argia.eus
INPRIMATU
Iparraldeko Bertsulari Xapelketa
Burdinazko imanak
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Amets Arzallus
Lunbagiak jota nengoen bezperatik. Sendagile lagunarengana jo eta gramo bat antinflamatorio bi alditan banatuta hartu eta gogorrak bigundu zitzaizkidan. Garaiz abiatu eta Donibane Lohitzuneko tren geltokiko ingurutik ikus zitezkeen antolakuntzaren fundamentuak. Ez zegoen galbiderik mugaz harunztik etorri eta Jai Alaien kokapena ezagutzen ez zutenentzat. Komisaldegiaren aurreko sugorritan, parkinlekurainoko panel bik zuzendu gintuzten lekura. Bertan, ANTOLAKUNTZA izkiriaturik zeramaten laguntzaileek igorri gintuzten aparkalekura. Bikain. Frontoira hurbildu eta etxean geundela sentitu, bat. Atarian topatu nituen lagunmin pare bat, dozena bat lagun, beste hainbeste adiskide eta ezagun andana. Hauen artean, bertsolari asko. Barrura egin eta leku aproposenak jendez beterik. Goialdeko ezkerraldean jezarri ginen, erdialdetik gertu. Kokapen egokia, politikoki hainbatek desiratua. Frontoiak, argiztapen arruntaz eta oholtza aldiz bereziaz, bi foko atzean eta beste bi paretik zuzenduak. Arruntak saioa hasi eta lehen agurraz itzaliko zituztela pentsatu nuen, erratua nengoen. Tenorez eman zioten hastapena finalari. Zozketak ekarri zigun lehen poza: Kartzelakoan Maialen-Miren lehenak, Amets-Sustrai azkenak, ogitarteko onak gustuko ogia duela beharrezko lehengaia adieraziz.

Lehen agurrak

Maialenek bere irabazteko gogoak erakutsi zizkigun bereaz. Sustrairenak eraman ninduen denboraren hara, frontoi berean bertako “Gure Ikastolak” antolatzen zituen kantaldi haietara, Herri Urrats eta Pastorala aipatu zituelarik. Euskal kantari ugarienaz gain, kanpoko artista anitz ezagutu genituen bertan. Atahualpa Yupanqui, Quilapayun, Cuarteto Cedrón, Paco Ibáñez, Luis Llach (bere Canpanades a morts estreinatu zuena) Miro Casabella… Eta bereziki GALek eraildako lagunen omenaldien gomutek gorputza mugitu zidaten. Berriz ere, Jai Alaik etxekotu ninduen. Oraingo honetan pasaporterik gabe bertaratu ahal izan zuten bestaldekoek. Poliziek ez zuten hain gogoko duten “Operatión Filtre” erabili eta lasaitasuna nagusi.

Saio guztiek ez zidaten arreta maila berean mantendu, ofiziozalea naizen aldetik, saio zenbaitek, nahi gabean deskonektarazi egin ninduten. Hamarreko txikikoak bukatu, eta arnas luzean sartu nintzen. Luzeegian. Badakigu jakin, kartzelako itzuli motzarenak ere luze jotzen duena. Luze, zain dagoenarentzat, bizi bat uzteko zain dagoenarentzat. Binaka libratzen joan ziren bertsolariak patua lagun. Azken bien zain zegoen honi, hauen etorrera antinflamatorioa bezain lasaigarria suertatu zitzaion. Seiko motzean, Ametsek Amurizaren Menditik Mundura diskoko “Euskal Herritik aparte” doinuan kantari entzutean erakarri arretaz, lunbagia ahazteraino eraman ninduen. Merezi izan zuen egonaldiak.

Hondarrekoak

Iparralde markak imana du. Euskalgintzako publikoarentzat bertsolari txapelketek ere bai. Bi besoko imana kasu honetan. Burdinazkoa behar du, nahiz plastikazkoak artilezko gaietan igurtziz momentuko gai arinak erakartzeko baliagarriak izan. Bainan fite galtzen dute inportatutako ezaugarri erakarlea baldin ez badute igurtzitzaile permanenterik lanean. Bi ahokoa eta burdinazkoa, etengabeko hobekuntzaren bidean.

Bukaerako utzi dut epaiarena, niri, oraingoan ez dagokidana. Iragarle eskasa naiz, eta horregatik ez dut deusetan ezer jokatzen. Ez lotoan, ez kinielatan. Sustrai ikusten nuen txapeldun. Ametsen garaipenak poztu ninduen. Uztarri berekoak ditut, ahobiko burdinazko imanak. Estitxuren artikuluak argituko ahal nau.

Joxemari Ostolazak Iparraldeko Bertsulari Xapelketari buruzko idatziko artikuluak: