Irun, 1902. Irun Football Club izeneko taldea sortu zen. Inguruko talderik goiztiarrenetakoa izan zen, batetik, Frantzian futbola mugaz hegoaldera baino lehenago sartu zelako eta, bestetik, marinel ingelesek kirol berria ekarri zutelako. 1907an taldeak izen berria hartu zuen: Irun Sporting Club. Baina urtebete geroago, 1908an, taldea zatitu egin zen eta Irungo Racing Club sortu. Bi taldeen arteko lehia gogorra izan zen ordutik aurrera, talde bateko zein besteko zaleen artean liskarrak izateraino.
Sporting Club izan zen Espainiako Txapelketan parte hartzen lehena, 1912an, baina ez zuen bide luzea egin. Hurrengo urtean Racingen txanda iritsi zen. F.C. Bartzelonaren aurkako finalaurrekoan arbitroak sei gol balio gabe utzi zituen, baina azkenean irundarrek 1-0 irabazi zuten. Finalean, Athleticen aurka, bina berdindu zuten luzapena eta gero. Berdinketa hausteko norgehiagoka biharamunean jokatu zuten, 1913ko martxoaren 23an, eta irundarren gol bakarrak lehen Errege Kopa eman zien.
Garaipen handia irundar guztiek ospatu zuten, baita Sportingeko zaleek ere eta, horrenbestez, bi taldeak batzeko hazia erein zuten. Batasuna 1915eko maiatzaren 9an gauzatu zen eta talde berriaren izena ere batasun hartatik etorri zen: Real Union Club.
Aurrerantzean, zaleak bat eginda, Erreala izango zen arerioa. Eta lehen asaltoa behintzat irundarrentzat izan zen: 6-1 irabazi zioten Errealari izen berriko klubaren lehen partiduan.
1918an, Iparraldeko Txapelketa irabazi eta Espainiako Txapelketarako txartela lortu zuen. O’Donell estadioko finalean Real Madrili 2-0 irabazi eta Errege Kopa bigarrenez joan zen mugako hirira. 1922an madrildarrak berriro mendean hartu zituzten, baina finalean Bartzelonaren aurka galdu zuten. 1924ko finalean ostera ere Real Madril zeukaten parez pare, Atotxako finalean. Gol bakarrari esker irundarrek hirugarren kopa eraman zuten etxera. Eta 1927ko finalean Getxoko Arenas mendean hartuta irabazi zuten laugarrena, finalaurrekoan berriz madrildarren borrero izan eta gero.
1928an, Espainiako Liga Txapelketa sortzeaz bat, Real Unionen gainbehera hasi zen. Futbola profesionalizatuz joan zen eta pixkanaka, jokalari irundarrak hiri handietako talde dirudunagoetara joan ziren. 1931-32 denboraldian bigarren mailara jaitsi eta taldeak, orain arte, ez du lehen mailara itzultzea lortu.
Baina Espainiako Errege Kopako palmares historikoan lehen hamarren artean dago oraindik. Eta garai bateko balentriak egiteko gai dela erakutsi berri du.