Kim Jong Ilek ospakizunetan parte hartu ez izanarekin, nazioartearen interesa bereganatu du Ipar Koreak, beste behin. Inteligentzia zerbitzu estatubatuarrek eta mendebaldeko komunikabideek, Gerra Hotza garaietako propaganda aparatuen antzera, arrapaladan, buruzagi korearraren ustezko osasun arazoen inguruko zurrumurrua zabaldu dute munduan.
Beste ildo batean, irailaren 25ean Pyongyangen (hiriburuan) desnuklearizazio prozesua jarraitzen ari ziren Atomo Energiaren Nazioarteko Agentziako begiraleak herrialdetik bota zituen erregimen iparkorearrak, mende erdia baino gehiago izozturik daraman gatazka nahaspilatuz. Hala ere, urriaren 11n gatazka berbideratzeko Ipar Korea “herrialde terroristen” zerrendatik kendu zuen Washingtonek eta berehala Pyongyangek begiraleak berriz onartu zituen.
Auzi nuklearra eta korearra halako aurrerapauso eta atzerapausoz betea dago. Hori dela eta, konplexua izan daiteke gatazkaren nondik norakoak ulertzea. Nazioarteko politikan gaur egun erronka diplomatikorik handiena da erregimen iparkorearra.
Historian errotutako gatazka
Ipar Korea Asia ipar-ekialdeko eremu geopolitiko zatitu eta aldakorrean kokatzen da. Espazio geografiko horretan, atzerriko super potentzia bat (Amerikako Estatu Batuak), garapen biziko potentzia bat (Txina), iraganeko interesak berrezarri nahi dituen potentzia zahar bat (Errusia), asmo politiko eta militar independenteak erakusten hasi den potentzia ekonomiko bat (Japonia), bitan banatuta baina integrazio ahalmen handiko nazio bat (Korea), eta etorkizun ezezaguneko komunitate gatazkatsu bat (Taiwan) norgehiagokan bizi dira. Eta aldi berean, Gerra Hotzak eta mundu globalizatu neoliberalaren arauek markatzen dute testuinguru politikoa.
Koreako penintsulak arrazoi ideologikoengatik 60 urte daramatza zatituta, iparralde sozialista eta hegoalde kapitalistaren artean. Urtetan antagonismo hori gizarte-kontzientziaren parte izatera iritsi da, eta gaur egun gorrotoa eta tentsioa politikaren ezaugarri bihurtu dira. Fenomeno horren arrazoi estrukturalak hiru une historiko eta traumatikoetan aurkitzen dira: lehena korear historia garaikideko eperik ilunena izan zen. 1890. urtean mendebaldeko potentzien laguntzari esker, Japoniak Koreako penintsula okupatu eta 1905ean kolonia bilakatu zuen. Tokiok inposatutako erregimen inperialistak korearren eskubide zibil, ekonomiko, politiko eta kulturalak sistematikoki bortxatu zituen.
Bigarren epea Gerra Hotzarekin hasi zen: Bigarren Mundu Gerraren amaieran Washingtonek Korea tropa estatubatuar eta sobietarren artean banatzeko erabakia hartu zuen. Ondorioz, 1948an nazio korearra bi estatutan zatiturik geratu zen: alde batean Sygman Rhee jeneral ultra-eskuindarrak zuzendutako Hego Korea, eta bestean Kim Il Sung gerrillari komunistaren Ipar Korea.
Hirugarren sasoia Koreako Gerraren eskutik etorri zen: 1950. urtean, iparraldeak hegoaldea mendean hartu zuen. Ordura arte “eskala txikiko gatazkatzat” hartua, lehenbizi Nazio Batuen eta AEBen esku-sartzeek, eta ondoren Txina eta Sobietar Batasunarenek, hiru urtez luzatu zuten XX. mendeko bigarren erdiak ezagutu duen gerrarik suntsikorrena. Gainera, potentziek gerrari bake-hitzarmen batez amaiera eman ordez, gatazka su-eten ahul batez gaur arte luzatzea erabaki zuten. Batasunaren ametsa gauzatzeko ahaleginaren porrotak buruzagi iparkorearrak munduan beste inon existitzen ez den estatu-eraikuntzan isolatu zituen. Lan horretan, Kim Il Sung karismatikoak ideologia bilakatu zuen gizarte berri horretako ikur nagusi.
Krisi nuklearra
Bestalde, burujabetasun militarra da Ipar Korearen helburu nagusietakoa. Xede hori gauzatzeko Pyongyangek 90eko hamarkada hasieran ezkutuko egitasmo nuklearra abian jarri zuen. Ordura arte Ipar Korearen aliatu nagusiak zirenak, Mosku eta Beijing, Pyongyangen posizioetatik urrun zebiltzan. Sobietarrek urrutiratzea desestalinizazioarekin hasi zuten eta joera hori erabat indartu zen Gorbatxeven perestroikan. Une berean, iparkorearrak begi txarrez ikusten hasi ziren Deng Xiaopingen Txinak merkatu ekonomiari ateak irekitzea. Aliatu historikoen jarrera horiek marxismo-leninismoari traizioa egiten ziotela eta ondorioz AEBak Gerra Hotzaren garaileak zirela pentsatzera eraman zituen buruzagi iparkorearrak.
Hala, lehen krisi nuklearra Ipar Korea nazioartean isolatuen zegoen momentuan piztu zen. 1994. urtean inteligentzia zerbitzu amerikarrek ezkutuko egitasmo nuklearraz ohartarazi zutenean itsu-itsuan Korean gerrari ekiteko zorian egon ziren AEBak, Jimmy Carter presindente ohiaren esku-hartzeagatik izan ez balitz. Ipar Koreako hiriburuan Kim Il Sungekin elkarrizketatu zen Carter, eta egitasmo nuklearra gelditzeko konpromisoa lortu zuen. Ordainean, AEBek giza erabilpen esklusiborako zentral nuklear bi eraikitzeko teknologia agindu zioten Ipar Koreari. Teknologia hori ez zen inoiz Pyongyangera iritsi.
Krisialdia berpiztu egin zen 2002. urtean AEBek Ipar Korea “herrialde terroristen ardatzean” sartu zutenean. Pyongyango elite politikoak ikaratuta utzi zituzten garai hartako Afganistan eta Irakeko inbasio militarren irudiek. Horrek disuasio-tresna bakarra arma nuklearrak zirela pentsatzera eraman zituen eta nazioartearen aurrean harrotasunez egitasmo nuklearra berriz ere abian zela jakitera eman zuten. Testuinguru larri horri aurre egiteko jaio ziren Beijingek zuzendutako sei herrialdeen (AEBak, Errusia, Japonia, bi Koreak eta Txina) negoziazio mahaia. Diplomazia foro horietan Ipar Koreak behin eta berriz eskatu zituen bere subiranotasunaren aurka erasorik ez izatea eta hondoratutako ekonomia suspertzeko diru laguntzak, egitasmo nuklearra bertan behera uzteagatik. Elkarrizketa prozesuak oztopo ugariri egin behar izan zien aurre, esaterako Pyongyangek 2006ko urrian egin zuen proba nuklearra. Hala ere, pasa den urriaren 11ko erabaki historikoa ailegatu zen: Ipar Koreak zerrenda beltzean egoteari utzi zion. Halaber, administrazio amerikarrak nazioartean bultzatuko dituen politika berriek badirudi distentsio fase batera eramango dutela auzi nuklearra eta korearra. Ipar Koreak Japonia eta AEBekin ezarriko dituen harreman diplomatikoetan dago orain gakoa.
Nazioarteko harreman eta interesak
Nolanahi, zenbait galdera oraindik ere erantzun gabe geratu dira krisialdiaren amaierarekin. Zergatik ez zuen Washingtonek Korean Irak edota Afganistanen erabilitako estrategia bera erabili; hau da, erregimen aldaketa? Pyongyangen gaitasun militarra Irak edo Afganistanena baino askoz indartsuago izan arren, argi dago ahalmen hori zaharkitua dagoela eta herrialdeak bizi duen egoera ekonomiko makalarekin baldintzatua. Hori dela eta, hipotesi horrek ez du behar adina indarrik Washingtonen estrategia aldaketa ulertzeko. Erantzunaren bila, AEBek Asia ipar-ekialdean, eta zehatzago Koreako penintsulan, dituzten interes geoestrategikoetan jarri behar da arreta.
2000. urtea bi Koreen arteko gailurrari esker pasa zen historiara. Topaketa haietatik Koreen arteko lankidetza sustatzen zuen hitzarmen garrantzitsua jaio zen. Momentu horretan AEBek eta Asia ipar-ekialdeko gainontzeko potentziek Korea batu bat euren interesen kontrakoa zela agerian utzi zuten. Izan ere, Korea independente batek Japonia, Txina edota AEBen nahi hegemonikoei traba jarriko lieke. Japoniak eta Txinak ekonomian lehiakide paregabea topatuko lukete; estatubatuarren kasuan aldiz, Japonian eta Korean dituzten 60.000 soldaduen presentziak ez luke zentzurik izango eta ondorioz, Washingtonek zonaldean duen indar militar guztia galduko luke. Azken batean, AEBek Asia ipar-ekialdean beharrezkoa dute euren tropen presentzia justifikatuko duen estatu mehatxagarria, baina aldi berean pobrea izan dadila, kontrolatu ahal izateko.
Nazio korearraren patuak, iraganean bezala, atzerriko potentzien esku egoten jarraituko duela pentsatzekoa da. Ipar Koreako goi-buruzagiek arretaz segitzen dute Txinaren eredu ekonomiko misto edo hibridoa, litekeena delako eredu hori iparkorearren bizi baldintza kaxkarren irtenbidea izatea. Hala ere, Ipar Koreak iraganean sozialismo sistema propioa asmatu zuen moduan, beharbada etorkizunean ere kapitalismoarentzako eredu propioa asmatuko dute. Nazioarteko interesen fitxak norantz mugitzen diren ikusi beharko da.
Komunismoa, nazionalismoa eta jutxe ideia
Vladimir Leninek Yi Tong Whi Koreako Alderdi Komunistaren idazkari nagusiari, korearrak komunistak beharrean nazionalistak zirela adierazi zion behin baino gehiagotan. Lenin zuzen zebilen. Hedabideetatik Ipar Korea munduko azken erregimen komunista dela maiz errepikatzen duten arren, inor gutxi ausartzen da sistema politiko honen berezitasun ideologikoak aztertzera.
Ipar Koreak 1972an onartutako konstituzioak dio sistema politikoa jutxe ideiaren printzipioetan oinarritzen dela. Baina zer ezkutatzen du atzean jutxe ideiak? Etimologikoki jutxe hitzaren jatorria karaktere txinatarretan dago. Horien arabera, Ju-k jauna, nagusia eta burujabetasuna esan nahi du, eta txe-k berriz, gorputza, substantzia. XIX. mendean jaiotako ideologia eta filosofia ultra-nazionalista honek 60ko hamarkadan hirugarren munduko sozialismoan kokatzen ziren doktrina politiko anti-inperialistekin bat egin zuen. Josiv Stalinen “herrialde bakarreko sozialismoaren” eta Mao Zedongek proposatutako “lasterbide nazionalista eta iraultzailearen” arteko bide propioa landu zuen jutxe ideiak. Jarrera ideologiko hori marxista ultra-ortodoxotzat jo daitekeen arren, jutxe ideiak historia eta tradizio korearrari gehiago zor die Karl Marx pentsalari alemaniarraren tesiei baino.
Kim Il Sung izan zen ideologia honen sortzailea, eta bere seme Kim Jong Ili egokitu zitzaion lana jarraitzea. Gizarte korearraren ezaugarriez primeran baliatzen jakin izan zuen Kim Il Sungek bere kasako ideologia eraikitzeko: kolonialismo txinatarrak ekarritako konfuzionismoak estatu iparkorearra familia handi bihurtu zuen, kolonialismo japoniarrak pertsonen egunerokotasunean hierarkia inposatu zuen, eta txeondogyoak, budismoak eta kristautasunak kutsu erlijioso esplizituagoa eman zioten ideologiari. Ezaugarri hauek gerraostean Kim Il Sung mito eta jainkora goratu zuten.
Bestalde, jutxe ideian hiru iraultza-osagai aurreikusten dira: Liderra (Kim Il Sung), Alderdia (bakarra, Koreako Langileen Alderdia) eta herri masak. Elementu hauen arteko harremana hierarkikoa ez izan arren, bada harreman organiko bat: giza-gorputz batean Kim Il Sung burmuina litzateke, Koreako Langileen Alderdia gorputza edo zainak, eta herri masak gorputz-zelulak lirateke. Slogan korear batek argi erakusten du ideia honen funtsa: “Bihotz guztiek elkarrekin, bihotz bakarrak bezala egiten dute taupaka”. Adituek lotura organiko honi korporatibismo ezkertiarra edo neosozialista deitzen diote. Ikuspegi horren arabera, tipologia honetako erregimen marxistek “klase” dialektika “nazioaren” dialektikagatik aldatu zuten. Honela, mundu sistema hautemateko nazio aurreratu (edo burges) eta atzeratuen (edo proletarioen) araberako irizpideak darabiltzate.
Aipatu ditugun bitarteko horien xedea trantsizioan den gizarte sozialistatik gizarte komunistara igarotzea da. Prozesu hori aurrera eramaten den bitartean, sozialismoa ahalik eta eraginkorrena izan dadin jutxe ideiak zazusong delako ikusmoldea garatu du. Koreeraz hitz hau independentzia, burujabetasuna, autodeterminazioa eta abar luze baten sinonimoa izateaz gain, hiru aldarrikapen nagusi daramatza berekin: burujabetasun militarra, ekonomikoa eta politikoa. Ikusi ditugun ezaugarri guzti hauen batura Koreako Herri-Errepublika Demokratikoa da: totalitarismotik hurbil dagoen erregimen dinastikoa, anti-inperialista eta jutxeista.