argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Kutxak, gizarte zerbitzua berraztertzeko unea
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 02a
ELA
Luis Jauregialtzo / Argazki Press
Larunbatean 30 urte beteko dira Espainiako Konstituzioa onartu zenetik eta Espainiak legitimitate arazoekin jarraitzen du euskal lurretan. Konstituzio horrek ahalbideratu zuen Gernikako Estatutua 1979an, baina bere garapenetik kimututako Eusko Legebiltzarrean ez da orain arte Espainiako banderarik izan modu iraunkorrean. Baina bukatu da, Espainiako Auzitegi Gorenak legeak dioena behin-betiko bete dezan agindu dio Eusko Legebiltzarrari. Txarto ari da 30 urte ondoren oraindik tamainako inposaketa sinbolikora jo behar duenak. Baina burujabetza kontuak argi uzteko unea da, eta Auzitegi Gorenak berak, urriko kontsultaren helegitean Espainiako burujabetza legez noraino iristen zen argi gogorarazi zuen. Epai hori sinboloetara eramateko unea da. Noiz eta mundu interdependiente horretan burujabetza kontuak gero eta ahulago ei daudenean; noiz eta Europako Batasuna bere identitate ahula sendotzeko zein sinbolotan oinarrituko den adierazteko gero eta sutsuago ari denean.

Major Oreja-Redondo Terreros uztarriaren garaian Espainiako nazionalismoak utzitako arrastoek sendo jarraitzen dute. Hauteskundeen ondoren ikusiko da zenbateraino, Patxi Lopezek gehiengoak bilatuko duela iragarri baitu, baita hauteskundeetan bigarren ateratzen bada ere. Hori da normalena, baina udan lehena izan ezik ez zela lehendakari izango zioen.

BBK eta Kutxen bat-egiteari ezetz esan dio azken honek. Hori da errealitatea eta proiektu horren alde egin dutenek hobe lukete hori zergatik izan den sakon aztertzea. Autokritika publikorik ere eskertuko litzateke, berau apala izanda ere. Sinbolikoki duen garrantziaz gain, ez dago zalantzarik EAEko kutxen bat-egitea onuragarria litzatekeela egungo finantza merkatuetan, eta bide horretan, BBK eta Kutxaren batasuna pauso bat litzateke.

Baina lehiakortasunaren ikuspegia garrantzitsua izanik ere, funtsezkoena da zer eratako zerbitzua eman behar duten. Finantza krisiak bete-betean zabaldu du hausnarketa horretarako atea, eta gakoa errentagarritasunean da, baina zerbitzatzen duten gizartearen errentagarritasuna norberaren aurretik jarriz. Gutxi dira azken 20 urteetako diru samur eta azkarraren liluratik ihes egitea lortu duten finantza erakundeak. Gizarte eragileen diru beharrei zentzuz eta segurtasunez erantzutea da lehen mailako erronka. Irabaztea normala da, baina urteetan pilatutako irabazi itzelen grinak asko esaten du zerbitzuaren desbideratzeaz.

Adolfo Muñoz izango da aurrerantzean ELAko idazkari nagusi berria eta sindikatua borrokarako dagoela iragarri du. Mundu aberatsean txiroen herrialdeko sindikalgintza egitea leporatu diote ELAri, nonbait bere arrakasta ahaztuz. Europako herrialde aberatsenetakoen artean da euskal gizartea, baina baita ere aberastasun hori txartoen banatzen dutenen artean ere. ELAk neoliberalismoaren bultzadari aurre egin dio azken urte luzetan eta galdu baino ordezkaritza izabazi egin du. Eskubete lan dute Muñozek eta zuzendaritza berriak, bai Jose Elorrieta moduko buruzagi karismatikoa ordezkatzen, bai krisiak eragingo duenari aurre egiten.