argia.eus
INPRIMATU
Sinestezina
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxemari Ostolaza
Sinestezina zait euskal atxilotuek, edonor eta edozein izanda ere, adierazten duten motiboa ETArekiko menpekotasun estrategikoa dela torturatuak izan direla salatzean. Hainbeste denbora igarota, onartezina zait komisaldegiak eta koartelilloak tortura guneak direnik sinestea, frankismoak bere bereak zituen ezaugarriak demokraziak gainditu eta ezabatu ez dituenik sinestea. Izan ere, seguritate indarren eskuetatik pasatakoek bikain deskribatzen dituzte han igarotakoak, poltsaz itotze larriak, kolpeak, biluzte bortxatuak emakumeen kasuetan bereziki, bainerak, bortxatze imintzioak... ETAren gidoia jarraitzen omen dute salbuespenik gabe. Urteak joan urteak jin, egoera hau ez da aldatzen azken arrestatuek frogatu bezala. Amnistia Internazionalari ziria sartu diote, torturak badirela sinetsi baino frogatua duela esaten baitu. Eta iritzi publikoaren sortzaileak asaldaturik daude tamainako gezurrarekin, komisaldegietan eta koartelillotan tortura ur zikin ustela bezain ohikoa dela errealitate asmatuarekin. Demokraziaren aurkako konspirazioa, besterik ez. Abokatuak, medikoak, protokolo bermatzaileak. Oro du alde atxilo denak. Hala ere, salaketa izugarriak egiten ditu, antzeztu. Eta torturatua izan ez denak nola kristo egin dezake antzerki hori, nik ezin ulertu. Hau korapiloa. Fedea ez da inozentea.