Masanobu Fukuoka: lasto izpi batean datza iraultza

  • Ez bakarrik pozoirik eta ongarri sintetikorik gabe, soro-baratzeak goldatu eta jorratu gabe lantzea aldarrikatu zuen Masanobu Fukuokak, nekazaritza naturalaren aitzindariak. Laborantzak naturarekiko errespetuan eta gizakiaren garatze espirituzkoan oinarritu behar duela zioen.
Net

Lurra lantzearen helburua ez da uztak haztea, baizik eta gizakiak hazi eta perfekzionatzea”. Hitzok Masanobu Fukuokak esanak dira. Nekazaritza bide espiritualtzat jorratu zuen Fukuoka abuztuaren 16an hil zen, 95 urterekin. Askorentzako, iraultza ekarri zion laborantzari, ofizio hau taoismoan oinarritutako filosofiarekin uztartuta “nekazaritza naturala” landu baitzuen. Lurgintzako eredu industrialetik aldenduta eredu alternatiboetan ari diren baserritarrek erreferentzia baztertu ezinezkotzat daukate.

Fukuoka jotzen dute batzuek Permakultura deitzen den ereduaren aitzindari. Egia esan, nekazaritza edo baratzegintza ez-industriala egiten duen edonork aurkituko ditu bere ideietako asko japoniarraren idatzietan islatuta. Baina Fukuokak oso era erradikalean bizi izan zuen naturarekiko harremana. Ez goldatu edo aitzurtu, ez erabili ez ongarririk eta ez pestizidarik, ez kendu belar txarrik, ez inausi edo kimatu. Lau printzipio erradikalok eta mendietan baso berriak sortzeko haziak buztinezko bolatxotan barreiatzea (nendo dango teknika), horiek dira Masanobu Fukuokaren ereduaren ezaugarri nabarmenenak.

Hiru liburutan utzi zituen ideiok bildurik: “Lasto izpi baten iraultza” (gaztelaniaz La revolución de una brizna de paja doan eskura daiteke Internetez), “Lurgintzaren bide naturala” eta “Naturara itzuli”. Dena dela, 60 urte bete ondoren hasi zen idatzi eta publikatzen. Aurretik, bizi osoa familiako etxaldean eman zuen, natura ezagutu eta baratzea lantzen.

Fukuoka 1913an sortu zen Japoniako hegoaldeko Shikoku uhartean, nekazari familia batean. Mikrobiologia ikasketak egin zituen eta landareen gaixotasunetan espezialdu. 25 urterekin funtzionario lan on eta segurua zeukan arren, sorterrira itzuli zen, bihozkada batek behartuta: lurrarekin adiskidetasunean eta behar baino lan gehiago eskatuko ez zuen laborantza behar zuela aurkitu.

“Lasto izpi baten iraultza” japonieratik ingelesera itzuli zuen Larry Korn-ek liburuaren hitzaurrean kontatzen du nola Fukuokak eredu berriaren gakoetako bat aurkitu zuen soroetan zebilela. “Kasualitatez, urte luzez landu gabe utzitako alor batean topatu zituen arroz landare sendoak belar gotorren artean”. Natura hori egiteko gauza bazen, zertarako hainbeste lan?

Jarduera guztia naturaren erritmoari egokitzen hasi zen Fukuoka. Hasteko, arroz haziak udaberrian ereiteko ordez, udazkenean erein, naturan lurrera berez eroriko liratekeen sasoian alegia. Ez gehiago ureztatu arroztiak. Ez goldatu lurrik. Belar txarrak kentzeko ez gehiago aitzurtu. Honen ordez, hirusta zuria erein alor osoan, eta era berean gari edo olo landareen lastoz estali zorua. Ororen buru, saiatzen zen naturari ahalik eta oztopo gutxien jartzen haziak erein eta uztak bildu arteko bidean. Bestalde, arbolak ez zituen inausten, beren kasa hazten lagatzen zien.

Lurrak, antzinako molde zaharrean landua izan bada, eta zer esanik ez eredu industrialean erabili baldin badute, hogei urtetik gora behar omen ditu berriro bere onera etortzeko, baina sendatzea posible dela uste zuen Fukuokak. Ez hori bakarrik, metodo naturalean lortu omen daitezke goldaketaz eta ongarri kimikoekin eskuratzen diren adinako uztak, produktu osasungarriagoekin gainera.

“Nendo-dango” idortua hezetzeko

Masanobu Fukuokaren burubideak Zen budismoaren eta Tao Te King-aren ildoan oinarritzen dira. Hauetan funtsezkoa da “Wu Wei” ideia, batzuek “ez egitea” itzultzen dutena eta besteek “ez eskuhartzea”. Edozein gatazkatan legez, taoistek lurrarekiko harremana ere “egin gabe egitean” oinarrituko lukete.

“Nekazaritza da –idatzi du Fukuokak– jarduera bat non laborariak bere burua naturari egokitu behar baitio. Horretarako, arroz landareari begiratu behar diozu eta entzun berak esandako hitzak. Landareak esaten dizuna ulertzen baduzu, zure bihotza egokitzen diozu landarearenari eta orduan zaindu egiten duzu. Egia esan, ez dugu hura zertan zaindurik. Landarea bera haziko da. Guk naturari zerbitzea baizik ez dugu egiten. (...) Ez naiz ari landarea behatzeaz, honela zuregandik ezberdina den objektu bihurtuko duzu eta. Hitzez esplikatzea oso zaila da hau. Nolabait esateko, zerorrek bihurtu behar duzu arroz landare, zu-zeu desagertu arte begira dagoen subjektu moduan”.

Naturarekin borrokan baino naturarekin bat eginda lan egitea da Fukuokaren ideia nagusia: landareek eta animaliek, ortuzain gehienok kaltegarritzat dauzkagunak barne, sakonetik ezagutu, haien arteko loturak ulertu eta gure lana haietara egokitzea. Laborariek egindako lan gehienak alferrikakoak, neketsuak eta naturarentzako kaltegarriak direla uste du, eta horren ordez lurrak bere mozkinak eman ditzan prozesuetan ahalik eta gutxien esku hartzea proposatzen.

Hondatutako parajeak eta desertu bihurtutako eremuak berriro berdearazteko sistemak, nendo dango izenekoak, egin du famatu leku askotan Masanobu Fukuoka. Sekretua datza haziak buztinezko bolatxoetan bilduta ereitean.

Oihanez jantzi nahi den eremua aztertu eta bertarako egokitutako landareen haziak biltzen dira lehenbizi. Sarritan 100 hazi ezberdin behar dira, ekosistemak ondo eta azkar arnasa hartu dezan, batetik zuhaitzak, bestetik belar, landare eta sastrakak... Pikorrei sendotasuna emateko kotoia eta papera ere gehitu dakizkieke. Denak nahastu eta pixkana buztina eta ura eransten zaie, orea eten gabe nahastuz, hazien inguruan bi edo hiru zentimetroko diametrodun pikorrak bildu arte. Itzalean lehortu ondoren, soro edo eremuetan jaurtitzeko prest daude. Animaliek ez dituzte jango, eta hurrengo euriarekin hasiko dira ernetzen, nor bere sasoian.

Milaka ikasle pasatu ziren Masanobu Fukuokaren etxaldetik, nekazaritza naturalaz jantzi nahian. Maisu zaharrak berriz mundua korritu du hitzaldiak emanez. Zahartzaroan Fukuokak gero eta presa handiagoa zeukan munduan zehar ahalik eta nendo dango gehien barreiatu zedin. Basoen eta bioaniztasunaren galerak ikaratzen zuen. Azkar mugitu behar zela zioen.

Duela gutxi agureak elkarrizketagile bati erantzun zion: “Esaten dizut liburuak harrika botatzeko, ez duzuela hainbeste pentsatu behar. Artikuluan jar ezazu nahi duzuna, baina azken lerroetan ipini: ‘Elkarrizketa honek ez du ezertarako balio’. Buztinezko bolatxoak erein behar ditugu fite, ez zaigu-eta astirik geratzen”.

Argazki oina: Irudian Masanobu Fukuoka etxeko atarian jezarrita. Berak nekazaritza naturala deitzen zuena naturaren ezagutzarekin adina lotzen zuen bizipen espiritualarekin, baina argi adieraziz berezko nekazaritza egiteko ez dagoela pentsakera jakin batekoa izan beharrik. Mundu osotik hurbildu zitzaizkion jendeak ate joka, lurgintza sakonago ezagutu nahiz, eta Fukuokak mundua korritu zuen hizlari zahartzaroan. Azken urteetan burubide nagusi zuen nendo-dango teknika –ikusi bolatxoak irudi txikian– denetan zabaltzea. Ziur zen haziz hornitutako buztinezko bolatxoak erabiliz Mediterraneoko paraje idortuak berriro oihaneztatu daitezkeela, eta munduko basamortu asko ere bai. “Ez esku hartzea” aldarrikatzen zuen Fukuoka tai gabeko ekintzan aritu zen hil artio.
Informazio gehiago

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nendo Dango
2015-01-28 | Estitxu Eizagirre
Zabortegi bat berreskuratzeko modu onena

Zangozan landatutako 1.000 horiekin, dagoeneko 20.000 zuhaitz inguru dituzte Nafarroako ikastolen Oinez Basoek. Argia Egunean (Usurbilen iazko irailean) eginiko hazi eta buztin bolak izan ziren zabortegiko lurrak berreskuratzeko argiazaleon ekarpena.


2015-01-14 | Estitxu Eizagirre
Larunbatean 1.000 zuhaitz landatuko dituzte Zangozako Oinez Basoan

Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta bertako ikastolak antolaturik, Zangozako zabortegi zaharreko lurra berreskuratuko du basoak, “La Celada” deituriko parajean. Bertan jaurtiko ditugu Argia Egunean haziz eta buztinez eginiko nendo-dango bolaxkak ere.


2014-09-18 | Estitxu Eizagirre
ARGIA Eguna
Bizi egun bat ARGIAren baloreetan

Jasangarritasuna, parekidetasuna, lurraldetasuna, euskaltzaletasuna eta parte-hartzea. Bost balio horiek hartu ditugu kontuan egitaraua adosterakoan, oholtzaratuko diren izenak bilatzerakoan, zerbitzatuko ditugun elikagaiak hautatzerakoan...Hona irailaren 27an Usurbilen... [+]


ARGIA Eguna
‘Nendo Dango’: argiazaleon aleak ama lurrari biziberritzen laguntzeko

Zuhaitz, sastraka eta beste landareen haziak nahastu buztin eta konpostetan, bola txikitan bildu eta erein. Beste edozein jolas bezain atsegina da Argia Egunean praktikatuko dugun Nendo Dangoa eta, gainera, gizakiok antzutu ditugun lur eremuei arnas berria itsatsiko diegu.


Hasi Nendo Dango atelierrerako haziak biltzen

Nendo Dango tailerra dago antolatuta, beste hainbat ekitaldiren artean, irailaren 27ko ARGIA Egunerako Usurbilen. Teknikaren zehaztapenak “Hazitik hasita mundua oihantzeko” kronikan azalduta daudenez, hona laburpena.


2014-07-23
ARGIA Eguna irailaren 27an Usurbilen
ARGIA ezagutzeko festa, oso gure erakoa

Euskaltzaleak, ARGIAko irakurleak, langileak, kolaboratzaileak, harpidedunak, blogariak, sare sozialetako jarraitzaileak... azken finean, ARGIAren inguruan batzen garen komunitatea elkar ezagutu eta egun eder bat pasatzeko aukera emango digu aurten berreskuratuko dugun ARGIA... [+]


Nengo Dango
Hazitik hasita mundua oihantzeko

Noizbait basoz beteta egon zen ludia berriro oihanez beztitu beharra dago, edonork dakienez. Itsasoaz gain, zuhaizpeetan datza bioaniztasuna, klimaren erregulazioa eta elikadurak ekoizteko beharrezkoa den lurzorua bera. Masanobu Fukuokak asmatutako “Nendo Dango”... [+]


2011-10-30
Nendo Dango: hazitik hasita mundua oihantzeko

Noizbait basoz beteta egon zen ludia berriro oihanez beztitu beharra dago, edonork dakienez. Itsasoaz gain, zuhaizpeetan datza bioaniztasuna, klimaren erregulazioa eta elikadurak ekoizteko beharrezkoa den lurzorua bera. Masanobu Fukuokak asmatutako “Nendo Dango”... [+]


2008-12-21
Masanobu Fukuoka: lasto izpi batean datza iraultza

Ez bakarrik pozoirik eta ongarri sintetikorik gabe, soro-baratzeak goldatu eta jorratu gabe lantzea aldarrikatu zuen Masanobu Fukuokak, nekazaritza naturalaren aitzindariak. Laborantzak naturarekiko errespetuan eta gizakiaren garatze espirituzkoan oinarritu behar duela zioen.


Eguneraketa berriak daude