Hasieran aldi baterako krisialditzat jo zena, depresio handia bilakatu zen. Hainbat bankuk eta enpresek porrot egin zuten (5.000 bankuk 1929tik 1932ra) eta ondorioz langabeziaren gaitza zabaldu zen. 1932an, Amerikako Estatu Batuetan 12 milioi langabetu zeuden, Alemanian 6 milioi eta Ingalaterran 3 milioi. Kontsumoak behera egin zuenean, sektore pribatuaren inbertsioak %70 jaitsi ziren 1929an lortutakoekin alderatuta, eta enplegu, soldata eta prezioen adierazleak %50 inguru.
Depresio handia berehala zabaldu zen eta, bereziki, Amerikako Estatu Batuen menpe zeuden ekonomiei eragin zien, batez ere lehengaien esportazioan oinarritutako ekonomia zutenei. Bankuen porrotak enpresa asko eraman zituen herrestan, eta mailegurako ahalmena eta inbertsiorako mekanismoak muturreraino gutxitu zituen. Nazioarteko merkataritza asko murriztu zen. 1929an nazioarteko transakzioen bolumena 5.500 milioi dolarrekoa zen, gutxi gorabehera, eta 1932an 1.800 milioikoa besterik ez. Halaber, industriaren ekoizpenak %40 baino gehiago egin zuen behera 1929 eta 1932 artean.
1955a arte, 26 urte geroago, New Yorkeko burtsak ez zuen 1929ko maila lortu. Dow Jones-ek 1972an gainditu zituen 1.000 puntuak. 2000. urteko urtarrilaren 14an lortu zuen maximo historikoa, 11.722,98 punturi esker.