argia.eus
INPRIMATU
Bergara urdina
Jakoba Errekondo 2013ko maiatzaren 02a
Boterea eraikitzen zuten jantzien koloreek. Batek baino gehiagok galduko zuten lepoa tindagaiak eskuratzeko ahaleginetan. Espezia garestienena bezala, tindagai trafikoa gobernatzea guda eta okupazio aitzakia izan zen. Esate baterako, kukurrutxa gorrigai amerikarrak gerra ontzitan Espainiaratzea agindu zuen Felipe III.ak. Alferrikako errege alferrontzi haren idazkari Mateo Urkina bergararra aritu zen. Bergaran ere nagusiak txapela, boneta, birrete, mitra gorriz ibiliko ziren, baina urdina nagusi. Ehungintzaren euskal historian ezin ahantzi “Bergara urdina” deitzen dena. Simancaseko artxiboan omen dago Espainiako alferrontzi katolikoek, 1497an, dagoenerako, Bergarako ehungileen ordenantzari beren oniritzia ematen dioten dokumentua. Nola urdintzen ote zituzten orduan kotoizko ehun sonatuak?
 
Horretarako genuen urdin-belarra, Isatis tinctoria. Landare horren hostoak txikitu eta hartzituta sortzen da tindagaia. J. Crawfurd batek, Royal Anthropological Institute of Great Britain and Ireland-en eskutik 1869an argitaratutako On the history and Migration of textile and tinctorial plants in reference to Ethnology artikuluan, haren erabilera zaharraren lekuko jartzen du euskaraz duen urdin-belarra izena. Asia aldetik etorritako landare horren lehen arrastoak Neolitokoak dira, Frantziako Audoste leizekoak. Duela 2.500en bat urteko Europa erdialdeko hilobi ugaritan topatutako jantziak urdin-belarrez urdinduta daude. Agi denean, zeltek borrokarako soina urdinez margotzen zuten. Soina estali ahala, ehunek eta haien tindagaiek gero eta garrantzi handiagoa. Urdin-belarra Frantzian eta Alemanian lantzen zen, batik bat. Alemanian, Erfurten unibertsitatea, eta Frantzian, besteak beste, Amienseko katedrala eta Tolosan makina bat jauregi galant eraiki zen belar honen sosekin. Industria aberats haren lekuko, oraindik ere Tolosa inguruari Pays de la Cocagne deitzen zaio, hau da, pagotxaren edo mantxungaren lurra.