argia.eus
INPRIMATU
Sexismoa
Juan Ramon Makuso 2013ko maiatzaren 02a
Juan Ramon Makuso
Aztoratuta naukazu Patxi. (Ez nabil Katixa eta Juanjoren ttakunkadaz. Patxi, gure Patxi da. Edo Joxe. Eta zergatik ez gure Iñaxi? Azken finean gure Euskadin. Ene! Euskal Herrian! Zergatik ez Euskal Hirian? Ez dakit larrazkena ote den, baina gurean nahasmendu ikaragarri batean gaude. Ez dakit txapela bat jantzi, edo koloredun betaurrekoak –ene aztoramendua handitzen doa irakurle jauna, edo andere?–, argazkian koloredunak ditut, ahantzia neukan?).
 
Hain aztoratua nauzu, ze parentesi bat egin behar izan dut. Ez dakit gogoratzen zaren. Nire nerabezaroan, Donostiako zapata denda dotore batean, merkealdi garaian, ilara luze batean itxarotea egokitu zitzaidan. Hainbeste itxaron, ordu bat edo eman nuela. Sartzear nengoela, nire atzean ilaran zegoen andrea honela zuzendu zitzaidan: “Ez dator zure ama?”. Ni harrituta, erantzun nion: “Niretzat erosi behar ditut zapatak”. Gogoan dut niretzako atera nuen ondorioa. Noski, ilara hartan gizonezko bakarra nintzen. Urte asko igaro dira Patxi, baina berriro ere Donostian trantze berberean egokitu naiz. Idazle emakumezkoen hitzaldia. Aretoa emakumez lepo beteta. Gizonezkoak, lau.