La Bête humaine. Émile Zola, 1890. Le livre de poche, 508 orrialde.
XIX. mendearen azken arnasetan idatzi zuen Émile Zolak La Bête humaine nobela, trena, Gisèle Séginger adituaren arabera, topos literario bihurtzekotan zenean. Ségingerrek uste du, Flauberten gustuen kontra, Zolak mundu modernoaren ederra azpimarratu zuela istorio honetan. Burdinbideetako unibertsoa bihurtu zuela modernitatearen ispilu.
Egia da Jacques Lantier protagonistak, gidatzeaz gain, maite ere egiten duela lokomotorea; trenen deskribapen zehatzen atzean, halako fazinazio bat antzematen zaiola egileari; eta abar. Baina iruditzen zait Zolak ifrentzua ere erakutsi nahi izan zuela: hilketa itsuen, mendekuen, pasioen nobela iruditu zait, aldatzen ari den mundu batena, baina ez derrigorrez, eta alor guztietan, hobera. Mundu berria gidatzen duen gizakiak piztia izaten jarraitzen du –hortik titulua–, odol egarri da. Hil egiten du, natural ateratzen zaiolako.
Sexu indarkeriaz ala gerraz egiten ahal zaizkion irakurketak beste baterako utzita, nobelak garapenaz –uler bedi progreso-progrès adieran– ematen duen ikuspegi kritikoa nabarmenduko nuke. Liburua ixten duen irudia aski adierazgarria da: tren gidariak elkarrekin borrokan, makina abiadura bizian doa eta soldadu mozkor kantariz beteta, auskalo nora. Ez da mundu modernoa erretratatzeko modurik politena nire ustez.
Dena dela, ez didazue esango hil honetako Azpeitiko hilketa ikusita, irudia erabilgarria ez denik. Soldadu ustezko batzuek trena ez, baina gizon errugabe baten bizitza gelditu dute. Beraien burdinbidearen hurrengo geltokia non izango den ez dakigu, bai ordea ederki zikindu dutela bidea Zolarena bezalako ikuspegi kritikoa azaldu nahi duenarentzat. Eta, bitartean, gidariek elkarrekin borrokan jarraitzen dute, politikaren lokomotorean.