argia.eus
INPRIMATU
Sententzia
«Hitzek lotura zuzena dute egunoroko gauzekin, eta jendea identifikatu egiten da»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 12a

Heavy talde askorekin alderatuta, bestelako melodiak lantzen dituzue...


Gure estiloa rock eta heavyaren arteko nahasketa da. Gitarra bizi eta bateria erritmo gogorrei ahots melodikoa batzen diegu eta horri gure estilo pertsonala gehitu.

Hainbat soinu teknikari eta ekoizleren laguntza izan duzue diskoa egiterakoan. Horrek lana asko erraztu du?


Bai, oso gustura gelditu gara guztiekin, profesional onak izan dira gurekin. Zer hobetu edo nola landu esan digute kasu batzuetan eta aholku horiek oso lagungarriak izan dira. Asko ikasi dugu.

“Barrutik” egindako diskoa da? Sentimendu asko atera dituzue bertara?

Bai, horretan ahalegindu gara. Musikari dagokionez, indarra eta sentimendua sartzen saiatu gara. Hitzek egunerokotasunean gertatzen diren gauzekin lotura zuzena dute. Hala, jendea hitzekin identifikatu egiten da.

Zer gertatzen da Bergaran aspaldian, hainbeste talde heavy sortzeko?


Hasieran Igorrek eta Ikerrek Dragon Fly taldea sortu zuten. Taldea banandu zenean, batzuk Lord Witch sortu zuten eta beste batzuk Sententzia. Bi taldeetan Iker dabil baterian. Bergaran musika estilo asko daude, baina aspaldian heavyak bere lekutxoa dauka.

Hirukote moduan konforme zaudete?


Bai, ondo gaude, baina tarteka kolaborazioak sartzen ditugu. Hala ere, inoiz beste gitarra bat sartzea pentsatu dugu. Etorkizunean, nork daki...

Eguzkiak bahitzen ditu beti gaueko ametsak?


Beno, normalean gauekoak ametsak besterik ez dira eta batzuetan gaueko ametsak egunsentian amaitzen dira, baina baliteke amets egiten duzuna errealitate bihurtzea.

Su Ta Gar eta Avalanch moduko taldeen eraginak suma daitezke zuen lanean. Ados zaudete?


Su Ta Gar betidanik izan dugu gustuko. Luther taldearen eraginak ere badaude, Oliber taldekidea handik dator-eta. Bestela, Rage, Metallica, Sober, Latzen eta beste ere presente egon daitezke.