«Estatuaren ardurak ttipitzen ari dira Nicolas Sarkozyrekin»

  • Izpura, 1952 (Nafarroa Beherea). Frantziako Alderdi Sozialistako (PS) kidea da. Akitaniako Kontseiluko lehendakariordea eta Departamenduko Kontseilu Nagusiko hautetsia. Bere herrian irakaslea eta auzapez izana. Bordele, Paue eta Baionan ari da politikagintzan. Ez du geroan Parisen diputatu izatearen ideia baztertzen.
Frantxoa Maitia
Gaizka Iroz
Ipar Euskal Herriko Alderdi Sozialistako (PS) burua da. Alderdian ez diote bidea errazten, alta. Esaterako, Frantziako Asanblea Nazionalean diputatu izateko lehia gogorrak izan ditu: “2007an hautagai izan nintzen alderdian. Departamenduko buruzagiak ez ziren ados, ene desmartxa arras trabatu zuten, tranpak egiten zituzten. Henri Emmanuellik moztu zidan bidea. Militanteek nire alde bozkatu zuten, halere. Haien aukera ez zen ona izan, ordea. Nik aurreko bozketan bildu nuen bozen %6 gutxiago bildu baitzuen hautagaiak” erran digu Frantxoa Maitiak. Lionel Jospin lehen ministro ohiaren ildokoa da Maitia. Emmanuelli aldiz, Jospin-en lehiakidea izan da PSn”.

Martine Aubry da PSko idazkari nagusi berria. Lehia gogorra izan da, eta alderdia zatitua dela aipatu da. Nola bizi duzu alderdiaren egoera?


Hauteskundeen aitzinetik, alderdiko lau sektoreetarik hiru bateratuta ziren François Hollande idazkari nagusi ohiaren gerizpean: Aubry, Delanoe [Maitiak Delanoe sostengatu du] eta Royal. Zatiketak nahaskeriak sortu ditu alderdian. Egia da, bakoitzak gehiengo osoa ateratzea pentsatu zuen alderdia handizki gobernatzeko. Ororen buru, kongresuan ez da adostasunik izan, baina indarrak ez dira aldatu eta alderdia ez da arras zatituta. Aubry alderdia gobernatzeko maneran ikusten dut, baldin eta abilki jokatzen badu, bistan da.

Alderdia krisian dago, irudiz.


Beno... Oinarrizko kide sozialistek alimaleko atxikimendua diote alderdiari, horrek salbatzen du PS. Frantzian eskuinari ihardukitzeko alderdi bakarra PS ote den sentimendu azkarra dago. Frantziarrek biziki sufritzen dute oraingo politika txarra dela-eta: soldatek indarra galdu dute, zerbitzu publikoak peko errekara joaten ari dira. Horrek arrangura anitz sortu du. Badago aldaketarako gutizia. Alderdi Sozialista azkarra ez bada, nork ekar dezake aldaketa Frantzian?

François Mitterrand presidente garaiko Jacques Delors ministroa zenaren alaba da Martine Aubry. Nola oroitzen duzu orduko politika?


Nik Jacques Delors ezagutu nuen diputatu kargurako lehen aldikoz aurkeztu nintzenean, 25 urte nituen. Delors bera jin zitzaidan Garazira sostengatzera. Finantzen ministroa zen. Euskal Herriarendako desmartxa berriak sortzea proposatu nizkion. Herrikoa elkartea ekonomiaren sustapenerako sortu berria zen. Estatua Herrikoari diru laguntza azkarra emateko ados agertu zen. Ideia ez zen gauzatu, anartean Garapen Kontseiluaren sorrera eztabaidan baitzen. 1982 urtea zen, Departamenduaren eskaeraren aiduru ginen, baina Mitterrandek ezin izan zuen agindu zuena bete.


Estatua deszentralizatzeko bidea moztua geratu zen nolabait.


Bai. Mitterrandek Deszentralizazio Legea egin zuen Departamenduetako presidenteei botere handiagoa emateko eta prefetak kentzeko. Hemen, Departamenduko buruzagiek desmartxa geldiarazi zuten, presidenteak ez zuen nahi inola ere Euskal Herriko Departamendua eraikia izan zedin, RPRko eskuindarra zen. Mitterrand presidentearekin deszentralizazioa bideratzeko anitz neurri hartu ziren alta. Egungo Gobernua eta botereak berriz ere azkarki baztertzen ari direnak. Orduko Gobernuak, adibidez, Justizia Auzitegia zabaldu zuen Donapaleun, Sarkozy presidenteak berriki kendu diguna.

1982an, PS boterera heldu zelarik, sozialismoa gauzatzea posible ikusi zenuten halaber.


PSn sartu nintzenean kapitalismoa peko errekara joanen zela aipatzen zen. Baliabide iturriak ttipituz kapitalismoa geldiaraziko genuela erraten zen, bizpahiru urteren buruan eroriko zela. Mitterrand presidentea izanik ere, kapitalismoak zutik segitzen zuela ohartu ginen. Sistema biziki hertsia zen eta sozialistoi politika finkoa kudeatzera behartu zitzaigun. 1982an, Laurent Fabius lehen ministroa izan zelarik alternatiba berriak eztabaidatu ziren. Oneski erranik, sozialistok ez dugu sistema argia asmatu, oraino asmatzeko dago. Orain, kapitalismoa berriz ere krisian dago eta sozialistok Gobernuari Frantziako Estatuak kenka larriari aitzi egitea eskatzen diogu, herritarren zergak ongi bilduz eta dirua ongi partekatuz. Alabaina, Estatua ez da aski azkarra, Europako estatu guztiak sistema batean bildu behar direla diogu guk. Krisi garaian botere publikoek indar handiagoa hartzeko aukera dute, horrek gisa bateko sozialismo baten alde borrokatzeko gogoa eman beharko liguke. Agian, berriz ere, sozialistok beste aukera bat ukanen dugu.


Bakarrik nekez gauzatuko dena. Askotariko Ezkerra landu zen iraganean. Egingarria ikusten duzu orain?


Aldaketa izan dadin ezkerra bozkatu behar da, hasteko. Ezker hori ez da denen gustukoa izaten, baina eskuinarekiko diferentzia agerikoa da. Sozialistok ezkertiar guztiek ideia hori garbi izan behar dutela diogu: ekologistek, komunistek, LCRk eta erradikalek eskuinaren alternatiba bateratua prestatu behar dugula, hots. Maleruski ezkerreko parte batek ez du gobernatu nahi, ezkerraren ideia akuilu bezala erabili nahi du. Baina ideiak bakarrik ez dira aski, ideiak aplikatu behar dira. Gu gobernatzeko erantzukizuna hartzeko prest gaude. Ni ezkerreko lagunak konbentzitzeko programa bateratu eta landua osatzearen aldekoa naiz, sozialismoaren bidean aritzeko eta herritarren bilgune alternatiboa muntatzeko.

Departamenduaren eskaerara jinez, Ipar Euskal Herriko sozialista guztiek ez dute zure jarrera bera.


Ez. Alta, Iparraldeko federazio sozialista gero eta gehiago ari da Euskal Herriari begira. Estatuarekin sinatutako kontratuetako anitz ideia eta asmo Lionel Jospinen garaitik heldu dira. Euskal Herriko lurraldearen kudeaketa biziki aitzinatu da Garapen Kontseiluaren bitartez. Egia da, desmartxa ez dela duela hogei urte abiatu zenean espero bezain fite joan, baina asmoa sakonagoa da egun. Jendearen espirituetan gero eta indar gehiago hartu du Euskal Herriko 2020 izeneko egitasmoak.

Akitaniako Kontseiluak diru laguntza ekarri dio Euskal Herriko Laborantza Ganbarari (EHLG). Hainbatek harriduraz hartu du laguntza hori.


EHLG elkarte juridikoa da, ez elkarte publikoa. Duela bi urte ere Ganbara honek uraren gainean aurkeztu proiektu bati 500 euroko laguntza eman zitzaion. Orduko ekarpena txikia izan zen. Prefetak ez zigun inolako oharpenik egin. Ez dela lagundu zaion lehen aldia erran nahi dut. EHLGk laguntza eskatu izan digunean oposizio tinkoa izan da Akitaniako Kontseiluan, prefetak ere ez genuela lagundu behar erran du. Aldi honetan, Alain Rousset presidentea EHLGko buruekin bildu zen Bordeleko Laborantza Feria handiaren karietara. Elkarteak aurkeztutako asmoak ongi zehaztuak izanez gero Kontseiluak laguntza ekar ziezaiokeela erran zuen. 96.000 euroko laguntza ez da elkartearen funtzionamenduarentzat emana, proiektu zehatzendako baizik. Etxaldeen instalazioak eta mendiko laborantzako sor-marka ziurtatzeko tresneriak lagundu ditugu, gauza praktikoak dira.


Zer iritzi duzu Laborantza Ganbaraz?


Gauza oso interesgarriak ari da egiten. Ekimen eta ideia funtsezkoak ekarri ditu dinamika handia sortuz. I. Biltzar Nagusitik parte hartu dut eta Mixel Berhokoirigoin presidenteari ene sostengua ekarri diot.

Azpiegiturak hizpide. Zer berri da Abiadura Handiko Trenaz (TGV)?


Akitaniako Kontseiluak TGVren alde bozkatu du. Azpiegitura hau egiten ez badugu Europako erdigunetik urrun geratuko gara, Espainian egiten ari diren obrei ez badiegu segida ematen baztertuak. Gure eskualdeari aitzina hartzea zegokion, baina Frantziak gibelatze handia hartu du. Kontseiluan erran nuen aspaldi, Hegoaldetik AHT jinen da hemen pikotx ukaldi bat eman gabe.

Baionan geltokirik izanen al da?


Bordele eta Tolosa arteko [Okzitaniako Tolosa] ibilbideak dauka lehentasuna. Geltoki bat Mont de Marsanen izanen da ziur eta beste bat Ipar Euskal Herrian. Non izanen den ez da zehaztua. Baionan? Baiona ondoan? Hor nonbait. Eztabaida ez da finkatua. TGV nondik pasako den baino nola finantzatuko den ez da oraino ere eztabaidatua. Tours-Bordeleko ibilbidearen finantzamendua baino ez da finkatua. Estatuak ibilbideak finantzatzeko tokiko eskualde, departamendu eta hiri handietako kontseiluei diru laguntza eskatu digu. Nehork ez du ukatzen laguntzea, baina zein proportzioan ordaindu behar dugun ez da garbi ikusten. Guk azpiegiturak Estatuaren konpetentzia direla diogu, Estatuak beharko lituzkeela pagatu. Estatuak aldiz zinikoki hau erran digu: “Ez baduzu sosa jartzen ez duzue TGV ukanen”. Jarrera onartezina da. Estatua bere burua ari da ttipitzen Sarkozyren eskutik, ez ditu aginpideak bere gain hartu nahi, Estatuak bere burua uzkurtu du eta bere ardurari uko egin dio.


Frantziako Estatua areago zentralista ageri da krisi garaian.


Orokorki Estatuak borroka bide bat zabaldu du tokian tokiko kontseiluen aurka. Politika publiko guztiak aztertzen ari da ekonomian bide berriak atzemateko, beste moldetan antolatzeko. Ni mendiez eta oihanez arduratzen naiz Akitaniako Kontseiluan, eta sail honetara ere erreformak heldu dira, baita Merkatal eta Laborantza ganbaretara eta beste erakunde publiko askora ere. Akitaniako Kontseiluan hauxe errana dut: Euskal Herria ezin dugu erakunderik gabe utzi. Erreforma handia edo ttipia izanda ere, ezin dizkigute gure zerbitzu publikoak kendu, atxiki behar ditugu fermuki. Nire ekimen politiko eta publikoak defentsa moduan planteatzen ditut. Krisiarekin Estatua are gehiago zentralizatzen ari da. Gibelera goaz.

Azkenak
Euskara: makila guztien zahagia

Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]


2025-04-02 | Mara Altuna Díaz
Arberoa ikastolaren suteak elkartasuna piztu du Ibarran

Nafarroa Behereako Arberoa ikastola erre zen pasa den urrian. Administraziotik laguntzarik jaso ez duten arren, herritarrek berehala erantzun dute. Astelehenean, hain zuzen, elkartasuna eta berotasuna jaso dute Gipuzkoako Ibarran. Elkartasunak eraikitako sarea da gakoa.


Okupazioaren kontrako epaiketa azkarrak indarrean sartuko dira ostegunetik aurrera

Azaroaren 19an Justiziaren Eraginkortasunari buruzko Legea eta Prozedura Kirminalaren Legea aldatu zituen Espainiako Kongresuak, beste lege sorta batzuk onartzearekin batera. Horrek epaiketa azkarrak egitea, pisu turistikoen erregulazioa aldatzea edo kaleratze zehatz batzuen... [+]


2025-04-02 | Hala Bedi
Haizea eta Mikelsa (Euskal Udalekuak):
“Adin baten ematen du gauza guaiak ezin direla euskaraz egin”

Hemen da "uda bete abentura bizitzeko aukera." Zabalik dago aurtengo Euskal Udalekuetan izena emateko epea. 6 urtetatik 17 urtera arteko haur eta gazteentzako hamaika txanda antolatu dituzte Bernedo, Abaigar eta Goñi herrietan.


Bridgestonek 335 langile kaleratu nahi ditu Basauriko plantatik

Japoniako multinazionalak egin nahi duen erregulazio txostenak plantako langileen herenari baino gehiagori eragingo die. Enpresa batzordeko kide Luis Escalonak adierazi du "langileen aurkako eraso bat" dela, eta lanuzteak egingo dituztela iragarri du.


2025-04-01 | Axier Lopez
Eskuindar nahiz progre, 10 urtez mozalarekin

Duela hamar urteko martxoaren 31an Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten denok Mozal Legea gisa ezagutzen dugun araudia. Espainiako Estatuan ez ezik, nazioartean parekorik gabeko aurkakotasuna eragin zuen lege makurra. Hamarkada pasa da eta jaio zenean bezain... [+]


Badago lotura Euskal Yaren eta AHTren artean Nafarroan

Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]


Apirilak 6, justizia euskararentzat

Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]


Espainiako polizia bat bi urtez infiltratu zen Lleidako mugimendu politiko eta sozialetan

Directa hedabideak ikertu eta argitaratu du poliziaren infiltrazioa. 2019ko irailean hurbildu zen lehen aldiz Lleidako Ateneu Cooperatiu taldera, Joan Llobet García izenpean, eta 2021eko azaroan utzi zuen militantzia, Bartzelonan lana aurkitu zuela eta amonaren... [+]


Migratzaileen kontrako makro-operazioa: 135 pertsona atxiki ditu Poliziak Irun-Hendaia artean

350 poliziako "Force Frontière" dispositiboa baliatu dute Gipuzkoako eta Lapurdiko mugetan migratzaileen kontra egiteko martxoaren 26 eta 27an. Aurrez "terrorismo islamistaren" aurka egiteko aitzakiaz erabiltzen zituzten dispositiboak, orain "migrazio... [+]


Asteazkenean ere kanpaldia egingo dute irakasleek Lakuan, Jaurlaritzak ez baitu negoziatuko “mobilizazioak amaitu arte”

ARGIAri jakinarazi diotenez, 40-50 irakasle inguruk Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren pareko belardian igaro dute gaua. Dozena bat kide identifikatu ditu gauerdian Udaltzaingoak.

Gaurko greba deialdiak %75eko jarraipena izan du sindikatu deitzaileen arabera... [+]


EAEko espetxeetako kultur emanaldiei Jaurlaritzak ezarri nahi dien “zentsura”-ren aurkako manifestua sinatu dute 51 kulturgilek

'Espetxeak libre' manifestuan adierazi dute Eusko Jaurlaritzak "ataka txarrean" jarri dituela kulturgileak, espetxeetara kultur emanaldiak egitera sartu nahi dutenei dokumentu bat sinatzea eskatzen baitie, eta salatu dute ezin dutela sartu ez sinatuz gero. Kultur... [+]


Laborantza lur sail bati buruzko eztabaida piztu da berriz Arbonan

Kriztian Borda hautetsi ohia eta Lurzaindia elkarteko kideak sare sozialetan zabaldu duen bideo baten harira piztu da ika-mika. Arbonan laborantza lurrak "arriskuan" daudela salatu du Bordak, eta jakinarazi du Arbonako Herriko Etxeak bere kirol zelaia Baionako promotore... [+]


Eguneraketa berriak daude