Aljeriako Oran hiriaren aldamenean frantziar fraideek zuten umezurztegian negu oro berritzen den historia polita abiatu zen 1902an, izenak berberez “toki beroa” adierazten duen Misserghin herrian. Clément Rodier fraideak zurtzetako mutil kozkor koadrila bat fruitu ezezagun batzuk gozamenez jaten “harrapatu” zituen. Eta berari ere gustatu... Fruta-arbola txertoz ugaldu eta bere ohorez Klementina deritzan mandarina barietatea zabaldu zuen: erraz zuritzen den azal gorrizta eta hazi urriko aleak dituena. Gerora Asiatik ekarritako laranja mikatzaren (Citrus aurantium var. amara) eta mandarina arruntaren arteko hibrido zaharra dela jakin da, Saigonen, Txinan eta Japonian ezagunak diren beste barietate batzuen ahizpa bixkia. Fraidearen izena ez du galdu horregatik.