Ezaguna da gizakiak fusio nuklearrarenganako duen itxaropena: zentral nuklearretan erabiltzen den fisioak ez bezala, fusioak ez du hondakin erradioaktiborik ematen. Baina teknologiak, arlo honi dagokionez, oso astiro egiten du aurrera –edo hala sinestarazi nahi digute behintzat–, eta noizean behin baino ez da azaltzen zerbait interesgarri. Berriki, aurrerapauso horietako bat izan da Erresuma Batuan, Vulcan laserrari esker.
Izarren barnean, fusio nuklearra berez gertatzen da. Vulcan laserrarekin lortu egin da Eguzkian dagoenaren antzeko tenperatura sortzea, oso denbora laburrez bada ere. Halako balentria lortzen den lehenbiziko aldia ez den arren, oraingoan inoiz baino materia zati handiagoa berotu ahal izan da. Aurrerapausoa, baina oso txikia. Izan ere, Eguzkian, materiak jasaten dituen grabitate-tentsioei esker, tenperatura hori aski da fusioa gertatzeko. Baina Lurraren baldintzetan, lortutako tenperaturaren halako hamar behar genuke.