Orozko, Bizkaia, 1872. Dinamita deskubritu eta hamar urtera, Alfred Nobelek Espainiako Estatuko lehen dinamita fabrika ezarri zuen Santa Marina mendian. Zenbait enpresari frantziar eta belgikarren laguntzaz, eta 250.000 liberako kapitalarekin zabaldu zuen La Dinamita moduan ezagun egin zen fabrika. Modu horretan, Unión Española de Explosivos (UEE), mundu osoko sektoreko hirugarren enpresaren oinarriak ipini zituen.
Enpresa sortu eta gutxira, egoitza Galdakaora aldatu zuten, instalazioak eta ekoizpena handitzeko. Enpresak lehergaiak ekoizteko esklusibotasuna galdu zuenean, dinamita fabrika berriak sortu ziren. Guztiak batu ondoren sortu zen UEE. Espainian dinamita fabrikatzeko monopolioa lortu eta taldeak gora egin zuen. Ordutik hona, hainbat krisialdiri aurre egitea lortu du fusioei esker, eta 1997an 32.000 milioi euro fakturatu zituen.
Galdakaoko fabrika gotorleku baten modukoa da; 700 eraikin ditu, 27 kilometro errepidez lotuak eta, segurtasun arrazoiak direla medio, mendiak ezkutatuak. Fabrika nagusia 1880an eraiki zuten. Berehala, inguruko baserritar andana bertan zen lanean; huraxe izan zen askorentzat erdal munduarekiko lehen harremana.
1912an, eguneko lanagatik 5,25 pezeta –hiru zentimo inguru– jasotzen zituzten UEEko gizon-emakumeek. Emakumeek ere tokia baitzeukaten fabrikan. Esku finagoak zituztenez, kartutxogileak haiek ziren, hots, dinamita kartutxoetan sartzeaz eta lehergaia bahetzeaz arduratzen ziren. Egun, Galdakaoko kartutxogileak estatu osoan nitroglizerina –goma-2 lehergaiaren oinarria– lantzen duten bakarrak dira. Garai batean, materiala plastilina bailitzan moldekatzen zuten eta langile askok zati batzuk etxera eramaten omen zituzten, lehergaiaren usainak adikzioa sortzen omen zuelako. Fabrikaren lehen urteetan, zuzendaritzak ezkonsariaren zati bat ordaintzen zieten 16 eta 25 urte bitarteko emakumezko kartutxogileei.
Hasieran inguruko herritarrek jardun zuten dinamita lantzen, baina enpresa hazi ahala etorkin saldoak iritsi ziren. Fabrikaren inguruan haientzako etxeak egiten hasi ziren eta, denbora gutxian, ezerezetik ia, Zuazo auzoa sortu zen.
Urte asko joan dira ordutik, baina hiztegian “lehergai” hitza bilatu, eta hara zer esaldi ematen duen adibide gisa: “Galdakaon lehergailu fabrika dago”.