela. Lehen musika besta egiteko modu bat zen, kontzertura joan eta atxurra harrapatzea. Orain serioago hartzen ditut gauzak.


Ez esan ez duzunik diskorik pirateatzen!


Nik ez dut arazorik pirateriarekin. Jendeak nire musika entzutea nahi dut, berdin zait erosita ala Internetetik jaitsita izan. Guk jendearengana iritsi behar dugu. Diskoetxeentzat putada bat dela? ...


Gaixoak, krisian daude.


Diskoetxeak beti daude krisian, eta hala ez balitz ere, krisian daudela esango lukete. Zer nahi duzu, doan lortu litekeen disko bat hemeretzi eurotan saldu nahi baduzu...

Subentzioa eskatu!


Niri urtero Kepa Junkerari baino diru gehiago ematen didate, kar kar kar. Afera hau injustizia puru-purua izan da. Lagunarteko kontu bat dirudi subentzio sistema bat baino gehiago. Dena den, beti gertatu den zerbait da eta beti gertatuko dela dirudi.

Betikoa, esplikatu behar ez dena esplikatzeko dagoen joera!


Ez zait nire kantuak esplikatzea gustatzen. Zer axola du zer esan nahi izan dudan kantu batean, hitz bat bakoitzak bere erara interpreta badezake?


Aizu, ni naiz galderak egiten dituena, e.


Agian, kantu bat ez da inoiz zurea. Kantua kantuarena da. Zergatik izan behar da abesti bat zurea? Zuk egin duzulako? Disko batean grabatu duzulako?


Ez kontrabandista eta ez musikaria, politikaria ematen duzu!


Baina kantu bat kantu bat da eta politika, politika. Horregatik diot nik kantuak egiten ditudala eta ez dudala mitinik ematen.