Usain “Tximista” bolt-ek 100 metroetan urrea irabazi eta historiaren orrian 9,69 izkribatu zuenean bere bi besoak zabalduta, festa handia izan zen Jamaika osoan. Ez zuten denek berdin gozatu. Biharamunean, abuztuak 17, hiru gazte azaldu ziren bala ugariz hilik Kingston hiriburuaren mendebaldean. Jamaikaren bi aldeak, kiroletako balentriarena eta bortizkeriaz gainezka egiten duen marjinalitatearena, estu daude lotuta.
Romain Cruse irakaslea da Karibeko uharte ugarietako biztanle ingeles-hiztunei zerbitzu ematen dien University of West Indies-en. Crusek
Le Monde Diplomatique hilabetekarian
Médailles d’or jamaïcanes plazaratu du, nazio baten etsipena kiroleko garaipenetan urreztatzen duten gizon-emakumeak eta hauen sorlekuetako txirotasuna eta zanpaketa giroa erkatuz.
Usain Boltez gain urrezko dominak ekarri zituzten Jamaikara Shelly-Ann Fraser-ek, Melaine Walker-ek eta Veronica Campbell-Brown-ek. Eta Bolt ez beste hirurak Kingston hiriburua inguratzen duten ghettoetan sortuak dira. Shelly-Ann Fraser Waterhouse auzokoa da. Romain Crusek idatzi duenez, bertako elizak funtzioak eten omen zituen igandeko ordu hartan, herritarrei heroi gazteak 100 metroetako lasterketa nola irabazten zuten ikusten –beste bi jamaikarren aurretik gainera– eta ondoren kaleak pozezko festaz leherrarazten uzteko.
Waterhouse auzoa bat gehiago da Kingstongo mendebaldeko auzotegi txiroen artean. Pobrezian murgilduta dagoen zonalde horri
Olimpic Gardens deitzen diote bere biztanleek aspalditik. 1962an, Helsinkiko Olinpiar Jokoetan, auzo horietan sortutako Rhoden, McKinley eta Wint-ek 400 metroetako hiru dominak ekarri zituztenetik.
Kirolari asko eman dituzte Kingstongo txabolategiok. Gaur egun Jamaikako futbol ligako lehen mailan ekipo nagusien artean daude ghetto hauetakoak: Tivoli Gardens, Seaview Gardens, Arnet Gardens, Boy’s Town, Waterhouse, August Town...
Baina ez da gozo bizitzen auzootan. Kaleko hizkeran
garnison deitzen dituzten txabolategiotan “bortizkeria lotzen zaio tribalismo politikoari, komertzioei egiten zaien
racketari –ez legezko zerga– eta kanabis, kokaina eta arma trafikoari”, idatzi du Crusek.
Jamaika oso berandu iritsi zen independentziara, 1962an, eta Crusek aipatzen duen tribalismoa geroztikako urteetan mamitzen joan da. Independentziaren ondoren, populazioaren gutxiengoa den jende zuriak ondo lotu zuen sindikatuen eta alderdi politikoen gaineko kontrola, uharteko aginte politiko eta ekonomikoa atxikitzeko. Eta horretarako, dio Romain Crusek, bi alderdi nagusiei nork bere lurraldea kontrolatzeko aukera eman zitzaien.
Jamaican Labor Party (JLP) kontserbadorea eta populista omen da. Aldiz,
People National Party (PNP) sozialismo moderatuaren ildotik abiatu zen. 1980ko urteetan, ikertzaile honi sinestekotan, bi alderdien arteko ezberdintasun ideologiazkoak lausotu ziren. Edward Philip Seaga kontserbadoreak zor handitan sartu zuen herrialdea eta Nazioarteko Diru Funtsak zuzenean eskuhartzen zuen Kingstoneko erabakietan.
Legerik gabeko txabolategiak
Ideologiaz edo estrategiaz berezi ezin ziren alderdiek 1980ko hamarkadan borroka gogorrari ekin zioten, nork beretzat zeukan lurraldean nagusitasuna irabaztearren. Taldeak armatu zituzten auzoetan eta horiei aginte puska bat eman zieten, lanpostuen edo etxebizitzen banaketa zaintzeko, kaleak, etxadiak edo are auzo osoak kontrolatzeko.
Arma asko zebilen kaleetan lehendik ere, 1970eko hamarkadak CIAk Michael Manley sozialistaren gobernua hondoratzeko PNPko bandak iskiluz hornitu zituenetik. Baina 1990etatik eta batik bat 2000.etik auzotegien kontrol armatu hori askoz nabarmenagoa omen da. Zehazten hasita, Waterhouse PNPrena da eta Tower Hill eta Seaward Pen JLPrenak, hori Olimpic Gardens deitzen den zonaldean. Horrela Kingstoneko edo are Jamaikako leku askotan. Alderdi bakoitzak “bere” zonaldean %90ez irabazten du.
Karibean eta beste leku askotan kolonialistek zerabilten frantsesez
économie de plantation eta ingelesez
plantation economy deitu izan dutena. Hau da, labore bereko soro erraldoiak langilez edo esklabuz landuak. Romain Cruseren ustez Jamaikakoa litzateke plantazioko ekonomia eraldatu bat. Beltzak %91 izanik, Jamaikako enpresetako buruzagien erdiak hogeita bat familia zuritako kideak dira.
Horiek kudeatzen dituzte, beste alorren artean, uharteko turismoaren babespean sortutako negozioak, sarritan AEBetako kapitala dutenak eta irabazi nagusiak atzerrira bidaltzen dituztenak. Karibean ohikoa den bezala, hemen ere turismo gune erraldoiak segurtasunezko hesiz ondo inguratutako sasi-paradisuak dira, batzuetan beren ospitale eta guzti hornituak. Baina gainerakoan, jamaikatarren bizimaila Ameriketako apalenetakoa da. Malaria azaldu da berriro 2006an Kingstoneko auzotegietan.
Jamaikako ofizio nagusia espainolez
buscarse la vida, frantsesez
la débrouille esaten dena da. Uharteko Barne Produktu Gordinaren ia erdia ekonomia informaletik dator. Honek kutsatzen du bizi ekonomiko eta sozial guztia, baita turismoaren edo musikazko produkzioen alorretako negozioen itzalean ere. Mendebaldeko Indietako Unibertsitatearen ikerketak erakutsi du Kingston hiriburuko biztanleen bi heren agintariek abandonatuta dauzkatela. Milioi erdi jendetik 350.000z goiti Munduko Bankuak pobrezia kronikoa deitzen duen mailaren azpitik bizi dira. Bizi edo iraun.
Amnesty Internationalek ere salatu du abandonatze hori “Elkar hil dezatela” izendatu duen dosierrean, gaineratuz poliziak direla herrialdean gertatzen diren hilketen heren baten errudunak. Bortizkeriazko hilketetan ere txapeldun baita Jamaika. 2007an 1.446 asesinaketa gertatu ziren bere kaleetan.
Joan den abuztuan jamaikarrek beren mixeriak ahaztu ahal izan dituzte apur bat, Fay ekaitz tropikalak eragindako zauriak ere bai. Jamaikak karriketan ospatu zituen bere
ghetto youth –ghettoko gazteriaren– azañak. Shelly-Ann Fraser-ek 100etan egin zuenak herri osoa harritu baitzuen, saritzat udalak agindu du atletaren sorlekua den Waterhouserako bidea konponduko duela. Urre hoberik ez zen posible, gehienek argindarra pirateatuz lortu behar duten auzo honetan.
Karibeko beste uharte asko bezala Jamaika independientea ere Commonwealth-eko kide da: estatuburu Elizabeth II.a daukate.
Argazki oina: “Go-Local Jamaica” guneak erakusten du irudi hau Interneten. Abuztuaren 17an egina dago Pekinen. Bezperan, Usain Boltek 100 metrotako esprintean modu harrigarrian lortu zuen urrezko domina eta munduko marka ondu. Biharamunean, diziplina bereko emakumezkoen lasterketan, Jamaikako atletek zeharkatu zuten helmuga lehenbiziko hiru postuetan. Erdian ageri dena da Shelly-Ann Fraser, urrearen irabazlea, Kingston hiriburuko Waterhouse txabolategiko biztanlea. Ezker-eskubi dauzka Sherone Simpson eta Kerron Stewart, zilarrezko domina bana eskuratu zutenak, denbora berean sartu izanagatik. Txapeldun bat eta bigarrengo bi, beraz. Kronikek diote saio hau ikusteagatik Waterhouseko elizan funtzioak atzeratu egin zituztela.
Informazio gehiago