Ez dirudi epe laburrean arazoak konponbiderik izango duenik, mundu osoko banka onbideratzeko diru publiko kantitate eskerga injektatu arren. Mundu osoko banka kolapsatuta egon da eta oraindik bankuen arteko mesfidantzaz ari da lanean. Halako mesfidantza dago, ezen, salbuespenak salbuespen, bankak eta aurrezki kutxek ez baitiete familiei eta industriari krediturik eman nahi. Horregatik, kontsumoak atzera egin du eta enpresen ekoizpena mantsotu egin da.
Ondorioz, kreditu entitateen artean konfiantza handiagoa sortzen ez bada, kontsumoa bere onera ez badator, industriak eta zerbitzuek amiltzen jarraituko dute eta langabeziak gora egingo du. Euskal Herrian 124.906 langabe daude –biztanleria aktiboaren %9–, horietarik 9.638 azaroan geratu dira langabe. 2.782 lanik gabeak Nafarroakoak dira eta 6.901 Euskal Autonomia Erkidegokoak.
Testuinguru horretan, datozen hilabeteetarako aurreikuspenak ez dira batere baikorrak industriarentzat. Langabeziaren itzala familia askotara iritsi da eta, euskal ekonomiak Espainiakoak edo Frantziakoak baino gutxiago sufrituko badu ere, krisiak ukituko du. Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioak lantzen duen kontsumitzaileen konfiantza indizeak beheranzko joera zuen joan den urrian. Joera hori, ia ziur, areagotu egingo da datozen hilabeteetan. Aurreikuspenek 2010era arte luzatuko den atzeraldi eta geldialdi garaia iragartzen dute.
Sektore kaltetuenak
Eraikuntzari, higiezinen sektoreari eta etxetresnei eragin die gehien krisiak. Egia da Euskal Herrian eraikuntzaren eta higiezinen sektoreak ez duela Espainiako Estatuan izan duen pisua. Dena den sektore hori izan da, baita Euskal Herrian ere, krisialdiaren atzaparkada jasan duen lehena eta, Eustaten datuen arabera, 5.500 lanpostuko galera izan zuen urteko hirugarren hiruhilekoan. Sektoreko enpresarik garrantzitsuena eta krisia gehien sufritu duena Urazca izan da, eta 450 milioi euroko zorra edo pasiboa zuela ordainketa etendura izan zuen. Azkenaldian Euskal Herrian izan den ordainketa etendura handiena izan da. Beste eraikuntza enpresa batzuek ere ordainketak eten dituzte eta higiezin bulego askok itxi behar izan dute.
Etxebizitza pribatuen eraikuntza izan da krisiaren kolpea gehien nabaritu duena, salmentak mantsotu direlako. Lan publikoak, ostera, esaterako Y edo Supersur, biziagotu egin dira eta horrek sektorearen hondamena saihesten lagundu du. Hala eta guztiz ere, sektore honen krisiak beste sektore batzuk atzetik eraman ditu, hala nola zementua, altzairua eta etxetresnak. Hain zuzen, etxetresnen sektore ia osoa Mondragon taldearen, MCCren, eskuetan dago, Fagor buru dela. Fagorrek hamasei fabrika eta 10.000 langile dauzka munduan zehar eta krisialdiaren ondorioak gogor jasaten ari da. Nahikoa da gogoan izatea MCCko enpresa honen mozkinak %98 eta salmentak %5,5 jaitsi zirela urteko lehen seihilekoan. Dagoeneko 150 enplegu gutxiago izatea aurreikusi dute eta pentsatu dute taldearen beste kooperatiba batzuetan birkokatuko dituztela.
Automobilgintzak %12 murriztuko du ekoizpena
Krisialdi betean, kontsumoak behera egiten du. Autoa izaten da erosketa zerrendatik erortzen den lehenetarikoa. Kontsumo jaitsierak automobilgintzako ekoizpenari eta osagarriei eta mendekoei eragin die. Hego Euskal Herrian automobilgintzak garrantzi handia du. Soilik EAEn sektore horrek BPGren %17 hartzen du. 300 enpresek osatzen dute eta 60.000 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu, horietatik 45.000 Euskal Herrian. Iaz 10.157 milioi euro fakturatu zituen. Hiru talde nagusiak MCC Automobilgintza, Cie Automotive eta Gestamp dira. Nafarroako BPGk ere menpekotasun handia du sektorearekiko.
Sektoreko arduradunek 2009an ekoizpenak %12rainoko jaitsiera izan dezakeela iragarri dute dagoeneko. Enplegua ere murriztuko da. Zenbait enpresek dagoeneko enplegu erregulazioko espedienteen bidezko doikuntzak egingo dituztela jakinarazi dute. Kontuan izan behar da sektorea oso atomizatua dagoela eta enpresa gehienak txikiak eta ertainak direla: enpresen %23ak 51 eta 100 langile artean dituzte eta %48ak 50 baino gutxiago.
Makina-erreminta onik atera da
Makina-erreminta ere sektore oso garrantzitsua da Euskal Herrian. Oraingoz krisialdiak ez dio eragin. Urteko lehen bederatzi hilabeteetako datuak jakin ondoren, Espainiako Makina-Erreminta Fabrikatzaileen Elkarteak ekoizpenaren %5 eta %7 arteko hazkundea aurreikusten du. Esportazioak ere %8 eta %10 artean haziko dira. Iraila amaieran eskabideen sarrera 2007ko lehen bederatzi hilabeteetan bildutakoa baino %10,3 handiagoa zen eta eskabide zorroa %34 igo zen iazkoarekin alderatuta. Egungo aurreikuspenak positiboak izan arren, sektoreak norabide negatiboa har dezake kredituak bizkor ematen ez bazaizkie. Kreditu ezak edozein enpresa eta sektore ito dezake. Baita makina-erremintarena ere.
Enpresak eta familiak ez kolapsatzeko kredituak
Duela ia urtebetetik banka eta aurrezki kutxak familia eta industriarentzako kredituak murrizten ari dira. Kredituak lortu ezean, industriak ezin du funtzionatu eta kontsumoa gutxitu egiten da. Eta kontsumoak behera egiten badu, ekoizpena murriztea ere eragiten du eta enpresa askok enplegu erregulazioko espedienteetara (EEE) jotzen dute, orain baino lehen mozkin handiak lortu eta bildu arren. Espainiako Gobernuak, munduko beste gobernu askok bezala, diru publiko kopuru handiak (zergapekoena) injektatu dizkio bankari, kolapsoa eta hondamena saihesteko eta kredituak normal ematen segitzeko. Baina errealitatea, oraingoz eta dirua injektatu arren, kredituak arian-arian ematen ari direla da.
Ekonomia aplikatuan adituek diote kredituak lortzea funtsezkoa dela enpresen eta familien likidezia arazoak konpontzeko eta, beraz, krisialdia atzean uzten hasteko. Hala ere, gobernuen eta banku zentralen ahalegina eta guzti, “kreditu arazoak hainbat hiruhilekotan luzatuko dira”. Ondorioz, kontsumoaren eta inbertsioaren jaitsiera egunetik egunera gehiago nozituko da, eta krisialdia industrietara hedatuko da, bereziki kontsumo ondasun iraunkorren industriara. Confebask patronalak dio dagoeneko krisialdia industriala dela eta sektore bakoitzean zenbateko eragina izango duen likidezia arazoak konpontzearen menpe egongo dela, hau da, kredituen eskuragarritasunaren menpe. Hortaz, bankak eta aurrezki kutxek erantzukizun izugarria dute.