Honela idatzi zuten Depresio Handia

  • Poltsa eta bizia, biak joan ziren pikutara halako batean. New Yorkek ez zeukan guardasolik burtsako artekarien zaparradaz babesteko. Ehunka, milaka langabe kalean zer suma eta Depresio Handiak pilularik ez; mende laurden beharko zen buruko min hura arintzeko. Bitartean, AEBetako literaturak goia jo zuen, herritarren bizimodu lakarra kontatuz.
Depresio handia
Ekonomiari tristura handiena sartzen zaionean ez da salbatzen inor; ez da salbatzen ezer. Ezta kultura ere. Arteen industriek, mundu osoak bezala, dar-dar egin zuten Wall Streetek 29an bere buruaz beste egin zuenean. Nork kontatu eta kantatu behar zituen AEBen pena berriak? Posible ote zen artea, halako desastrearen ondoren? Zer egin?

Kezkatu ez behintzat. Lasai: idazlea kontsumo baxuko sortzailea da. Ez ditu beste munduko baliabideak behar –idazmakina, kaferen bat edo beste, menu merkeagoa bazkaltzeko ere prest legoke, eskatuz gero–; soldata txikiarekin konformatzen da normalean; papera kopiatzea ez da zeluloidea kopiatzea bezain karioa; eta behin norbaiten etxera iritsi denean, literatur lana bizi osorako han egongo da, apalak dekoratzen, mahai herrenari egonean laguntzen; beti zain, gurasoek noiz irakurriko; berdin seme-alabek edo kuxkuxean dabilen adiskideren batek. Horregatik ez da behin ere desagertuko literatura: hain da merkea, hainbeste ematen dizu ia doan...

Baina klaro, horrek bakarrik ez du esplikatzen 1930eko hamarkadan ingelesezko literaturan gertatu zena: irakurleen eskuetara burtsa bezain azkar hasi ziren erortzen maisulanak. XX. mendeko klasiko ugarik ikusi zuten argia hamar urte horietan. Eta aurreko urteetan ez bezala, gizarte gatazkak bilakatu ziren literaturaren gai zentral.

Mahatsek eskuma sumindu zuten

“Pentsatu lanpostua eskaini behar diozula norbaiti, eta gizon bakarra etortzen zaizula lan eske. Eskatzen duena ordaindu beharko diozu. Baina imajinatu ehun gizon daudela, eta ehunek nahi dutela lanpostua. Imajinatu haurrak dituztela, eta haur horiek goseak daudela. Demagun hamar zentimoko txanponarekin haur horientzat ahia erosten ahal dutela. Hamar zentimo bakarrik eskaini, eta lanpostua eskuratzeko elkar hilko dute”. John Steinbeckek 1939an argitaratu zuen The grapes of wrath (Suminaren mahatsak), burtsaren katastrofea gertatu eta hamar urtera. AEBetan langabezia %15ekoa zen oraindik.

Tom Joad, kartzelatik atera berri, etxera buelta egiten ari da Jim Casy lagun duela. Oinez-oinez iritsi da haurtzaroko baserrira eta mundua gainera etorri zaio: hutsik dago etxea, gogoratzen zuen ezeren arrastorik ez. Inguruan bila hasi da Joad, osabarekin topo egin arte. Haren familia ere, etxea bizkarrean hartuta alde egitekotan da. Uzta galdu egin da eta esperantza bakarra Kalifornian dago: eskuorri asko banatu dituzte, hara joanda jornal ona izango dutela aginduz. Bidera aterata ordea, norabide berean doazen ehunka familia daudela ikusiko dute. Eta Kaliforniara iritsita, tragedia; ezin gutxienekoa eskuratu: etxerik eta lan finkorik ez. Grebak berriz, nahi adina. Eta, beste aldetik, eskirol izateko gonbiteak. Ez dugu nobelaren bukaera kontatuko, ez dago beharrik.

AEBetako literaturaren gailurrean jarri zen Steinbeck The grapes of wrath argitaratzearekin batera. Istorioaren eduki soziala ikusita komunistatzat jo zuten herrialdeko sektore eskuindarrek; zenbait herritarrek jendaurrean erre zuten liburua; irratiko eztabaida politikoetan bolo-bolo ibili zen; eta, batez ere, jendeak irakurri egin zuen. Mingain gaiztoenak isildu ziren, Steinbeckek Pulitzer eta Nobel Saria eskuratu zituenean.

Bada anekdota bitxi bat, Kaliforniako Nekazarien Elkarteak liburuaren kontra egin zuen erasoarekin lotua. Nobelan kontatutakoa “gezur pila” zela esan zuten elkarte horretako kideek. Beraien ustez, puztuak ziren Steinbecken nobelako nekazarien baldintza negargarriak, baita kaliforniarren xenofobia agertzen zuten pasarteak ere. Idazleak ordea, ondo ezagutzen zituen laborarien baldintzak. Horregatik nobela idaztean leundu egin zituen, berez gordinagoak –eta sinesgaitzagoak– ziren kondizioak, sinesgarritasunaren mesedetan; bazekien egia askoz okerragoa zela. Eta hala ere propagandista esan zioten.

Hamarkada Gorriko manifestua: Kultura eta krisia

Ez zen Steinbeck bakarra izan: ehunka idazle, intelektual eta artistari leporatu zioten komunista izatea 1930etako AEBetan. Hasiak ziren suak pizten; II. Mundu Gerrak bolada baterako apalduko zituen, baina bi hamarkada geroago Joseph McCarthy senatariak sorgin ehizari ekingo zion.

Eta egia da, baziren alderdi komunistaren aldeko idazleak 1930etako AEBetan. Are, herrialdeko kultur bizimoduan eragin nabarmena izan zuten. Askok gainbehera ekonomikoaren ondorioz hartu zuten ezkerbidea; lehenagotik ere kausarekin engaiatuak ziren beste batzuk, Sacco eta Vanzetti anarkisten exekuzioen aurka 1927an protestetan ibili zirelako.

1932an horietako asko elkartu egin ziren, hamarkadaren kolore gorria markatuko zuen manifestua sinatzeko: Culture and the Crisis (Kultura eta krisia). Azkar esateko, panfletoak AEBetako alderdi komunistaren programari babesa eskaintzen zion, herritarrek presidentea aukeratu behar zuten urtearekin bat eginez. Eta sinatzaileak ez ziren edozein: John Dos Passos, Sherwood Anderson edo Langston Hughes ezagunak egingo zaizkio literatura iparamerikarra ezagutzen duen edonori.

Graham Barnfield pentsalari marxistaren ustez, manifestuaren publikazioa gertaera esanguratsua izan zen, eta ez paperean idatzi zutenarengatik bakarrik. Testuinguru zabalagoa hartuta, AEBetako Hamarkada Gorriaren adierazle da. “AEBetako onenek, distiratsuenek programa komunistari babesa adierazi izanak, ezinegon sakona eragin zuen herrialdeko eliteetan” dio Barnfieldek.

Eskuinera erori zen Dos Passos

Manifestua sinatu baino lehenago, 1930. urtearekin, John Dos Passosek The 42nd parallel (42. paraleloa) nobela argitaratu zuen. “AEBetako trilogia”-ko lehenbizikoa izan zen. Hiru liburu horiek dira Chicagoko idazlearen lanik esanguratsuenak, Manhattan transfer nobelarekin batera.

Nobelotan erabilitako teknika berritzaileak gorabehera, Dos Passosen ikuspuntu politikoa interesatzen zaigu erreportaje honetarako. Industrial Workers of the World (IWW) erakundearen aldeko jarrera nabarmena adierazi zuen idazleak lan osoan; AEBetako alderdi komunistarekin hotzago agertu zen –nahiz eta komunista batzuk sinpatiaz deskribatzen dituen–; eta, batez ere, mendearen lehen hereneko borroka sozial eta politiko garrantzitsuenak ezkerretik erretratatu zituen. Woodrow Wilson presidenteak I. Mundu Gerraren ondoren nazioartearen txaloak jasotzen zituelarik, Dos Passosek aurpegia zikindu zion, haren manupean ezkerreko taldeen aurka antolatutako oldarra salatu zuenean.

Denborak dena aldatzen du, baina; trilogiaren azken libururako hasi ziren idazlearen mainak: Dos Passosek hiru obren proiektua ezkerretik abiatu bazuen ere, sabelean hazten ari zitzaion harra. Aldaketa soziala desira hutsa bihurtuko da kontakizunak aurrera egin ahala, lortu ezinezko helmuga. Pertsonaien bilakaera ikustea besterik ez dago: hil egingo dira batzuk, zahartu eta asmo iraultzaileak baztertuko dituzte bestetzuk… Horra non zegoen idazlea bera; “AEBetako trilogia” bukatzerako komunismoaren teoriari eztenka ari zen hainbat artikulutan. Eskuinerantz hasi bazen, hasi zen: 1950eko hamarkadan Joseph McCarthyren –berriro atera zaigu bidera!– jarraitzaile bihurtua zen.

Eskuineko aldetik lurrera jausi zenean, amets batetik nola, halaxe esnatu zen John Dos Passos; berriro ohera sartu zen; lo egin zuen, baina ametsik ez.

Nobela beltza ez zuen haizeak eraman

Nobela beltz handien hamarkada ere izan zen 1930ekoa: 1939an publikatu zen Raymond Chandlerren The big sleep, 1995ean Igela argitaletxean Betiko loa titulupean Iñaki Ibañezek euskaratua; 1934koa da James M. Cainen The postman always rings twice, hau ere Igelan ateratakoa, Xabier Olarrak euskaratua Postariak bi aldiz deitzen du beti izenburuarekin. Generoaren bi maisulan, ezbairik gabe.

Distopien eremuan, Aldous Huxley ingelesaren Brave new world –Xabier Amurizak Bai mundu berria itzuli zuen– 1932koa da; William Faulknerrek As I lay dying (Hilzorian nagoela) eta Absalom! Absalom! publikatu zituen 1930 eta 1936an hurrenez hurren; ezin ahaztu Margareth Mitchellen Gone with the wind (Haizeak eramana) nobela ere, 1937ko Pulitzer saria. Ondorengo zinemarako egokitzapenarekin izugarri famatu egin zen AEBetako hegoaldean girotutako istorioa.

Zerrenda ad infinitum luza genezake, baina ideia garbi geratzen denez, ez dugu elkar aspertuko. Depresio ekonomikoak goitik behera astindu zuen AEBetako literatura. Idazleek begirakunea aldatu zuten, poltsikorik behar ez zuten gizon-emakumeak ikusteko. Helburua: hamarkadaren zeitgeista harrapatzea. Denbora gutxian Francis Scott Fitzgeralden Gatsby Handia dirurik gabe geratu zen. Akabo aberaskeriak. Txikiak ziren protagonista berriak, zikin pobreak, mundua bera ere halakoa baitzen.

Orain, depresio ekonomiko berriaren zurrumurrua ozentzen ari delarik, ez legoke gaizki erloju mundialaren “krak!” hotsa gertutik entzun zuten idazle hauei hautsa kentzea, gainera etor daitekeena ikasten hasteko baino ez bada ere. Steinbeck, Dos Passos… Inoizko ekonomia liburu ulergarrienak idatzi zituzten, beharbada.

Azkenak
Irakasle baten jazarpena eta ukituak
EHUk baieztatu du hainbat salaketa formal jaso dituela eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatua duela

EHUko Errektoretza Taldeak ARGIAra igorritako oharrean zehaztu duenez, Filologia Hispanikoko irakaslearen aurkako salaketen "berri izan zuen unetik abian da protokoloak zehazten duen prozedura". Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo... [+]


Tabakoaren kea irensten duten haurrek erretzaile aktiboen antzeko arrastoak dituzte DNAn

Erretzailea ez izan arren tabakoaren kea jarraikortasunez irensteak ekar ditzaken osasun arazoak ikertu ditu Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak, eta frogatu du arrasto arriskutsuak uzten dituela haurren DNAn.


2025-02-12 | Hala Bedi
Maren Lazpiur (Ikasle Abertzaleak): “Gizartean gertatzen ari den gorakada erreakzionario horretan, unibertsitatea ez da salbu gelditzen”

Kurtso hasieran, 2024ko irailean EHUko Bizkaiko campusean lan-zuzenbidea irakasten zuen irakasle faxista baten berri eman zuten ikasleek. Beste irakasle bat salatu berri dute, oraingoan EHUko Arabako campusean Farmazia Fakultatean, sare sozialetan mezu eta ideia erreakzionarioak... [+]


Netanyahuk gerrarekin mehatxu egin du larunbatean preso trukea egiten ez bada

"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]


2025-02-12 | Euskal Irratiak
Marieniako lurren aldeko militanteen epaiketa, irailaren 9ra gibelatua

Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien... [+]


Adimen artifizialean 200.000 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu du Europak

Otsailaren 10 eta 11n ehun bat estatuburu elkartu dira Parisen, Adimen Artifizialaren sektoreko ordezkariekin batera, AAri buruzko laugarren gailurraren kari. Abiadura handian garatzen ari den teknologia horri buruzko kezkak eta galderak entzun badira ere, ez zen horientzako... [+]


Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


2025-02-12 | Iñaki Barcena
Aroztegiaren silogismoa

Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.

Tesia: Baztango... [+]


Antzinako hegaztien gidaliburua

Poloniar ikerlari talde batek Sevillako Italica aztarnategiko Txorien Etxea aztertu du, eta eraikinaren zoruko mosaikoak erromatar garaiko hegazti-bilduma xeheena dela ondorioztatu du. 

Txorien etxean 33 hegazti daude mosaikoetan xehetasun handiz irudikatuta. Beste... [+]


Despremu deprimituaren ondarea

Berriki landu ditut klasean Etxahun Barkoxeren kobla eder eta hunkigarriak. Gaizo gizona! “Edertasunez praube” sortu zelako hasi zitzaizkion etxeko nahigabeak, baina hamazazpi urtetan zen pulunpaka sartu zorigaitzaren itsasoan, maite zuen Marie Rospide doterik gabeko... [+]


2025-02-12 | Edu Zelaieta Anta
Gainbabesaren desbabesa

Elkarrizketa berritu dugu fakultateko idazkaritzan, auskalogarrenez: urruti daude, euren matrikula egiteko, ikasleak bakarrik etortzen ziren garaiak. Aspaldixko aldatu zen joera, eta gurasoek –nabarmenago amek– gero eta paper aktiboagoa hartzen dute seme-alaben... [+]


Harreman publiko-komunitario-kooperatiboak eraikitzeaz

Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina... [+]


Eguneraketa berriak daude