Nondik atera duzu hain izen estetikoa?
Lehen ez nintzen Concetta; Kontxi nintzen, eta hala sinatzen nuen. Baina Jorge Gonzalez Aranguren poeta donostiarrak Kontxi izen pobrea zela esan zidan, askoz ederragoa zela Concetta. Eta niri ere hala iruditu zitzaidan. Soinu ederra du Concettak. Hori bai, jende guztiak atzerritarra naizela uste du, italiarra edo. Gustuko dut nahasmen hori eragitea, dena den.
Estetikari garrantzi handia ematen diozu, beraz.
Bai, artistak estetika zaindu behar du: soinuena, irudiena, hitzena... Gure lan tresna da. Armonia bilatzen dugu.
Margoen bidez errealitateko puska batzuk erreproduzitzen dituzu. Zer puska izaten dira normalean hautatzen dituzunak?
Emozioak, sentsazioak, galderak... Gizakiak ematen dit atentzioa, gizakiaren ezaugarri humanoek: kontraesanek, eguneroko gauza txikiek, eguneroko bizitzan dagoen surrealismoak, sentimenduek... Barrura begiratzea gustatzen zait, eta azaleko gauzak ez zaizkit hainbeste interesatzen. Objektuak ere humanizatu egiten ditut askotan, haien zentzua bilatzen baitut, ez objektu izaera bera. Oraindik nire begiradaren bila ari naiz, baina normalean, gauza xumeetan jartzen dut arreta.
Begiak oso presente daude zure obran. Zergatik erakartzen zaituzte hainbeste?
Bakoitzak bi ditu, eta pertsona batzuek begi bat oso alaia izan dezakete eta bestea erabat tristea. Bi ikuspuntu dauzka bakoitzak; begiak kontraesanaren metafora dira. Gainera, begiradak gauza asko kontatzen ditu. Ahoa irribarrez egon daiteke eta begiak tristeziaz beteta. Kontraste hori gustatzen zait.
Begiak ikusten duena marrazten du eskuak?
Ez. Ikusmena tranpa bat da: zerbait lehen aldiz ikusten dugunean ez gara azalekoaz baino jabetzen. Atzerago begiratu behar da. Koloreek, formek... nahastu egiten gaituzte, eta haratago begiratzen ikasi behar da. Hori da interesgarriena.
Gizakia da zure margoetako protagonista. Nolako gizakia?
Gizaki horiek bizitzaren kontzientzia dute. Bizitza ez da ipuin bat, gogorra da askotan, baina ez dugu bizitzen jarraitu beste erremediorik. Hala ere, gure existentziaren jabe izan gaitezke. Pertsona mugatuak dira nire margolanetakoak; Jerri bezala.
Zure gizakiak ez al du sexurik?
Saiatzen naiz bi sexuak ez bereizten, bestela ere nahikoa bereizten dira! Mila irudi daude bi sexuak bereizteko, eta rolak, eta iragarkiak, eta ereduak... Gustatzen zaizkit feminitatea eta maskulinitatea, desberdinak dira, baina nire irudi propioak egin ditzakedanez, nahiago dut asko ez markatzea. Zalantza gelditu dadila. Batzuek emakumeak ikusten dituzten lekuan gizonak ikusten dituzte beste batzuek, eta nahasmen hori atsegin dut. Zergatik behar dugu bereizketa? Zenbaitetan, bizirik ala hilda dauden ere ez da bereizten, mamu itxura dute.
Mamututa ikusten duzu gizakia?
Batzuetan bai. Hainbeste gauza txar gertatzen dira gure inguruan! Horrek mamu bihurtzen gaitu, eta automatak bagina bezala jokatzen dugu maiz, gauza asko zalantzan jarri gabe: zertan ari garen, norantz goazen... Ez gara kritikoak, eta gauza asko besteek egiten dituztelako egiten ditugu, artaldetik irteteko beldurrez. Erantzun propiorik ez duen gizakia erdi mamua da.
Buru etzanak marrazten dituzu, okertuak.
Bai, Modiglianirengandik eta era horretako pintoreengandik hartu dut hori, eta gustatzen zait, baina amorrua ere ematen dit. Izan ere, feminitatearekin lotzen dira buru etzanak, feminitate pasiboarekin, gauzei pasatzen uzten dieten emakumeen sinbolo dira nolabait, eta nik ez dut halakorik nahi! Baina egia da forma estetiko horrek erakarri egiten nauela, gustatu egiten zait estetikoki.
Zure koadroetan gizakia, normalean, bakarrik dago. Taldean baino interesgarriagoa zaizu gizakia bere bakardadean?
Bai. Norbanakoaren begirada interesatzen zaidalako, eta bakoitzak bere galderak eta erantzunak dituelako. Barrura begiratzea gustatzen zait, eta taldeetan begiradak nahastu egiten dira, zailagoak dira bilatzen. Nire beldurra ere izan daiteke: ni nire buruarekin oso ondo nago, nire munduan eta nire marrazkiekin... baina hori taldera eramatean zailtasunak sortzen dira. Ikaratu egiten nau, bai.
Bakardadea maite duzu?
Lagundua denean.
Zure margolanak askotan ikusi ditugu hitzaren ondoan. Zer pisu du zuretzat hitzak? Zer funtzio?
Oso garrantzitsua da niretzat, gazte-gaztetatik. Pentsamenduari hitzaren bidez ematen zaio forma. Nik ez dakit inor ba ote dagoen hitzik gabe pentsatzeko gai denik: ni ez, behintzat!
Obra guztiei jartzen diezu izenburua?
Bai, normalean bai, baina ez diet nik jartzen. Jose Luis da izenburugilea, Jose Luis Padron, nire bikotea. Nire baimena dauka, libre da, eta bere izenburuek beste puntu bat ematen diote obrari. Bere ikuspegia jartzen du nire lanean, eta lana aberastu egiten da: esanahia gehitzen dio.
Miren Agur Meaberen Zer da, ba, maitasuna? eleberri poemaduna da ilustratu duzun azken lana. Nolakoa izan da prozesua?
Pena izan da, denbora faltagatik, elkarrekin lan egin ezin izatea; baina oso lan ederra izan da. Gazteentzako liburu oso garrantzitsua iruditzen zait, eta indar handia jarri dut lan honetan. Miren Agurren testua benetan da ederra, eta galdera pila bat sortzen dira irakurri ahala. Istorioak oso politak dira, bai neskarena eta bai mutilarena, eta bi mundu horietan sartzea ere polita izan da niretzat. Nerabe horien buruetan sartzen ahalegindu naiz, eta irudia adin horretara egokitzen. Normalean baino ilustrazio errealistagoak egin ditut, eta liburuko marrazkiak protagonisten koadernoetakoak balira bezala jokatu dut: pertsonaiak eurak balira bezala irudien egileak.
Literatur tailerrak ere zuzendu izan dituzu Jose Luis Padronekin batera. Zer helburu dute tailer horiek?
Haurrentzako tailerrak izan dira, eta dibertitzea zen helburu nagusia: hitzarekin eta marrazkiekin jolastea. Hamar bat urtetik aurrera zikiratu egiten da pertsonon kreatibitatea; betiko leloarekin hasten zaizkizu, eta akabo. Ereduak jartzen dira gauza guztietarako, eta nola marraztu behar dugun ere esaten zaigu; ez zaigu gure begirada lantzen uzten.
Zuk nola lortu duzu zikiratze horretatik libratzea?
Ez dakit! Oraindik borrokan jarraitzen dut. Hamasei urterekin filosofia irakurtzen hasi nintzen: Kafka, Sidarta... eta hor topatu nuen jarraitzeko bide egokiena. Baina oraindik ez dut sentitzen guztiz libre naizenik, aitzitik, gero eta kontzienteago naiz nire mugez. Beti daude barneratuta dauzkagun pentsamenduak eta baloreak.
Zerk mugatzen gaitu?
Familiak, adibidez. Ondo dago talde sentsazio hori, baina taldeak berak mugatu egiten gaitu, ezinbestean. Hori litzateke lehenengo puskatu beharrekoa. Nork bere bidea aurkitu behar du, eta bide hori ez da familiaren bidea. Eta gero, sozializazio prozesu guztiak: gizakiak berak, telebistak, edertasun kanonek... ez gaituzte pertsona kritikoak izateko hezten. Galderak dira bizitzaren motorea, pentsamendua mugitzea, dena zalantzan jartzea: familia, legea, ereduak... Esanekoegiak gara. Beldurtiegiak.
Bideo batean hondartzan ikusi zaitugu, arean marrazkiak egiten. Arte iragankorra gustuko duzu?
Kontzeptu bezala oso ederra da. Artea, gu bezala, desagertu egingo da. Hondartzako marrazkia itsasoak eraman zuen. Nire anaiak areazko eskulturak egiten ditu eta harekin batera proiektu bati ekiteko asmoa dut: arearekin marrazkiak egingo ditugu argi-mahai baten gainean proiekzioak eginez. Eta hori ere iragankorra izango da. Momentua eta kito.
Zerk bihurtzen du ekintza bat edo objektu bat artelan?
Artea kontzeptu oso zabala da. Niretzat, marrazten ari den haur bat artea egiten ari da, baina komertzialki begiratuta, ez du zentzurik. Hartzailearen begiradak bereizten ditu ekintza arruntak eta artelanak: subjektiboa da. Niretzat dena da artea. ARTEA, hitz larritan idatzita, artearen komertzioa da: interesak, ekonomia, aukerak... Beste kontzeptu batzuek hartzen dute parte. Niretzat artea kontzeptu librea da, eta libre ez bada ez du zentzurik. “Zer da ona?”, “Zenbat balio du honek?”... Galdera horiek ez dagozkio arteari. Hori burtsan jokatzea da.
Zer leku du sorkuntzak zure bizimoduan?
Nire lana da, eta ondoen sentitzen naizen momentua. Sufritu ere egiten dut, baina zentzua ematen dio nire bizitzari. Egunero sortzen dut, diseinuak egiten ditudanean ere marraztu egiten baitut, era batera edo bestera. Izaera sortzailea martxan dago beti, mekanismo hori ez da sekula gelditzen, eta aldatzen ari da etengabe. Egia da, diseinuak eta liburuetako ilustrazioak gustura egin arren, gustatuko litzaidakeela neureagoa den sormenari denbora gehiago eskaintzea. Baina bizi beharra dago! eta lan mekanikoagoak egitea ere tokatzen da. Dena den, zorteduna naiz, nire lanak dosi artistiko handiak dituelako, baina bai, gero eta askeago izan nahi nuke.
Enkarguz lan egitea karga da?
Ez, alderantziz, asko gustatzen zait. Normalean askatasun osoa ematen didate eta, era berean, erronka bat da, beste baten begiradan, kezketan eta beste euskarri batzuetan jarri behar baitituzu zeureak. Bestearen buruan jarri behar duzu. Gainera, normalean interesgarriak egiten zaizkit beste autoreek proposatzen dituzten gaiak.
Noiz ematen duzu bukatutzat obra bat?
Obrak berak esaten dit. Margotzea elkarrizketa da, paperaren, pinturaren eta norberaren arteko elkarrizketa. Eta momentu batean margolanak esaten dizu: “Kito, amaitu da, esan dut esan beharrekoa”.
Zure margolanek ba al dute zu zeu harritzeko gaitasunik?
Bai, bai. Normalean, ideia finkorik gabe hasten naiz margotzen: koloreak jartzen ditut han eta hemen, formak sortuz doaz, aurpegi bat ikusten dut hemen, eta harantzago beste gauza bat... Eta elkarrizketa horretan norbera ere harritu egiten da sarri.
Lan egiteko lekuak zenbaterainoko eragina du artistaren obran?
Garrantzitsua da, mugak jartzen baititu. Nik etxeko gela batean egiten dut lan eta, esaterako, ez daukat koadro handiak egiterik. Etxea goitik behera zikintzea ere ez zaio inori gustatzen... Hori da hurrengo pausoa: tailer bat alokatzea.
Zure obra ikusten duenak ondorioztatu al dezake nolakoa zaren?
Agian bai, eta gauza batzuk asmatuko lituzke eta beste batzuk ez. Esaten da margolariok geure burua margotzen dugula behin eta berriz, eta seguru baietz, baina inkontzienteki. Azken batean, norbera da norberaren modeloa, eta marrazten hasten garenean asko begiratzen diogu ispiluari. Baina, dena den, ez zait nire burua analizatzea gustatzen, beldurra ematen didalako, akaso. Delikatua izan naiteke, baina baita oso gogorra eta indartsua ere. Nire obrari begiratzen dionak kontraesanak ikusiko ditu, hori bai. Maiz, marrazten ditudan giza irudiak tristeziaz beterik daude, baina era berean, kolorez inguratuta. Kontrastea atsegin dut, eta kontraesanekin bizitzen ikasi behar dugula uste dut.