argia.eus
INPRIMATU
Hilketaren arbuioa, elkarrizketaren aldarria
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 02a
Inazio Uriaren herailketa
Andoni Canellada / Argazki Press
Inazio Uria-ren hilketarekin ETAk berriz erakutsi du bere apustu armatua ahalik eta modu gogorrenean eustekotan dagoela. Batek daki, molde horretan beste negoziazio prozesu bat behartuko duen ala ez. Ezetz esaten da, baina Aljer, Aznarren MLNV hura, Loiola... ez dira amestutakoak.

ETAren kalterik zuzen eta handiena bere biktimek eta haren ingurukoek jasotzen dute, inolako zalantza barik. Konponbide eta itzulera gabeko ondorio itzelak. Baina kalteen balorazio politikoa eginez gero, gaur gaurkoz, eraginduena berarengandik gertu dagoen ezker abertzalea da. ETA ez da Estatuaren ilegalizazio politiken erantzule zuzena, diskurtso politikoki zuzenak iradokitzen duen bezala; ezin da argudio horrekin Estatuaren erantzukizun errepresibo eta antidemokratikoa zuritu.

Baina bere jardun armatuak egoera horiek sortzen ditu. Estatua da ETAren aurkako estrategia aldatu zuena, zuzenki bera kolpatzetik, ENAMeko mugimendu zibila ere kolpatzera iraganez –eta askotan, ENAMetik kanpoko pertsona eta egiturak ere errepresio sare berean sartuz–. Zuzenbide estatuaren izaeraren guztiz aurkakoa da “dena da ETA” errepresio molde hori, baina Estatuak samur eraman dezake aurrera, nagusiki bi arrazoiengatik: bat, Espainiako populazioa horretarako xaxatzen delako eta hori Madrilen politikoki errentagarria delako; eta bi, eta garrantzitsuena, ETAren jarduerarekiko euskal gizartean dagoen arbuiatze sakon eta indartsuak kontrako erreakzio sendorik oztopatzen duelako.

ETAk borroka armatuarekin jarraitzearen aldekoentzat, aldiz, badirudi eraginkorragoa dela borroka armatuak eman dezakeena, mugimendu politiko indartsuak lor dezakeena baino. Pentsamolde zaharra da hori ezker abertzaleko zenbait gunetan, eta askotan arrakastatsua izan zaio, batez ere horrek sostengu –edo ulergarritasun– zibil indartsua izan duelako atzean. Besteak beste, horregatik geldiarazi zen Lemoizko zentral nuklearra eta horregatik behartu zen Leitzarango autobiaren negoziazioa. Baina horiek duela 30 eta 20 urte gertatu ziren. Denboraren higatzea eta euskal gizartean izandako aldaketa guztiak ikusi nahi ez dituenak, errealitatearen interpretazio arazo larriak ditu.

Bide itsua da estrategia horren etorkizuna, ez ezker abertzalearentzat bakarrik, baita euskal gizartearentzat ere. Horrexegatik, halako une gogorretan, hilketa berriarekiko arbuio argia erakusteaz gain, ezinbestekoa da elkarrizketa eta negoziazioaren aldarrikapen sendoa egitea. Ajuria Eneko Itunak porrot egin zuen; hortik ez da irtenbide txukunik gauzatuko. Duela astebete ETAk Loiolan hil du Uria; duela 24 hilabete Loiolan ari ziren hizketan eta lorpen handiak erdietsi ziren. Hala badirudi ere, hori ez zen iragan mendean izan.