«Laborantza Ganbara urratsa da Iparraldearen onarpenerako»

  • 1952an sortua Gamarten (Nafarroa Beherea). Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehendakaria da. 2005eko urtarrilean Ganbara (Ainhize-Monjelosen) abian jarri eta Frantziako Estatuaren tokiko prefetak auzitara eraman zuen. Estatuak legez kanpo ezarri nahi duen arren, proiektua zabalduz eta sendotuz joan da lau urte hauetan. Berhokoirigoinen eleak dira honen lekuko.
Mixel Berhokoirigoin
Gaizka Iroz
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Mixel Berhokoirigoinek erran digunez, denbora asko eta bestelako gauzak egiteko ahala kendu dizkio EHLGko lehendakariaren karguak. Alta, eman ere asko eman dio: “Gauzak egiteko anbizioa –zentzu onean– eta konbikzioa eman dizkit proiektuak, berau eraikitzeko luzaz iharduki behar dela. Gure historiaren partaide xumeak gara, baina historia egiten ari gara. Oraino ez gara behar dugun heinera heldu, baina Ganbara bere tokia eta legitimitatea hartzen ari da. Aitzinatu dugu, bistan da, egungo egoera ez baita duela lau urtekoa. Baina, ez da aski egitea Ganbara egina izateko, egina gizarteari helarazi behar zaio”.

Urtarrilaren 29an Baionako epaitegira deitua zara. Prefetak EHLG auzitara eraman zuen, legez kanpokoa dela argudiatuz. Aferak luzaz iraun du.


Ganbara sortu genuelarik bagenekien hau guztia gertatuko zela, afera Estatuarekin hamar urtez izan genuen tira-biraren segida da. Proiektua herri mugimenduaren eskaera izan zen. Ganbara gizartearen gehiengoaren sostenguz –eta Estatuaren mesprezuarekin– sortu zen.

EHLG irekia eta zabala da, alta.


Bai. Ganbara egitura publikoa da, laborarien bozen bidez izendatua eta bere aurrekontua zergen bidez osatua. Estatuak egitura ezagutzen du: diru publikoa nola biltzen dugun eta zertan baliatzen dugun, baita zer-nolako laborantza politika daramagun ere. Ongi ezagutzen du, baina ez du onartu nahi.

Beste zerbaitek kezkatzen du Estatua, antza denez.


Baiki. Laborantza ekonomikoki autonomoa eta iraunkorra lantzeak. Departamenduan nahiz Estatuan inposatu nahi diguten eredua laborantzaren kontraesanean dago, gure filosofiaren kontra. ELB (Euskal Laborarien Batasuna) sortu zenetik –25 urte luze– hori da gatazkaren muina. Paueko Laborantza Ganberak edo Kontseilu Nagusiak laborantza iraunkorraren ideia onartzen dute, baina salbuespen gisara: laborari batzuek laborantza biologikoa egitea eta hori laborantzaren argazki edergailu gisa agertzea. Gure nahia ez da gune bereziak sortzea, alternatiba orokorra sustatzea baizik.

Zu zeu espetxeratzea posible ikusten al duzu? Ganbara ixtea, berriz?


Nihaurek 15.000 euro arteko isuna jaso dezaket, baita urte bateko presondegi zigorra ere. Ganbara hetsi? Estatuak badaki ezin duela nahi duen guztia egin, Ganbarak gizartean berak nahi baino pisu gehiago duela. Legez egin dezake, baina auzia testuinguru sozial eta instituzionalean kokatu behar da. Gizartea irekia da eta epaileak gizartean bizi dira. Dena dela, gure ekimenaren helburua ez da epaileengan eragitea, gizarte mugimenduak ekimenaren legitimitate osoa agertu nahi du, baita Ganbararen aurka doan guztia ez dela onargarria adierazi ere.

Nola ulertu behar dugu gatazka hau?


Gure eskakizunak Ipar Euskal Herriaren ezagutza ofiziala planteatu du, geure instituzioaren gaia eta beharra gizarteratu ditu, Laborantza Ganbara egitura publikoa baita. Ganbara urrats bat da nolabait Iparraldearen onarpenari buruz. Iparraldearen ezagutza eta egituratze gutxieneko horrek Estatua asaldatzen du eta hortik dator bere ukapena. Estatuak Iparraldearentzat onartzen dituen egiturak ez dira erabakigarriak: Garapen Kontseilua edo Hautetsien Kontseilua, esaterako. Hitz egiteko dira baina ez erabakiak hartzekoak. Ganbararen izanak Estatua trabatzen du eta gainera prefetak izenarekiko mesfidantzak ditu. Baina izena gure borrokaren segida da.


“Izena” Ganbararen “izana” trabatzeko aitzakia da prefetarentzat, nolabait.


Bai. Alabaina, izanaren funtsak balio du. Gu Euskal Herritik kanpo mintzatu garenean, ekimenaren funtsa azaldu gabe ere, EHLGren izana baino printzipio demokratikoa da ezbaian jartzen duguna. Hau da, elkarte batek eskubide osoa du bere lurraldearentzat beharrezkoa diren bitartekoak eskatzeko eta berauek egokien atzematen dituen maneran erabiltzeko. Demokrazia ez da jujatzen gauzak ondo direlarik, problemak sortzen direnean baizik. Eskakizunak sortzen direlarik beraiei erantzuteko manerarengatik epaitzen da demokrazia.


Auziak edota afera honek laborantza mundua gainditu du.


EHLGren helburua laborantzaren oinarria segurtatzea da, alta, Estatuak probokatu du bizi dugun egoera: eskakizunaren errefusapena eta mehatxua. Estatuak gure iniziatibari konfrontazioaren dimentsioa eman dio. Ofizialki ez duela Ganbara onartzen esaten du, hautetsiei gutunak igortzen dizkie Ainhizera ez etortzeko. Harago ere joan da: adibidez, Lizeoan ari den irakasle teknikari bati formakuntza ikastarora etortzeko galdatu diogu, eta Akitaniako prefetak idatzi digu eskaera ez egiteko aginduz. Guk ematen ditugun urratsei oraindik dimentsio handiagoa ematen diete. Konfrontazioa nahi badute, bada, gu sartuko gara, beste biderik ez baitigute uzten. Guk legitimazioa dugu gizartearen sostengua baitugu, gurea konfrontazio demokratikoa dela diogu. EHLG sostengatzen dutenen erdia ez dira laborariak: batzuentzako hurbiltasunezko gauza da, beste batzuentzako, laborantza iraunkorra eta ekologikoa eredu gustagarria da. Bestetzuek Estatuarekiko konfrontazioan ari delako sostengatzen dute edo eraikuntza nazionalerako ekimena delako. Hitz batean Ganbara Euskal Herriaren eraikuntzan kokatzen da, eta horrek ematen dizkigu eginbidea eta indarra. Estatuak gogoetatu behar du, publikoki ziur agertzen baita, milimetro bat mugitzen ez den egitura bezala, baina gu segur gaude zalantzan ari dela, ez dakiela noraino eman gure kontrako urratsa, ez dakiela zangoa non pausatu.

Auzia aitzin halere, urtarrilaren 17an, EHLGren sorreraren IV. urteurrena ospatuko duzue, baita urteko Biltzar Nagusia burutuko ere.


EHLGren lehen eginkizuna laborantza da. Gizarteak ematen dion errekonozimendua lan horren ondorioz heldu da. Gu ez gara gizartearentzat interesgarria den arabera lanean ari, alderantziz, laborantzaren alorretik abiatzen gara gaurko problematikak ezagutzeko eta eman beharreko erantzunak emateko. Aurtengo urtarrilean sail berriak lantzen hasi ginen norabide horretan, horietako azpimarragarrienak uraren eta proteinaren gaiak dira.

Azaldu iezaguzu proteinarena, otoi.


Proteinaren autonomiaz lan bat egin dugu. Abereek, pertsonak bezala, energia eta proteina behar dituzte elikatzeko. Hemengo laborantza gehienbat hazkuntza denez –ardia eta behia– hazkuntza intentsifikatzen doan heinean proteinen dependentzia gero eta handiagoa da, baserriak gero eta intentsiboagoak diren neurrian laborariak gero eta proteina gehiago erosi behar du merkatuan. Horrek krisi ekonomiko garaian gure ahulezia areagotzen du. Proteinen iturria soja da eta gehiena transgenikoa. Guk mozkinen sor-markaren araudia errespetatu behar dugu, ez dugu elikadura mota hori onartzen.


Sojaren ordezkorik ba al dago?


Proteinari buruzko dependentzia tipitzeko sistema berrikusi dugu. Ilar biribilekin ari gara esperimentatzen abereen bazkatzeko. Baserritarrak proteina kanpoan erosi behar badu ere, emeki-emeki, beste proteina mota batzuk ari gara lantzen, beste belar mota batzuk ezagutzen ari gara hemengo lurretan lantzeko.


Krisi ekonomikoak laborantzan eragiten du eta laborantza txikian areago.


Krisiak eragiteko modu eta arrazoi bat baino gehiago dago. Europan ezagutu diren laborantza politikak aldatzen ari dira. Orain arteko politikaren logika laborantzako mozkinak eta prezioak antolatzea zen. Prezioak ez ziren libreak, baina ekoiztu beharreko kopuruak finkoak ziren. Hitz batean, politika interbentzionistak izan dira. Azken bi urteotan berriz merkatua areago liberalizatu da. Laborantzako ekoizpenak beste edozein industriakotzat jotzen dira, politika honek mozkinak edo produktuak merkatu librean finkatzea nahi du. Oinarria hori da. Krisiaren lehen ondorioa zerealen prezioa goiti joan izana da. Hemengo laborantza hazkuntza da, gu ez gara zereal ekoizleak, zereal industriarentzat krisia ona da, krisia, batez ere, hazkuntzan ari diren laborarientzat da, eta bereziki mendiko baserriak dituztenentzat.


Ohiko arrangura mendiko laborantzan.


Lur gutxi izanik bazkatzeko zerealak mendiko laborariek erosi behar dituzte. Diru laguntzak ukanik ere, hazkuntza inguruko problema ez da konpondua. Paueko Laborantza Ganberako ordezkarien hitzetan “krisiak agertu du laborari batzuk ahulak direla biharko ekonomian ihardukitzeko, ez duela balio gazteak instalatzea egitura tipietan”. Krisia laborantza berregituratzeko baliatu nahi dute, baina baserri tipietan finkatzen diren laborari gazteek biharko egoera konpetitiboan ez dutela aterabiderik erranez. Guk, aldiz, lurraldea hartzeko eta lantzeko laborari kopuru handia behar dela diogu, hobe direla hiru baserri tipi handi bat baino. Duela zortzi urte Paueko Ganberako lehendakariak hau esan zidan: “Ez da posible laborari asko izan eta zoriontsu izan aldi berean”. Guk, berriz, baserri tipiak eta baserritar gazteak diren lurraldeetan bizitza soziala dagoela diogu, herria bizi dadin behar-beharrezkoa. Haiek beren filosofiarekin segitzen dute eta guk geurea atxikitzen dugu.

Azkenak
Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


Eguneraketa berriak daude