El desvan de. Zeren edo noren desbana?
Gauza askorena, atea zabalik utzi dugu. Hasieran izena El desvan zen, baina “de” horrek joko gehiago ematen du hurrengo diskoetarako.
“Argiaren bila nabil”. Aurkitu duzue? Badirudi disko honen atzean hausnarketa handia dagoela…
Bai. Denbora handia eman dugu disko hau egiteko, izugarri, eta behin gauzatu zenean argia ikusi genuen. 5 contra taldea genuenean ez zigun inork egina genuen diskoa kaleratu, eta honekin ere denbora luzea pasa behar izan dugu. Baga-Bigak baiezkoa ematean ilusioa berreskuratu genuen.
Zer ikasi zenuten 5 contra proiektuarekin?
Musika mundua aspalditik dagoela krisian: oso zaila dela zure alde egingo duten diskoetxeak aurkitzea eta laster kontzertuak egiteko musikariok ordaindu beharko dugula. 5 contra desilusioagatik banandu zen. Gerora, zerbait komertzialagoa egitea bururatu zitzaidan eta Juanma eta biok kantuak idazten hasi ginen.
Natxo Libertyrekin grabatu duzue eta masterizazioa Kanadan egin dute.
Bai, Natxo aspalditik ezagutzen dugu eta argi genuen grabaketa berarekin egingo genuela. Natxok ideia asko eman zizkigun eta gure kantuetan sinestu zuen. Hala, masterizazioa Kanadan egitea proposatu zigun gastuaren erdia berak ordainduta.
“Nik ez dut hor egon nahi zuek ez bazaudete”…
Bai, hala da. Aurrean entzulerik ez badugu ez dugu agertokian egon nahi; hori da guretzat garrantzitsuena. Era berean, ikusle bat edo 100 egon, guztia eman behar duzu!
Taldea bik baino ez duzuela osatzen diozue. Erosoagoa da horrela?
Bai, berez taldea Juanmak eta Alainek osatzen dugu, baina gerora musikariak aurkitu genituen, musikari onak, eta zenbait erabaki guztion artean hartzen ditugu, baina ideiak eta abestiak bionak dira. Are gehiago esango dut, kontzertuetan hainbat musikari ordezkatu egiten dira dituzten konpromisoen arabera.