argia.eus
INPRIMATU
EA ere susmagarri
Julen Zabalo 2013ko maiatzaren 02a
Julen Zabalo
Iñigo Azkona
Espainiar nazionalismoarentzat EA ere susmagarria dela esan nahi dut. Politikan joera berriak agertu eta zaharrak itzaliz joaten dira, eta Hego Euskal Herriko politikan nabaria da –eta badira urte batzuk!– espainiar nazionalismoaren berrantolatzea. Horrek, halabeharrez, euskal nazionalismoaren hausnarketa fasea ekarri behar zuen. Eta, izan ere, hausnarketa hori gertatzen ari da, besteak beste, badaudelako gizarte eta politika arloko adierazle batzuk indar abertzaleen muga edo oztopoak adierazten dituztenak. Datu horien azalpena, ordea, ez dago hain argi, eta horrek desitxuratu egiten du eztabaida.
 
Azalpen horretarako gakoetako bat espainiar nazionalismoaren goranzko joera da, nire iritziz. Urte batzuetan erdi desaktibaturik egon ondoren, indartsu ageri da berriro, eta horrek frentismora, eta jarrera politikoen sinplifikazio behartura darama. Oraintsu gertaturiko mugimendu batek ezin argiago islatu du hau dena. Izan ere, udatik hona EA alderdiak diskurtso erabatekoagoa ireki du nazio gaian, independentzia mezua argiago formulatuta, eta EAJtik erabatez desmarkaturik, independentzia helburu horretan nahikorik ez egitea, eta baita oztopo izatea ere leporatuta.
 
Diskurtsoaren sinesgarritasunaz eztabaidatu dute batzuek, baina niri deigarria iruditu zait espainiar nazionalismoaren erantzuna, bat-batekoa eta bortitza izan delako. PPk zuzenean ETAren multzoan sartu nahi izan du EA, eta oso haizatuak izan diren neurriak iragarri ditu. Baina zertan oinarritu da espainiar nazionalismoa EAren kontrako eraso hori abian ipintzeko? Oro har, independentzia modu “ozenago eta gardenago” batean aldarrikatzea, sinboliko eta erretorikotzat jotzen omen duten EAJrenetik aldenduta.
 
Azken urteotan espainiar nazionalismoa burutzen ari den eraso ideologikotik, indar abertzale batzuek jaso nahi izan duten mezua da biolentziaren kontra jo behar dela eta ezker abertzalearen kontra ari dela. “Ni horretatik libratuko naiz” pentsatzen omen dute gainerako indar abertzaleek, eta hortik dator noizean behin kexaz aritzea zilegia omen den ezker abertzalearen kontrako erasoaz gain, besteen kontra ere jotzen delako: “Independentzia aldarrikatzen dugulako ezin gaituzue ETArekin zaku berberean nahastu” esaten omen dute halakoetan, espainiar nazionalismoarentzat zakua berbera dela jakin gabe, arerio duen independentziarena edo euskal nazionalismoaren proiektuarena, alegia.