Euskal Herrian aski normala da haurra pilotan jokatzen hastea, baina Kuban?
Kubatar guztiek amaren sabeletik atera orduko batea eta pilota hartzen dituzte beisbolean jokatzeko. Gero datoz beste kirolak, lehenbizi beisbola da. Habanako haur guztien ametsa da Industriales-eko kide izatea. Habanan Industrialesek Madrilen Real Madrilek edo Bartzelonan Barçak bezalako pasioa sortzen du. Izugarria da. Ni ere ez nintzen salbuespena izan eta saiatu nintzen beisbolean nire tokia egiten, alferrik zela jabetu, eta nire ahaleginak trinketean zentratzea erabaki nuen arte.
Erremin puntu bat sumatzen dizut…
Ez nintzen punta-puntakoa baina txar-txarra ere ez. Aukera bat merezi nuela pentsatu izan dut beti, baina ez zidaten sekula eman. Jatorri pobrekoa bazara traba asko jartzen dizkizute, eta onenak baino hobea izan behar duzu, bestela jai daukazu.
Beisbolari zor diozu besagaineko postura berezi hori?
Kuban denok daukagu postura hori. Batetik, beisbolaren eragina handia delako gugan, eta bestetik, tenisekoaren oso antzeko pilotekin jokatzen hasten garelako. Arras pilota saltariak dira, eta eroso jokatzekotan, derrigortuta zaude besagain jotzera. Hori hala, sorbalda garatuz joaten da, eta azkenerako, behartua dirudien postura natural bihurtzen da.
Behin frontoirako apustua eginda, zerekin egiten zenuen amets?
Kubako selekzioan parte hartzearekin, nire herria ordezkatzearekin. Behin hori lortutakoan, sekulako prestakuntza eginarazi zidaten. Zorakeria bat. Partidak 90 tantora jokatzen genituen, eta behin partida bukatuta, atletismo pistari hamabost itzuli emanarazten zizkiguten eguzki galdatan. Ezin duzu imajinatu zer zen hura. Pentsa, 2002ko Iruñeko Munduko Txapelketan hamalau egunean hamabi partida jokatu nituen, eta denek uste zuten dopatuta nengoela. Ba ez, prestakuntza titanikoaren fruitua baizik ez zen izan. Munduko errespetu guztia merezi duten entrenatzaileak dauzkagu, oso-oso onak dira.
Iruñeko Munduko Txapelketan egin zinen ezagun, baina noiz ikusi zenuen gora iritsi zintezkeela?
1998an jokatu nuen nazioarteko nire lehen lehiaketa. Laugarren baizik ez nintzen izan, baina oso esperientzia ona izan zen, besteen mailan aritzeko gaitasuna nuela ikusi nuelako. Kubara bueltan, are gogorrago entrenatu nuen, eta 2002an heldu zitzaidan aukera. Lehenik, Pariseko Opena lehiatzea egokitu zitzaigun, Estatu Batuek uko egin ziotelako. Harrigarria izan zen hura. Beste denak eskursioan eramaten zituzten, eta gu Parisko bi izarreko hotel batean sartuta eduki gintuzten. Baina frontoian, sudurra onenen artean sartzen hasi nintzen, eta horrek Iruñeko Munduko Txapelketarako konfiantza handia eman zidan. Konfiantza horri esker urrezko domina eraman nuen banaka, eta zilarrezkoa binaka. Horrek afizionatuekin jokatzeko parada eman zidan, baina emaitzek garbi erakusten zuten ez neukala kontrariorik. Maila horretan estankatuta geratzeko beldurrez, profesionalekin probatu nahi nuela esan nien nire entrenatzaileei. Gaur arte.
Pariskoa bezalako gutxiesteek irabazteko gosea areagotu zizuten?
Kuban ere txapeldunak zeudela erakutsi nahi nion munduari. Kontuan hartu behar gintuztela frogatu nahi nien. Besterik ez. Nazioarteko lehiaketen atarian, nire entrenatzaileak beti esaten zidan ez neukala ezer galtzeko. Banekien frantsesek irabazten bazidaten ez zutela beste munduko ezer lortuko, baina nik irabazten banien sekulako problema izango zutela. Filosofia horrek asko laguntzen ninduen, eta bertatik edaten nuen egunero. Teorian ni baino hobea zen bati irabazten niolarik, are indartsuagoa sentitzen nintzen, eta buruz sendo bazaude…
Pentsatu izan duzu besteek jostatzeko jokatzen zuten bitartean zuk jateko jokatzen zenuela?
Gaur egun, jateko jokatzen dut. Nire familiak eta lagundu ditzakedanak jan ahal izan dezaten. Luxurik ez dagoen herri batetik nator eta ez dut luxuak ordaindu ahal izateko jokatzen. Nire buru-gogoek Kuban jarraitzen dute. Europara datozen kubatar batzuek beraien familia eta jatorria ahanzten dituzte. Beste batzuek berriz, argazkiak ateratzen dizkiete beraien etxetzarrei edo frigorifiko bete-beteei eta Kubara bidaltzen dituzte. Ez dira konturatzen horrek egin dezakeen minaz. Nik bi urte daramatzat hemen eta bidali ditudan argazki eta bideoetan ez dut nire etxeko ezer erakutsi. Ez zait autosufizientzia modu hori gustatzen. Frontoian bai, entrenamenduetan ere onena izan nahi dut, baina hortik kanpora...
Hemen, frontoitik kanpora 20 euro ia gutxietsi egiten dira, eta Kuban...
Badakizu zenbatekoa den soldata arrunta Kuban? Hamar euro hilabetean. Kubatar bat oso-oso ongi bizi da 50 eurorekin. Etxekoei dirua bidaltzen diedanean beti esaten diet aurreztu behar dutela. Oso erraza baita burua galtzea. Ni munduan barrena bakarrik ibili naiz eta lortu dudana ez dit inork oparitu. Gainditu dudan oztopo bakoitzak sendotu nau, hiltzen ez zaituenak indartsuago egiten zaituelako. Baina ez dut ahantzi nahi nondik natorren, eta nagoen tokiraino iristeko zer pasa behar izan dudan. Ez dut ahantzi nahi, hurrengo egunean entrenamendu bukaezin bat ukan arren, baso bat ur afalduta oheratzen nintzela. Hori Europara datozen kubatar askori ahaztu egiten zaie. Niri ez. Gure arteko aldea oso sinplea da. Nik jainkoan sinesten dut eta eurak jainkoa direla sinesten dute.
Horrek laguntzen dizu gurean kirolari ematen zaion hil ala biziko tratamendua erlatibizatzen?
Nire kasua ezberdina da. Badakit publikoak partidaro nire onena ematea eskatzen didala. Gehiengoak ulertzen du ez dela beti erraza, baina bada ezer barkatzen ez didan jende multzo bat. Ez da ahantzi behar atzerritarra naizela, beste herrialde batetik natorrela, hemen ia-ia bakarrik nagoela, eta Kuban dagoen arren, nire familiaren gorabeherek eragiten didatela. Esaterako gure aita diabetikoa da, eta osasun arazoak baldin baditu, ezinezkoa zait hori ahaztuta kantxaratzea. Partida bat baino askoz garrantzitsuagoa da hori niretzat. Badakit nor naizen, zenbat jokatu dezakedan, eta hortik aurrerakoak nire kolkorako gordetzen ditut.
Aztertua sentitzen zara?
Hitz batzuek min ematen dute. Partida bat galdutakoan, ahobero batek nire maila eman ez dudala esaten didanean aurpegia txiki-txiki egiteko gogoa sartzen zait. Horretan kubatarrak oso odol-beroak gara, eta galtzen dugunean ezin zaigu ezer esan. Hemen gauzak lasai hartu behar direla ikasi dut, halakoei paso eman behar zaiela, eta hurrengoan ahal bezain ongi jokatzea dela jende hori isiltzeko modurik eraginkorrena. Ezin diet bekaizti horiei kasu egin. Kasu egingo banie nire buruaz beste egin beharko nuke. Gainera, ez da ahantzi behar nire familiari laguntzeko nagoela hemen, ez arazoak edukitzeko.
Horregatik egin zenuen Kubatik ihes 2004an?
Zure familia lagundu dezakeen haurride bakarra zarela ikusten duzunean ez duzu bi aldiz pentsatzen. Nik Kuban dena neukan, baina nire familiak ez. Horregatik iruditu zitzaidan hobea nik hemen denetik pixka bat ukatea, eta nire familiak deusen faltarik ez izatea. Kuba atzean utzi nuenean banekien bost urtez ezingo nintzela bertara bueltatu. Baina denbora aurrera doa, eta hurrengo urtea noiz helduko zain nago, nire familia berriz besarkatu ahal izateko.
Euskal Herrian Kubako oso irudi idealizatua dugu. Nolakoa da benetan? Zer aurki genezake bertan?
Kuban ere, leku guztietan bezala, denetik dago. Baina kubatarrak oso bereziak gara. Oso sentiberak, oso alaiak. Gose izanagatik, sekulako poztasunarekin esnatzen da jendea. Jateko ezer ez baldin baduzu, auzokoaren aldaba jo, eta daukan apurra emango dizu. Hori hemen pentsaezina da. Alaitasun eta elkar laguntzeko dugun gaitasunak jende asko harritu eta erakartzen du. Ez gaitezen engaina, bada Kubara emakumeengatik joaten den jendea, baina askoz gehiago da gure herria nolakoa den ikustera gerturatzen dena. Dena den, Kuban zer dagoen jakiteko norbere begiz ikusi behar da, norbere bihotzez bizi.
Bizitzeko modu alai horrek eragiten du zuen jokatzeko moduan?
Jakina. Pozik entrenatzen dugu, entrenatu ostean zer jango dugun pentsatu gabe. Jendeak ez dauka inolako estimulurik baina oso motibatuta entrenatzen da. Harrigarria da, herri azpi garatu bat izanik nola daukagun munduko kirolari harrobi onenetakoa. Gurean dena da alegrantzia, ausardia eta berotasuna. Kontserbadorea bazara jan egiten zaituzte. Kuriosoa da baina Komandantea izango da kontserbadoreena. Nire entrenatzaileak beti esaten zuen diskotekara sartzen nintzen bezala irteten nintzela kantxara. Egia da, bietara dibertitzera joaten nintzen. Horregatik gustatzen zait frontoia bete-betea dagoenean. Horregatik hazten naiz partida garrantzitsuetan. Horregatik hogeita hemeretzina gauden bakoitzean arriskatuko dut tantoa amaitzeko. Izaeraren parte da, eta ni naizen bezalakoa naiz kantxan zein bizitzan.
Komandantea aipatu duzu...
Ez dut sekula haren aurkako adierazpenik egin, ez naiz sekula politikan nahastu. Politika eta kirola bi mundu dira niretzat. Nik politika Komandanteari utzi diot, bera baita horretan jakituna, eta ni nire herriarentzako dominak irabaztera dedikatu naiz. Ez daukat Fidelengatik gaizki jarduteko motiborik. Nik ez nuen Kubatik arrazoi politikoengatik alde egin, nire familia lagundu nahi nuelako baizik. Miamitik deitu izan didate Komandantearen aurka mintza nendin, baina zergatik? Ez da ahantzi behar, Komandanteari esker, Kuban gauza on asko daudela. Herrialde garatuetan ez bezala ez dago analfabetorik, hezkuntza eta osasun arloak doakoak dira... Nire herria asko maite dut, eta berari esker iritsi naiz iritsi naizen tokira.