«Tarteka plazaz plazako zirkuitutik distantzia hartzea beharrezko da»

  • Parentesien ostean bildu gara bosgarrenez Bizkaiko Txapeldun denarekin. Gu ta Gutarrak proiektuarekin plazaz plazako ibileran parentesia egin zuen iaz. Gabonetako parentesiak finalaren zurrunbiloa barealdira ekartzen lagundu dio. Bere ibilbidearen gailur eta zuloez, bere bertsokeraren gakoez eta bertsolaritzako indar eta inertziez hitz egin du.
Igor Elortza
Dani Blanco

Zer momentutan iritsi da bosgarren txapela?


Nire ibilbidea bertso eskolan hasi eta plazan leku bat goiz xamar lortu zuen belaunaldiarena da. Nire zero puntua 1990eko Bizkaiko Txapelketan kokatuko nuke: Unai Iturriaga eta biok 15-16 urterekin finalean sartu ginen, Bizkaiko bertsogintzan hutsune bat zegoelako. Lopategi, Amuriza, Azpillaga, Mugartegi, Enbeita... belaunaldi hori Euskal Herriko gorengo mailan zebilen, baina hortik aurrera hutsunea zegoen, Txiplasek, Arriolatarrek, Respaldizak eta Aritz Lopategik betetzen zutena. Final horrekin bete betean sartu ginen bertso plazetan, bertsolari izatea zer zen jakin barik, dezenteko ardura batzuk hartzen, jende nagusiarekin plazaz plaza kantuan... Horren ostean, eta hau ere gure belaunaldikoen ezaugarria da, krisi gogor xamar bat etorri zitzaidan. Inertzia batean zabiltza, eta hori lotzen da bertso mailaren utzikeriarekin... eta zelango edo halango porrota heltzen da: 1997ko Txapelketa Nagusiko finalera sartu ziren nire belaunaldiko hainbat, eta ateetan geratzeak kolpea eragin zidan: “izan gura duzu edo ez?” esanarazi zidan. Horri lotuta etorri zen Bizkaiko 1998ko txapelketa, neure buruari banintzela erakutsi beharrarekin joan nintzelako. Ordutik honako ibilbidea kontzienteagoa dela esango nuke.

Azken urteotan etorri dira Euskal Herriko finalak, Bizkaiko hainbat txapel, plaza asko, Gu ta Gutarrak... Momentu honetan ikusten dut bertsoak egiteko inoizko gaitasun handiena daukadala. Eta plazatan eta txapelketetan hainbeste urtez aritzeak halako patxada ematen du bertsotan egiterakoan. Baina aldi berean ikusten dut, eta hau agian belaunaldi osora zabaldu daiteke, momenturik onenean nagoela neure proposamenak plazaratzeko. Hori egiteko ardura ere sentitzen dut, eta nahi ez dudana da inertzia batean ibiltzea. Plazaz plaza funtzio sozial oso garrantzitsua betetzen dugu eta gure indarraren zati handi bat hor dago, baina batzuetan hortik distantzia hartzea ere behar da, norberaren barruan zer grina dauden jakiteko.


Gu ta Gutarraken hartu duzu distantzia.


Bertso musikatu horiek egiteko arakatu egin dugu geure barruan zeri buruz gura genuen kantatzea, zer tonotan... Gaiak ez dira inongo berrikuntza, estiloa ere ez, baina plazaz plazako ibilian zehazki landu ezin izan ditugun gaiak dira, edo bat-batekotasunak ematen ez duen zehaztasunarekin landu ditugunak. Bertso jarrien eremua alde batera utzita daukagu, eta bide interesgarria da. Horrez gain, beste diziplina batzuetako jendearekin oholtza konpartitu dugu, baita afaritako mahaia ere, ardurak... Ikusi dugu gure kezkak ez direla gureak bakarrik. Hori dena ere oso garrantzitsua izan da, eta bertsotan iritsi ez garen hainbat lekutara iritsi gara.


Publikoarekiko harremana aldatzen da bertsolari edo “rockero” agertuta?


Ez, eremu hori mimoz zaindu dugulako. Horretan 7 Eskalerekin ez genuen beharbada hainbeste asmatu. Oraingoan gehiago flipatu dute musikariek. Gure tratua oso bertsolari ibilbidekoa izan da: antolatzaileekin afaldu dugu, ez gara managerrekin ibili... Diferentea dena da, jendaurrera egindako proposamen batekin agertzea edo bat-batekotasunarekin. Urte eta erdi honetan bertsotan aritu gara plazatan, baina oso gutxi, agenda Gu ta Gutarrak-ek bete digulako. Hasieran, bertso plazatan kokatzen kosta zitzaidan. Batetik, inoren menpe ibiltzera itzuli beharra zegoelako –orain altxa eta orain jarri, eta orain zara ez dakit nor...–. Eta bestetik, bat-batekotasunaren beraren inperfekzioagatik. Ni, gainera, berez nahiko perfekzionista naiz. Bestea oso landua da, mimo handiz egindakoa, eta gainera behin frogatuta ikusten duzu funtzionatzen duela: bagenekien non zituen bere momentu pisutsuak, baina batez ere bukaera aldera oso gora egiten zuela. Bat-bateko saio batean puntu gorena agian bigarren gaian dago, eta azkenera iristen zara ez dakit zelan. Baina hor du, era berean, bere alde polita.


Bertsotan zer da zuretzat gozamena?


Bat-batekotasunak misterio hori du, gutxien espero duzunean sortzen da txispa. Niretzat gero eta gauza garrantzitsuagoa da oholtza konpartitzen dugunen arteko konplizitatea, baina hori bera inertzia bihur daiteke, eta arriskutsua da. Garrantzitsua da miresmen artistiko puntu bat, eta intentziotan afinitate bat egotea, nahiz estilo desberdineko artistak izan. Bertsoaren balio estetikoari garrantzi handia ematen diot. Baina konturatzen naiz urte batzuetan horrekin obsesionatuegi egon naizela eta txispa pizteko hori baino garrantzitsuagoa dela sarritan oholtzakideekin duzun harreman sarea, eta aurrean duzun publikoarekin duzuna, edo momentuan dagoen herri giroa...


Aurreko Bizkaiko Txapelketan ez zenuen parte hartu. Posible da txapelketan parte hartu gabe plazetan lekua izatea?


Iturriaga eta bion kasuan, plazaz-plazako ibilitik parentesi hori egitea pentsatutakoa zen. Plaza-plazako inertzia apurtzeko gogoa lehenagotik genuen, azken Euskal Herriko Txapelketan jada erabaki genuen hurrengo Bizkaikoan ez parte hartzea, “7 Eskaleren antzeko zerbait” egiteko.

Badira izen batzuk esaten dutenak posible dela: Peñagarikano plazan asko dabil, Lizaso bat ere bai, eta azken txapelketetan pole positionari dagokionez emaitza onegirik jaso ez duen Irazu asko dabil plazan. Eragina beti dauka, ez dago dudarik. Jende berria agertu ahala beste batzuek desagertu beharra daukate.

Nik aurtengo Bizkaiko Txapelketan ez dut izan beldur larregirik. Ez dut uste demostratu behar dudanik txapel bat janzteko kapaz naizenik. Erakutsi behar dudana da nire bertso ibilbidean koska bat garatzen ari naizela. Ibilbide bat daramazunean, hainbatetan erakutsi duzunean hor ibiltzeko maila duzula eta bertsozaleek zure bertsokera eta nortasuna ezagutzen dutenean, ez dut uste hain garrantzitsua denik. Baina oraindik plazarik egiten ez duenarentzat ezinbestekoa da, eta behin baino gehiagotan frogatu ez duenarentzat ere izan liteke.

Zure bertsogintzan koska hori zein izan da?


Batetik arduratuta nengoen grina puntu bat falta nuelako, denbora bat bazen betiko diskoak entzuten nituena, zinera oso gutxi joaten nintzena, libururik ganoraz irakurtzen ez nuena... Sortzeko grina hori elikatzen saiatu naiz, baina hori zuzenean bertsoekin lotzea arriskutsua da, ez dut horrelako ezer egin –liburu bat irakurri eta hurrengo saioan ez dakit zer egiten saiatu–.

Betiko eztabaida famatu bat bada, forma eta edukiarena. Nire ustez txarto planteatua dago debatea, bi berba horiek hartu izanagatik. Nik zeresana eta esateko modua deitzen diet, eta niretzat garrantzitsuena zeresana da, baina esateko modua ezinbestekoa da. Zeresana eduki dezaket planetaren berokuntzaz, baina horrekin egin nezake mitin bat, ipuin bat, laburmetrai bat, edo bertso bat. Adierazpen bakoitzak bere baliabideak dauzka, horrek beti erakarri nau eta horretan ere egin dut ahalegina. Lanketa modu hau ustez zehatzagoa da bestea baino, baina modu intuitiboan egin behar da lan hori ere, errima zerrenda bat ez baita hoskideak diren hitzen zerrenda bat bakarrik: hitz abstraktuak edo zehatzak erabiliko dituzun erabakitzen ari zara, sintaxi mota bat definitzen, mundu erreferentzial bat adierazten... Doinu eta metrikarekin beste hainbeste.


Bizkaiko bertsogintza nola ikusten duzu?


Bizkaiko bertsozaleetan badago asko dakien jendea, baina bere burua ez dauka aditutzat. Guretzat oso entzule ona da, ez delako bertsolaria neurtzen egoten.

Bertsolarien aldetik, berriz, orain egoera nahiko sendoa ikusten dut, finala da horren erakusgarri. Hiru belaunaldi geunden oholtza horretan. Gure belaunaldian, jende batek “gora” iristea lortu ez zuenean, nahiko arin utzi zuen bertsolaritza. Hurrengo belaunaldietakoek, ostera, euren zirkuituetan jarraitu dute. Hori osasunaren adierazle da, jende horrek bere inguruan saioak egiten dituelako, gozatu egiten duelako bertsotan, eta denborarekin euren maila hobetu egin dutelako. Eta atzetik gaztetxoagoak ere badatoz.

Lurraldeari begiratuta, zabaltzen ari gara: Enkarterrietan bertso eskolak martxan ari dira eta aurten lehen aldiz egin da eskualde horretako txapelketa.
Izarren hautsa
“Aspalditik neukan doinua erabiltzeko ideia. Melodikoki indar eta oihartzun handia du. Eta Maialen Lujanbiok hasi zuen joera narratibo horretarako egokia iruditzen zitzaidan, duen erritmoagatik. Baina behin eta berriz errepikatzen diren doinu hauek erritmorik bakoak iruditzen zaizkit, continuum sentsazioa sorrarazten didate. Horregatik gehitu nahi nion errima jokoa, estetikoki belarriarentzat ederra delako, baita erritmoa apurtzeko ere. Baina ez nuen puntu motz horiek harridura-esaldi solte izatea nahi. Eutsi nahi nion kantuaren hitzek duten jarraikortasun horri. Doinua fintzen Unai Iturriaga, Beñat Gaztelurrutia eta Unai Esturorekin aritu nintzen. Jarri diogun bukaera Laboaren beste kanta batena da, Sorterriko koblakena”.

Azkenak
Donostiako metroko Mirakontxa-Easo zatiaren lanek %164ko gainkostua dutela salatu dute

Satorralaiak plataformak eman du gainkostuaren berri, informazioa Jaurlaritzari eskatutako txosten batetik aterata. Donostiako metroaren Mirakontxa-Easo zatiaren lanak 53 milioi eurotan esleitu ziren, eta egungo aurrekontua 139,4 milioi eurokoa da. Donostiako metro-pasantearen... [+]


Haur miopeen gorakada handia, kezka iturri: “Kanpoan jolastea oso inportantea da”

Miopia gero eta gehiago eta gero eta lehenago ari da garatzen, eta horren arriskua da dioptriak gehitzen joatea eta helduaroan begiari lotutako hainbat gaitz izateko aukerak dezente handitzea. “Eguzki-argia jasotzea inportantea da, eta denbora asko ez igarotzea oso gertu... [+]


M8an faxismoaren kontra eta aliantza feministen alde egingo du Euskal Herriko Mugimendu Feministak

Martxoaren 8an kalera ateratzera deitu ditu herritarrak mugimendu feministak, "desberdinkeriek bere horretan" dirautelako. Zapalkuntza mekanismo berriak agertu direla salatu dute, eta feminismoa "ezkerreko borroken erdigunera" eramateko beharra... [+]


M3moria Auzolana ekimena sortu dute, Martxoak 3ko grebekin loturiko objektuak eta testigantzak biltzeko

Martxoaren 3ko Memoriala hornitzeko erabiliko dira bildutako objektuak. Ekimena ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz, jardunaldiak antolatuko ditu Martxoak 3 elkarteak Gasteizko auzoetan.


12-18 urteko ikasleak zaintzaz gogoetatzen jarri ditu Euskadiko VII. Olinpiada Filosofikoak

Une delikatua igarotzen ari den zure lagun minak Taylor Swiften kontzertura joatea proposatu dizu, baina kide zaren elkarte ekologistak elkarretaratzea deitu du, abeslariak sortuko duen kutsadura salatzeko; nora joango zara? Dilema etiko horri erantzun diote gazteek, baita... [+]


Punto de Vista: mundua pantailan ikusteko beste modu bat

Otsailaren 24tik eta martxoaren 1era bitartean, astebetez 60 lan proiektatuko dituzte Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdian. Hamar film luze eta zazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean; tartean mundu mailako lau estreinaldi eta Maddi Barber eta Marina Lameiro... [+]


PSNk AHTaren Gasteizko lotunearen alde egin du, Ezkiokoa ez dela “bideragarria” argudiatuta

"Gasteiztik egin ezean, ez da egingo", adierazi du PSNren bozeramaile Ramón Alzorrizek. Kontra azaldu dira Geroa Bai, UPN eta PP.


CAFek Jerusalemgo tranbiaren proiektua utz dezala eskatzeko manifestaziora deitu du BDZk

Larunbatean egindako prentsaurrekoan adierazi dute manifestazioa ekainak 14an Donostian egingo dutela. 130 kolektibo, alderdi politiko eta sindikatu batu zaizkie eta "atxikimendu kanpaina oraindik zabalik dagoela" gogorarazi dute.


Famili'on egonaldi ibiltaria aurkeztu dute lehendabizikoz Baionan

Plazara, AEK, Uda Leku, Dindaia eta Ebete antolakundeak Baionan elkartu dira Famili'on egonaldi ibiltariaren lehen edizioa aurkezteko. Hizkuntza mailaren arabera eskaintza bat edo beste egongo da eta haur zein gurasoentzat izango da udaberrian.


Hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote Mario López Gernikako saskibaloi entrenatzaileari

Neska adingabeari sexu abusuak era jarraituan egin zizkiola frogatutzat jo du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak.


25 urtez 300 haur bortxatu zituela aitortu duen zirujauaren aurkako epaiketa hasi da Frantzian

1989tik 2014ra, Frantzia mendebaldeko hainbat ospitaletan egindako erasoengatik epaituko dute. 74 urte ditu Joel Le Scouarnec zirujau ohiak, eta espetxean dago beste lau sexu eraso kasurengatik.


2025-02-25 | Angula Berria
Iratxe Sorzabal preso politikoaren absoluzioa eskatu dute Irunen

Iratxeren Bidasoaldeko Lagunak ekimenak deituta, dozenaka lagun kalera atera ziren atzo Iratxe Sorzabal preso politiko irundarraren absoluzioa eskatzeko eta behingoz etxera ekartzeko, torturak salatzeaz gain.


Paxkal Indo
“Apaizek jipoitzeko beldurrez, isiltasunak sekulako lekua zuen Betharramen”

Azken asteetan François Bayrou Frantziako lehen ministroaren harira ezaguna egin bada ere, aspalditik dira albiste Betharram eskola katolikoko apaizen gehiegikeriak. Lau urtez barnetegian ikasle izan zen Paxkal Indo lapurtarrarak Euskal Irratiaki adierazi eta ARGIAk... [+]


Hasi da AEBetako Greenpeace desagerrarazi dezakeen epaiketa

Greenpeaceko kideak Dakota Acces oliobidearen aurka protesta egiteagatik auzipetu dituzte eta astelehenean aztertu du salaketa Dakotako auzitegiak. AEBko Greenpeacek gaiaren inguruan jasango duen bigarren epaiketa izango da, lehenengo kasua epaile federal batek bota zuen atzera... [+]


2025-02-25 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Txinako Alderdi Komunista eta enpresa pribatu erraldoiak: tolerantziatik lankidetza goxora?

Otsailaren 17an Txinako Alderdi Komunistaren arduradun gorenak bildu ziren bertako enpresa pribatu handienen zuzendari nagusiekin. Ez da ohikoa aldi eta areto berberean Huawei, BYD, New Hope, Tencent, SWSC, Yushu, Xiaomi edo DeepSeek bezalako konpainien nagusi gorenak bilduta... [+]


Eguneraketa berriak daude