argia.eus
INPRIMATU
Hagina
Jakoba Errekondo 2013ko maiatzaren 02a
Hagina
Karaitzezko labanen artean jaio eta bertan bizi behar! Gure larre mendi zabalenak karezkoak dira. Karea uraren eta haizearen eraginez erraz higatzen da, eta higadurak paisaia harrigarriak sortzen ditu. Prozesua Italia, Eslovenia eta Kroazia arteko Karst eskualdean ikertu izan da batik bat, eta horrexegatik karstiko deitzen zaio paisaje horri.

Argazkiko hagina (Taxus baccata) Aralarren bizi da. Beskingo Bordako lagunei egindako bisita batean topatu nuen. Hagina, artea eta abar ez omen dira azkar hazten, ez berriz ere! Argazkikoa bezalako muturreko tokietan besterik ez diegu bizitzen uzten eta! Hagin honek ere harrapatuko luke erreka bazterren bateko uholdeek ekarritako lur beltz gozoa! Labanak bezalako harkaitz tarte honetan bizitzeko behar dituen jaki eta ur apurrak topatzeko, zainak zenbateraino luzatuta dituen jakin nahi nuke.