argia.eus
INPRIMATU
Urre gorria
Jakoba Errekondo 2013ko maiatzaren 02a
Gogoaren eta emozioen aldartea dantzatzeko gai dira koloreak. Beharbada horregatik kultura ugaritan dute koloreek duten zama moral eta espirituala. Gorriak Europan boterea adierazten zuen. Eta gorrigaia garesti: Mediterraneo ekialdeko kulturen sasoi gorenetan itsas barraskiloa eta Erdi Aroko garai ilunetan abaritzaren kukurrutxa (Kermes vermilio). Beste kukurrutxa pare bat ere izan da europarron botere gosearen biktima: Porphyrophora polonica poloniarra eta lezkaren Porphyrophora hameli armeniarra.

Antzeko zerbait gertatzen zen Ameriketan. Inkek eta aztekek koloreen kodea ere gogoko zuten eta, arraioa! mundu guztia bat, kukurrutxak zituzten gorrigai. Indipikondoaren –Opuntia ficus-indica– kukurrutxak 1523an ekarri omen zituzten, dagoenerako, Europara. Laster Espainiarentzako diru iturri garrantzitsu bilakatu zen. Bertan egiten zirenen aldean merkea, nonbait, eta urrea eta zilarraren ondoren zubi atlantikoa zeharkatzen zuen gai ugariena zen. Pentsa, metal preziatu horien antzera bidaia gerra-ontzietan egin behar zuela agindu zuen Felipe III.ak. Lapurra lapurren beldur. 1559an kukurrutxa amerikar horiek lantzeko gida argitaratu zen, eta 1572an Europa aldera bidaltzen zen kukurrutxa-orearen kalitatea bermatzeko epaitegi berezia sortu zen Mexikon, grana-epailea deiturikoaren esku zena. Ondoren Filipinetara, Kanarietara, Espainiara... eraman zituzten landarea eta haren bizkarroia. XIX. mendean armada ingeleseko gudarien jakak bezala, pintatutako ezpainetan barrena zihoan Cinzano sonatua, denak gorritzen zituen kukurrutxa hauen odolak. Mende horren erditik atzera asmaturiko anilina sintetikoen industriak laster hondoratu zuen, haatik, kukurrutxagintza.