argia.eus
INPRIMATU
Berotegi efektuak izotzaz defendatzea galaraz diezaieke Antartikako arrainei
Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko maiatzaren 02a
Antartikako arrainak
Ozeano Antartikoan bizi diren arrainen %90 nototenoideo familiakoak dira. Betidanik zientzialarien interesa piztu dute, oso ur hotzetan bizitzeko duten gaitasuna dela eta.

60ko hamarkadan, Illinoiseko Unibertsitateko (AEB) Arthur DeVries ikerlariak izotzaren aurkako proteinak topatu zituen arrainetan; proteina horiek odolean sortzen diren izotz kristalekin nahastu eta haiek desegiten dituzte.

Orain, unibertsitate bereko Chi-Hing Christina Cheng-ek proteina horiek nola sortzen diren aztertu du, eta urteetako moldaketa genetikoaren ondorioa direla ebatzi du. Baina milaka urtetako prozesuak aurkako bidea egin dezake berotegi efektua areagotzen bada. Horretarako, milaka urte ez, hamarkada gutxi batzuk baino ez lirateke behar izango, eta arrainek ez lukete egokitzapenerako astirik edukiko.