«Espainiako Gobernua ez da kutxazain automatiko bat»

  • Zestoa (Aizarna), 1954. Zuzenbidean doktorea. PSE-EEko presidentea. El arreglo vasco liburua kaleratu du berriki. Liburuaren harian –zati hau argia.eus-en dago– mintzatu gara hasieran, azkeneko bake eta normalizazio prozesuaz ondoren eta EAEko datozen hauteskundeez amaieran. Bere hitzetan Patxi Lopez da aldaketa ekar dezakeen lehendakarigai bakarra.
Jesus Egiguren
Jose Ramon Gomez
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
“Disgustu izugarria hartu nuen, prozesua benetakoa zela pentsatu nuelako. Epe luzeko prozesua ikusi nuen, baina sortuz joango ziren oztopoak gainditzeko bitartekoak sendoak zirela uste nuen” esan digu Jesus Egigurenek azken bake prozesuaz. Baita hauxe gehitu ere: “ETAk ez badauka borroka armatua uzteko erabakia bene-benetan barneratuta, ezartzen diren bitarteko guztiak bigarren mailan geratuko dira beti. Metodologia egokia izanda ere, ez baldin badago biolentzia uzteko borondaterik, edozein prozesu behera etorriko da”.

Prozesua zapuztu bazen ere, zu zara prozesua esperientzia baikorra izan zela esaten duen bakarrenetakoa.


Bai, ezta? Espainia osoan finkatu den teoriaren arabera prozesua gaizki egin zen, emaitza txarrak izan dira azken finean. ETAk ere gauza bera dio: “Gobernuak ez zuen ezer egin, ez zen elkarrizketa seriorik egon”. Ni naiz prozesua positiboa izan zela dioen bakarra, edo horrela dirudi.


Zein da alde positiboa, bada?


Galdera hau segidan dator, noski. Gaiaz hitz egitea zaila da ordea, irristakorra. Nik ez dut terrorismoaren mundua ez bere atzean dagoena ezagutzen. Halere, Batasunak eta terrorismoaren mundua justifikatzen dutenek prozesuari hainbeste kritika egin dioten arren, beraiek ikusi zuten eta badakite prozesua benetakoa izan zela, eseri ziren aldeen artean hitz egin zela. Hori berez positiboa da.

Loiolako elkarrizketez ari al zara?


Loiolako elkarrizketetan oso urruti iritsi zen. Eta nahiz azkenean akordiorik ez zen lortu, gai guztietaz hitz egin zen, eta gai guztientzako metodologia landu zen. Prozesuak balio izan zuen agertzeko posible dela elkarrizketaren bidez bakea eta normalizazio politikoa lortzea.

Loiolan jorratutako bidera itzuli beharko dela esan nahi duzu, nolabait.


Beno... Orain esan dudana behin edo bitan esan dut, baina inori ez zaio gustatu eta isildu naiz. Noski, politikan esaten diren gauza guztiak bezala, hauek ere hipotesiak dira. Dena dela ere, argi dago herri honek aldaketa behar duela. Euskadin 30 urtez politika, gobernu, arazo eta eztabaida berarekin segitzen dugu eta bestelako giro politikoa behar dugu. Bake eta aldaketa politikoaren artean harreman zuzena egon ez arren, horiek biak deslotu behar badira ere, logikoa da aldaketa behar dela esatea. Lehendakariak “Kontsultarekin bakea lortuko dugu” esaten du eta denak isiltzen dira. Guk ez diogu leporatzen terrorismoa erabiltzen ari dela politika egiteko, baina Alderdi Sozialistak esaten badu euskal politikan aldaketa behar dela katarsia izan dadin, eskandalu izugarria muntatzen dute.

Josu Urrutikoetxearekin batetik eta Arnaldo Otegirekin bestetik izan zenituen harremanez idatzi zen prentsan. Zer geratu da esperientziatik?


Horrelako harremanetan –eta politikan oro har– jendeak uste du hitz egiten delako konfiantza handia dagoela, baina ez da horrela izaten. Izugarrizko deskonfiantzarekin hitz egiten da. Kasu hauetan pentsaera diferenteak dauzkagu eta esparru politiko ezberdinak ordezkatzen ditugu. Beraz, haiek pentsatuko zuten ea nik nola engainatu nahiko nituen, eta nik gauza berdintsua pentsatzen nuen haietaz. Edonola ere, Urrutikoetxearen kasuan ez daukat ezer esateko. Otegi ahal zuen guztia egiten saiatu zela uste dut, baina azken erabakia ez zela bere esku egon.

“Ibarretxe Planaren aurrean, gauza batzuetan, hurbilago gaude Batasunetik EAJtik baino” esan zenuen duela lau urte Argian.


Batasunaren ildo politikoa aldatu da harrezkero. Anoetako Proposamenean akordioak alderdien arteko elkarrizketen ondorioz etorri behar zuela zioen. ETAk eta Gobernuak beraiena konponduko zutela. Batasunak ez du egun esaten orduan esan zuena edo ezin du esan.

ETAk bere azken agirian Estatua berriz ere eseri beharko dela esan du.


Ez da jendea engainatzea komeni. Espainiako Gobernua ez da kutxazain automatiko bat, Europa demokratikoko estatu bateko Gobernua da. Erakunde armatu batek nahi duen unean su-etena hasi eta nahi duenean buka dezakeela, baita elkarrizketak berriro ere bidera daitezkeela pentsatzen badu, oker dago. Errealitatea hori baino askoz konplexuagoa da. Aukerak ez dira nolanahi sortzen eta lantzen. Hurrengo prozesua askoz zailagoa izango da ETArentzat, baldin badago, noski. Ni ez naiz jada gauza horietan sartuta. ETAk su-etena puskatu zuenean ez zuen egin bi hilabete barru Gobernua berriro eseriko zela pentsatuz. Komeni da egia esatea.

(...)


Honelako gaiek luze jardutea eskatzen dute, luzeegia litzateke elkarrizketa hau. Gainera ezin da denetaz hitz egin. Alegia, inork ez dezala pentsa ETAk su-etena puskatu zuela, esan den bezala, Nafarroari buruz sortu zen eztabaida zela-eta. Puskatu zuen bere kalkuluetan borroka armatuarekin jarraitzea zegoelako.

El arreglo vasco liburua aurkeztu duzu berriki. Arreglo forala aipatzen duzu. EAJk egun sinesten ote du horretan?


Une honetan ez dakit EAJk zer nahi duen. Batzuetan antzeko irtenbideak defendatzen ditu, Imazek nahiz Urkulluk Kontzertu Politikoaz hitz egitean esaterako. Baina, funtsean, EAJren azken urteotako praktika politikoa ez da arreglo bilatzera zuzendua izan. Nazionalistek “indar metaketa bilatu behar dugu” diote, eta hori finean “gure tesia mundu guztiari inposatuko diogu” esatea da. EAJren jarrera eta ezker abertzalearen jarrera hori da, Lizarra-Garaziko Akordioan ageri dena. Baina Batasunak Anoetan egin zuen proposamena ez zen hori izan, proposamena arregloarena izan zen.

Beste aldean, PPk ere horixe nahi du, espainolisten indar metaketa egitea beren eredua besteei inposatzeko. Jarrera horiek okerrak dira eta gainera alferrikakoak, herri honetan inork ez duelako nahiko indar bere eredua besteei ezartzeko. Une honetan alderdi bat baldin dago arregloaren eta akordioaren alde PSE da. Bakarra. PSEri ez diozu entzungo PPrekin indar metaketa egin nahi duela abertzaleak garaitzeko.

Patxi Lopez lehendakari bada ez da PPren sostenguarekin izango, orduan.


Ez, inola ere. Hori orain gauden bezala segitzea litzateke edo antzeko egoeran. Hautatua ateratzeko, Ibarretxek EA, EB edo Aralarren laguntza beharko du, berriz ere gobernu frentista osatuz. Horren alternatiba beste gobernu frentista osatzea bada, ez du merezi. PSEk irabazten badu, gobernu transbertsala bilatuko du, baina hipotesi horretan PPrekin gobernatzea baztertuta dago. Ni presidente naizen bitartean PSE ez da PPrekin gobernuan egongo, ezta Patxi Lopez idazkari nagusia dela ere. Eta hauek ez dira hitz hutsak. PSE Donostian Aralar eta EBrekin ari da gobernatzen, ez PPrekin. Gasteizen berriz Patxi Lazkoz EAJrekin ari da...

Alegia...


Argi dago. Alderdi Sozialista tokian tokiko gobernura heldu denean adostasunezko gobernuak osatu ditugu, transbertsalak. Badakit hau esatea arriskutsua dela eta batzuek gaizki interpretatuko dutela baina...

Esan, esan...


Aldaketa politikoa Euskadin izan dadin bakea lortzea oso inportantea da, beharrezkoa. Pauso inportantea litzateke bakea lortzea, PSE askoz indartsuagoa izango litzatekeelako Madrilen, Espainiako PSOEn. Ez da berdin Madrilera joatea “Euskal Alderdi Sozialista gara eta hau egitea proposatzen dugu” esanez edo “Ni lehendakaria naiz, Euskadin gobernatzen ari gara eta hau egin nahi dugu” esatea. Patxi Lopez da aldaketa ekar dezakeen alternatiba bakarra.

Zer egiteko zehazki?


Ez dut horretan sakondu nahi, ezin dut, alde guztietatik gaizki interpretatuko dutelako.

Jesus Egiguren aliatuak bilatzen ari dela ulertu behar dugu?


Gobernuan egotea funtsezkoa dela esan nahi dut, denek errespetatzen zaituztelako, hemen eta Madrilen.

Jaurlaritza berrian Lopez lehendakari eta Ibarretxe lehendakariorde proposatzen duzu nolabait.


1968ko maiatzeko eslogan batek zioenez: “Izan errealista, eskatu ezinezkoa”. Ez litzateke gaizki egongo, baina ez dut ikusten EAJ Patxi Lopez laguntzen. Oxala! Hala balitz ongi etorri. EAJren lehen arazoa zer nahi duen garbi jakitea da, barruan dituen krisiak konpondu behar ditu.

Alderdi Sozialistan ere ba omen daude bitasunak: Zapatero eta Egiguren batetik, Perez Rubalcaba eta Patxi Lopez bestetik.


Ez, inola ere. Nik Madrilen ez dut behin ere denbora larririk galdu. Politikak erakutsi didanez Madrilen kasu egitea nahi baduzu hemen zerbait lortuta joan behar duzu. Nik Madrilgo alderdikideekin oso gutxi hitz egin dut bake prozesuaz. Alegia, hemen ez badugu ezer arreglatu alferrikakoa da Madrilera asmo onekin joatea. Zerbait inportanterik eraman gabe, ez duzu gauza handirik balio. Madrilen gauza asko dute buruan eta Euskadi ez da munduaren zilborra. Nik prozesuaz oso gutxi hitz egin dut Zapaterorekin, oso gutxi. Gauzek ez dute batzuek uste bezala funtzionatzen.

EAJ eta EA ez dira elkarrekin EAEko hauteskundeetan aurkeztuko. Zer balorazio egiten duzu?


Inork ez duela Ibarretxerekin joan nahi. Eta nik pertsona bezala asko estimatzen dut Ibarretxe, baina bere politikarekin nire desadostasuna ezaguna da. Urkulluk berak ere beldur diola ematen du, beste hautagai eta proiektu bat nahiago lituzkeela. EA joan zaie, EB eta Aralar beren aldetik dabiltza. Ibarretxek egin duen politikaren frakasoaren ondorio argia da. Ez dago batasunik ez politika partekaturik, gauza bat dute komunean, ezker abertzaleko botoak irabazi nahia. Dena den, EA eta EAJ bereiz joatea gauza ona da. Alderdi bakoitzak bere proiektua defendatu behar du. EAk ez du bere buruaz beste egingo. EAJrekin batera joanda ere ez du eserleku gehiago ez gutxiago aterako.

EA eta ezker abertzaleko indar politikoak batuko direla diote zenbaitek.


Ez dut egingarri ikusten. EAk asko hitz egiten du independentziaz baina EA eta ezker abertzalearen artean dagoen amildegia ezker abertzalea eta EAJren artean dagoen bera da. EAJ eta EA anaikideak dira, ez bat ez bestea ez dira barrikadetan egon. Ulertzen dugu elkar, ezta?
'El arreglo vasco (Fueros, constitución y politica en los siglos XIX y XX)' liburua hizpide

El arreglo vasco liburua aurkeztu duzu berriki. Euskal arazoaren konponketa ezinezkoa dela esan ohi duzu, baina arreglo baduela diozu betiere.


Liburuko tesiek edozein prozesurako balio dute Euskal Herrian. Liburua euskal arazoaren sorreraz hasten da eta arreglo batera iristeko bideak azaltzen dira. Egia da, XX. mendean, Canovas del Castilloren garaian eta bigarren akordio saioan, arregloa okerrago irten zela. Gaur egun, beste behin ere, hirugarren arregloaren bila ari gara edo horretan saiatzen ari garela uste dut.

Karlisten eta liberalen arteko lehenengo Ituna, Bergarako Besarkada bezala ezagutua, traiziotzat jo da historian.


Akordioa egin zen momentuan ez zuen inork zalantzan jarri ordea. Zalantza gero sortu zen, karlismoaren korronte batek traiziotzat jo zuelako, gerora nazionalismoak berea egin duena. Hori edozein herritan gertatzen da, historiaren irakurketa bat baino gehiago egiten da, ez bakarra. Nik defendatzen dudan irakurketa minoritarioa da, eragin gutxien izan duena. Nolanahi den ere, historian gertatutakoaz ikuspegi positiboa izan edo negatiboa izan, eta nahiz nirea ikuspegi liberal batetik analizatuta egon, azken batean guztiok bilatzen ari garen helburua berbera da: akordioa.

Espartero liberala eta Maroto karlistaz gain Muñagorri ageri da historian eta liburuan. Zer da bera zuretzat? Zer litzateke gaur egun?


Pertsonalitate interesgarrienetakoa litzateke, inspirazio bezala esan nahi dut. Muñagorrik zioenez, ez karlistek ez liberalek ez zituzten funtsean euskaldunon interesak defendatzen. Hark “ahantz gaitezen banderez une batez eta irits gaitezen gure artean arreglo batera” esan zuen. Berak bakea eta foruak aldarrikatu zituen. Gaur egun, agian “euskaldunon eskubide”ez ariko litzateke.


Bigarren Gerra Karlistan Canovas del Castillo ageri da, baita Santa Cruz apaiza ere. Nor izan liteke gaur egun?


Agian Santa Cruz apaiza ETAko izango zen, baina ez dakit hori ona den ezta ETArentzat ere. Santa Cruz apaiza oso erreakzionarioa izan zen, azkenik Alfonso XIII.ri bere intsumisioa aitortu ziona. Zoritxarrez, gaur egun orduko egoeraren jarraipena dago, jende batek oraindik ere mendira jotzen baitu.

Garai harrez geroztik sortu zen euskal nazionalismoa, Sabino Aranaren eskutik hain zuzen ere. Historian gertatuen ondorioa nolabait.


Niri nazionalismoa ez zait gauza txarra iruditzen, berez. Mundu guztiak dauka nazionalista izateko eskubidea, baina bagaude ere beste asko, konstituzionalistak edo autonomistak izateko edo Espainian bizi izateko eskubidea dugunok. Ondorio da, orain eta orduan, Euskadi erdibituta egotea, garai guztietan hala izan da. Kontua da, historiaren zati bat bakarra erakutsi zaigula.

Aldeek hala esaten dute. Zure ikuspegitik zein alde ez da erakutsi?


Adibidez, mundu guztiak daki nor den Tomas de Zumalakarregi. Baina bera baino inportanteagoa izan zen bere anaia Miguel de Zumalakarregi, Gipuzkoako diputatua, liberala, Cadizko Gorteetako presidentea. Ez dakit ezagutzen duzun... . Inork ez du ezagutzen Miguel de Zumalakarregi nor zen, Tomas anaia oso ezaguna da aldiz.

Cadizko Konstituzioa euskarara itzulia izan zen, apaiz batek egina da eta Miguel de Zumalakarregiri eskainia. Itzultzailea anonimoa da, baina Hernaniko apaiza zen. Arriaga izena zuen [duda egin du izenarekin], ezaguna zen. Muñagorriren kantak apaiza horrek idatzitako bertsoak dira. Apaiza eta liberala zen.

Askotan pentsatzen da hemen mundu guztia karlista zela, eta karlistek ez zuten behin ere hiriburu bat gobernatu. Liberalak aldiz indartsuak ziren. Esaterako, Hernaniri garai batean La Numancia Vasca deitu zitzaion, karlismoari eutsi ziolako. Bilintx bertsolaria karlisten aurkakoa zen, liberala, gerrara bolondres joana. Ematen du “nazionalistak direnak” eta “ez direnak” oraingo gauza dela, baina Euskal Herrian bi pentsaera izan dira beti. Garai batean karlista eta liberalak ziren, euskaldun fededun eta euskaldun errepublikarrak gero, gaur egun independentistak eta autonomistak... Zatiketa hori hor dago, lehen eta orain. Irteera bakarra dago, arregloa eta akordioa.

Los últimos españoles sin patria (y sin libertad) liburuan omen daude biolentziarekin bukatzeko gakoak. Aurreko prozesuaren hasieran berau aipatu zuten hedabideek. Orain El arreglo vasco kaleratu duzu. Prozesu posible bakoitzeko liburu bat idatziko al duzu?


Ez dut horregatik edo horretarako idazten. Dena den, buruan badaukat beste liburu bat. Azken honen segida, modu arinagoan idatzita. Irakurterrazagoa eta alaiagoa izatea espero dut.

Azkenak
Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude