Vladimir Leninek Yi Tong Whi Koreako Alderdi Komunistaren idazkari nagusiari, korearrak komunistak beharrean nazionalistak zirela adierazi zion behin baino gehiagotan. Lenin zuzen zebilen. Hedabideetatik Ipar Korea munduko azken erregimen komunista dela maiz errepikatzen duten arren, inor gutxi ausartzen da sistema politiko honen berezitasun ideologikoak aztertzera.
Ipar Koreak 1972an onartutako konstituzioak dio sistema politikoa jutxe ideiaren printzipioetan oinarritzen dela. Baina zer ezkutatzen du atzean jutxe ideiak? Etimologikoki jutxe hitzaren jatorria karaktere txinatarretan dago. Horien arabera, Ju-k jauna, nagusia eta burujabetasuna esan nahi du, eta txe-k berriz, gorputza, substantzia. XIX. mendean jaiotako ideologia eta filosofia ultra-nazionalista honek 60ko hamarkadan hirugarren munduko sozialismoan kokatzen ziren doktrina politiko anti-inperialistekin bat egin zuen. Josiv Stalinen “herrialde bakarreko sozialismoaren” eta Mao Zedongek proposatutako “lasterbide nazionalista eta iraultzailearen” arteko bide propioa landu zuen jutxe ideiak. Jarrera ideologiko hori marxista ultra-ortodoxotzat jo daitekeen arren, jutxe ideiak historia eta tradizio korearrari gehiago zor die Karl Marx pentsalari alemaniarraren tesiei baino.
Kim Il Sung izan zen ideologia honen sortzailea, eta bere seme Kim Jong Ili egokitu zitzaion lana jarraitzea. Gizarte korearraren ezaugarriez primeran baliatzen jakin izan zuen Kim Il Sungek bere kasako ideologia eraikitzeko: kolonialismo txinatarrak ekarritako konfuzionismoak estatu iparkorearra familia handi bihurtu zuen, kolonialismo japoniarrak pertsonen egunerokotasunean hierarkia inposatu zuen, eta txeondogyoak, budismoak eta kristautasunak kutsu erlijioso esplizituagoa eman zioten ideologiari. Ezaugarri hauek gerraostean Kim Il Sung mito eta jainkora goratu zuten.
Bestalde, jutxe ideian hiru iraultza-osagai aurreikusten dira: Liderra (Kim Il Sung), Alderdia (bakarra, Koreako Langileen Alderdia) eta herri masak. Elementu hauen arteko harremana hierarkikoa ez izan arren, bada harreman organiko bat: giza-gorputz batean Kim Il Sung burmuina litzateke, Koreako Langileen Alderdia gorputza edo zainak, eta herri masak gorputz-zelulak lirateke. Slogan korear batek argi erakusten du ideia honen funtsa: “Bihotz guztiek elkarrekin, bihotz bakarrak bezala egiten dute taupaka”. Adituek lotura organiko honi korporatibismo ezkertiarra edo neosozialista deitzen diote. Ikuspegi horren arabera, tipologia honetako erregimen marxistek “klase” dialektika “nazioaren” dialektikagatik aldatu zuten. Honela, mundu sistema hautemateko nazio aurreratu (edo burges) eta atzeratuen (edo proletarioen) araberako irizpideak darabiltzate.
Aipatu ditugun bitarteko horien xedea trantsizioan den gizarte sozialistatik gizarte komunistara igarotzea da. Prozesu hori aurrera eramaten den bitartean, sozialismoa ahalik eta eraginkorrena izan dadin jutxe ideiak zazusong delako ikusmoldea garatu du. Koreeraz hitz hau independentzia, burujabetasuna, autodeterminazioa eta abar luze baten sinonimoa izateaz gain, hiru aldarrikapen nagusi daramatza berekin: burujabetasun militarra, ekonomikoa eta politikoa. Ikusi ditugun ezaugarri guzti hauen batura Koreako Herri-Errepublika Demokratikoa da: totalitarismotik hurbil dagoen erregimen dinastikoa, anti-inperialista eta jutxeista.