argia.eus
INPRIMATU
Zertan da ozono zuloa aurten?
Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko maiatzaren 02a
Azken urteotan legez, ozono mailaren eboluzioaren inguruko datuak ematera gatozkizue oraingo honetan ere. Ozono mailaren beherakada poloetan antzeman zuten orain 25 urte, Hego Poloan batez ere. Baina beherakada ez da urte osoan gertatzen, hemisferio horretako negutik udaberrira igarotzean baizik, hau da, abuztutik azarora bitartean.

Joan den hamarkadan oso ezkor agertu ziren zientzialariak, baina gauden hamarkada honetan ozono beherakadak ez du gora egin eta badirudi beheranzko joera ere baduela.

Gizakia bizi den lekuetan ez dira ia nabaritzen poloetan gertatzen diren ozonoaren gorabeherak, baina orain hamar edo hamabost urte, Txileko hegoaldean asko igo zen animalia itsu kopurua, eta ziurtzat jo ez badaiteke ere, Hego Poloko ozonoa gutxitzeari egotzi zitzaion; gogoratu beharra dago ozonoak eguzkitik datozkigun izpi ultramore kaltegarrietatik babesten gaituela eta beraz, hura gabe ez litzatekeela posible egun ezagutzen dugun bizia.

Eta 2008an zer gertatu da? Ondoko hiru ezaugarri aipa ditzakegu: batetik ozono urritasuna inoiz baino beranduago hasi zen, ia irailean. Bestetik, datuak 2007koak baino okerragoak izan dira, baina ez askoz okerragoak, eta azkenik, joan den hamarkadako kopuru kezkagarrietara ez da ailegatu. Beraz, aurten ere baikor jarrai dezakegu. Datorren urtera arte!