«Niretzat sinonimoak ez dira existitzen»

  • Zigarroa eta begiak batera piztu ditu eta bere hitzei sua darie.
    Nork esan zuen suak ez duela marrazteko balio?
Xabier Gantzarain
Dani Blanco


Zer aurkitu zenuen Arte Ederretako karreran?


Askatasuna. Urtebete lehenago euskal filologia ikasten hasi nintzen Donostiako EUTG-n, eta kartzela iruditu zitzaidan. Jesuita eskola bat, atsotitz eta esamolde eredugarriak paretetan, ezin nuen jasan pertsona batek nolakoa izan behar zuen markatzea. Askatasunaz gain jende oso interesgarria ezagutzeko aukera eta mundu ikuskera bat eman zidaten arte ederrek. Irakasle gehienek bazuten irakasten zutena inguruarekin lotzeko joera. Ez zuten artea gauza isolatu moduan esplikatzen, inguruarekin, gizartearekin eta garaiarekin lotutako adierazpide edo jardun bezala baizik. Gainera, arlo teorikoaz gain alde praktikoa zegoen, marraztu beharra, pintatu beharra, eskulturak egin beharra. Hor ezintasun eta kontraesan asko agertzen ziren, gauza bat baita pentsatzea hau edo hura egingo duzula, eta beste bat ikustea hori egiteko zer zailtasun eta oztopo dauden.
 

Herritar arruntak ez al du artea egunerokotik oso aparte ikusten?


Bai, eta ez da harritzekoa. Horixe da saldu dena. Allan McCollum artista estatubatuarrak artearen sistema inor sar ez zedin hedatuta zegoela zioen. Jendeari museoetara joateko gonbidapena egiten zaio, artea ikusi eta baloratzeko eskaintza, baina aldi berean atea ixten zaio. Nola? Artea beste maila batera igoz, arrotz bihurtuz, jende arruntaren eskura ez dagoela iradokiz. Bestalde, guk ikasi genuen garaian, eskolan arteari ez zitzaion batere garrantzirik ematen. Artea selektibitate aurreko urtean ematen zen ikasgaia zen, beste ezer ez. Arte Ederretako fakultatean ere bazegoen beldur hori, artea ez ote zen burbuila bat. Horrexegatik azaltzen ziguten zer aurkituko genuen kalean.
 

Nola uler daiteke burbuila batean dagoena?


Ez dago artea ulertzerik bere garaitik aparte. Koadro bat ulertzen da bere garaia aztertuta, autorea ezagututa, zer gertatu zen jakinda... Esaterako, kubismoa bere lehorrean esplikatuz gero zer? Ezer ez. Esplikatu behar dena da kubismoa nondik sortu den, zergatik, zeren eraginez, aurretik zer egon den... Gure mundua irudien hain menpe egonda, irudiaren azterketa sakonagoa botatzen dut faltan. Nire ustez eskolan markesinatako iragarkiak aztertu behar lirateke, formalki, baina ez formalki bakarrik. Zergatik dauka forma hori, zein da mezua, zergatik eman nahi digute mezu hori... Irudiak badauka begietatik sartu eta barruan geratzeko indar bat, eta hori publizitatea eta telebista egiten duten guztiek badakite. Hori dena txikitatik aztertuta, artea beste era batera ikusiko genuke, azken finean, arteak bere garaiko gizarteari erantzun baizik ez baitio egiten.
 

Arteaz zipitzik jakin gabe, zergatik dakit museo batera sartzean, zein obra den miresgarria eta zein eskasa? Zer dago horren atzean?


Batez ere, izenaren edo markaren eraikitzea. Dena den, hori ez dago artean bakarrik. Iñaki Segurolak oso ondo esplikatzen du liburuak idazlearen izenik gabe argitaratuko bagenitu kritikak oso desberdinak izango liratekeela. Ez badakigu liburu hori punta-puntako idazle kontsakratu batena dela nola egiten dugu kritika? Baina badakigu liburua norena den eta aurretik daukagun informazio guztiak baldintzatzen du gure irakurketa onerako zein txarrerako. Artean gauza bera. Gaur egun, inork ez du esango Picasso bat txarra denik. Hala ere, ona eta txarraren kontua, oso terreno tranpatia da. Zer gertatzen da faltsuarekin? Zergatik da faltsua txarra originalaren berdin-berdina bada? Faltsua delako. Irizpidea ez da koadroari buruzkoa, lehenagotik datorren beste zerbait da. Bost kritikarik esaten badute erakusketa bat ondo dagoela, sariak ematen badizkiote, nahita nahiez beste predisposizio batekin joaten zara hori ikustera.
 

Baina nork markatzen ditu irizpide horiek?


Garai batean akademia zegoen eta berak esaten zuen “hau ona da guk markatutako kanonak betetzen dituelako”. XX. mendeko arteak lortu du hori puskatzea, ez egotea kanonen menpe. Ona izan daiteke kanonak betetzen dituena, baina baita hausten dituena ere. Kanon hori aldatzen doa etengabe eta gaur egunean museoek eta erosleek markatzen dute. Sinesgaitza da baina Abramovich bezalako aberaskilo batek markatu dezake artearen irizpidea, bere neskalagunari gustatzen zaizkion lanak erosi eta Moskun jarri nahi dituelako ikusgai. Horri artearen munduan gauzak gurtzeko dagoen joera gehitu behar zaio. Alegia, “hau ona da eta gurtu egin behar duzu, ez bazaizu gustatzen inozoa zarelako da”. Jende askok horren aurrean inpotentzia eta gutxiagotasun konplexua dauka. Horregatik biltzen da artaldera.
 

Jende arruntak ez al ditu irizpide horiek sozialki kokatzeko erabiltzen?


Kultura beti izan da, eta orain agian gehiago, bereizketa sozial baten erakusgarri. Hor italiarrek distaco hitza erabiltzen dute: distantzia, baina ez fisikoa, distantzia ekonomiko sozial eta kulturala baizik. Gaur egun enpresa txiki bateko langile eta nagusiak eduki dezakete BMW bana. Orduan, nagusiak bere nagusitasuna erakutsi nahi badu, segur aski bide kulturala aukeratuko du. Bere gustuak jasoagoak izango dira, kultuagoak, operara joango da, halako antzerki obra ikustera, baina ez da rock kontzertu batera joango. Donostian nabarmena da. Zer kontzertutara joaten da udaleko jendea? Zer inaugurazioetara? Zer obra ikustera? Zer jende datorrenean? Gero ikuskizunari buruz ez du inork hitz egingo, baina Urlia eta Sandia han zeudela komentatuko da. Bestalde, dirua daukanarentzat, artea inbertsio bat izateaz gain, prestigio sozialaren ate bat da. Historian zehar, erregeek, aristokraziak eta elizak horretarakoxe erabili dute, eta orain Abramovichek.
 

Zergatik dago bai gizartean bai artean dena sailkatzeko beharra?


Dena sailkatzen da, dena mailakatu, eta behin nonbait kokatu zaituztenean oso zaila da hortik irtetea. Sailkatu behar horrek dena jaten du, denok jaten gaitu, eta guk ere nahigabe dena sailkatzera jotzen dugu. Beti da errazagoa sistemari jarraitzea kontra egitea baino. Askotan inkontzienteki ere sartzen zaizkigu joera horiek. Denbora guztian aurreratu beharra, aurrerapenaren ideia, beti hobetu beharra, etengabeko formazioa... Etengabeko formazioa sekulako asmakizuna da. Joan naiz ez dakit zenbat urtetan eskolara eta orain esaten didazue alferrik dela, Interneten nabigatzeko ikastaroa egin behar dudala, jendaurrean hitz egiten ikasteko ikastaroa, txinera ikasteko beste bat... Noiz geratu behar dugu? Gelditu, tragoa hartu, lasai egon... Baina ez, beti dago ingelesa, ingelesa ez bada txinera, eta txinera ez bada errusiera. Beti ikasten egon behar duzu, beti etengabeko formazioan. Gizarte honen oso adierazle ona da. Beti segi eta segi, baina beti sailkapenaren barruan.
 

Zuk idatzia: “Jendeak ez du ezer jakin nahi, jendeak entretenimendua nahi du”.


Ni naiz lehenengoa ohartzen entretenitu behar dudala. Ez hainbeste jakin, pentsatu, gauzak zalantzan jarri. Horrek nekatu egiten du. Ikusten dut egunean hamar ordu lanean pasata etxera doan jendea, eta bistakoa da ez daukala pentsatu eta gauzak kolokan jartzeko gogo, indar eta denborarik. Jende horrek entretenimendua nahi du. Norbaitek zerbait kontatzea, eta bera entzuten edo ikusten egotea jarrera pasiboarekin. Hori bai, beti behar dugu zerbait. Entretenimendua gizarte honen beste ikur bat bihurtu dugu. Eroskira joaten zara, eta erosketak egiten zabiltzan bitartean, hari musikal bat daukazu bueltaka oharkabean. Internet oso tresna ona izango da informazioa bilatzeko, baina baita denbora-pasarako ere. Entretenimenduak denok biltzen gaitu bere baitan.
 

Ez dakigu aspertzen, ala?


Abiadura kontua ere bada. “Aspertzen da jendia...” kantatzen du Pettik. Aspertzen da ez dakielako aspertzen, ez dakielako zer egin denbora librea daukanean. Turistarena oso kontzeptu adierazgarria da. Turista joaten denean leku batera argazkiak ateratzen ditu, ikusi behar dena ikusi, baina segidan agortzen du leku hori. Leku asko agortzeko eginda daude, ez bertan bizitzeko. Bizitzearena ere oso desberdin ulertzen dugu guk eta gure gurasoen belaunaldiak. Denbora, erritmoa, gauzak lasai hartzearena, patxadaz egitearena... Bill Gattesek badauka liburu oso arrakastatsu bat non esplikatzen duen nola egin gauzak azkar. Azkar, baina ez ondo. Ez pentsa ni hortik salbu nagoenik. Ni ere nire garaiaren semea naiz.
 

Guggenheim, Artium, Huarte edo Tabakalera bezalakoak ere gure garaiaren semeak dira. Erakundeen semeak, alegia.


Batez ere, fatxada kontua da, itxura. Artea eta kultura turismorako beste amu batzuk bihurtu dira, eta erakundeek zerbait egiten dutela justifikatu behar dutenez... Bilboko Guggenheim eraiki zenean kulturalki inportantea izango zela esan ziguten, baina batez ere, ekonomikoki. Hortik aurrera, Bilbok arte modernoko museo bat baldin bazeukan, Gasteiz ezin zen gutxiago izan eta Artium behar zuen, Iruñeak Huarteko museoa, eta Donostiak Tabakalera. Praktikan Tabakalera ezberdina izan daiteke, baina politikarien asmoetan denak berdinak dira, turismoa erakartzeko eta kulturan inbertitzen dela esateko proiektuak. Hori bai, gero kultura ez zaio inori inporta.
 

Euskal Herrian badago hainbeste museo elikatzeko publikorik?


Hori da. Joaten zara museo eta galerietara eta zenbat jende ibiltzen da? Oso jende gutxi. Tira, Gugemheinena beste kontu bat da. Ni joanzalea naiz baina askotan ez dakit zer ikustera joaten naizen, han dauden lanak ala han dabilen jendea. Zein da Guggenheimera doan jendearen profila eta beste museoetara doanarena? Zer publiko dauka arteak? Dena den, gauzak egiteko ez nintzateke publikoaren zain egongo.
 

Publiko batek kultura kontsumitzea geroz eta garestiagoa dela dio.


Nik ulertzen dut hori, baina ez dut konpartitzen. Garestia da 20 euroko liburu bat? Garestia da 20 euroko CD bat ? Kokaina gramo bat 60 eurotan garestia da? Londresera lau egunerako bidaia 1.000 eurotan garestia da? Zer da garestia? Gure lehentasunen araberakoa da prezioa. Jende askorentzat, alderantzizkoa ere bada, zenbat eta garestiagoa izan hainbat hobe. Zenbat eta garestiagoa izan orduan eta selektoagoa izango den seinale. Erosteko ohitura daukanarentzat, eta benetan liburu hori nahi duenarentzat, liburu bat 20 euro ordaintzea oso merke da. Ikusita liburu batek zenbat irauten duen, zenbat aldiz irakurri dezakezun, nola betetzen duen etxeko apalategia... Prezioarena oso erlatiboa da.
 

Nabari da liburuak idazteaz gain liburuen azalak egiten dituzula. Zergatik sentitzen zara azalak egiten idazten baino askoz erosoago?


Ez dakit zehazki. Agian, irudiak gauza asko esaten dituelako, eta esateaz gain iradoki. Irudi bat bakoitzak nahi bezala interpreta dezake, hitzak ez hainbeste. Niretzat hitz batek gauza bat esan nahi du beti. Irudi bat, aldiz, irekiagoa da. Gainera, azal bat egiten dudanean ez naiz ni liburu horren erantzulea, eta idazten dudanean bai. Gogorragoa egiten zait hitzarekin dudan harremana irudiarekin dudana baino. Ikusten badut orain hamar urte egindako azal bat eta ez bazait asko gustatzen tira, baina ikusten badut orain hamar urte idatzi nuen zerbait eta esaten badut “hau dek txarrikeixe!” amorrua ematen dit. Hitza azkenean txiki-txikitatik jaso dugun mundua azaltzeko tresna da, eta barrurago sentitzen dut.
 

Zuretzat hitz batek gauza bat esan nahi du beti. Alabaina, egun, hitz askok dena eta ezer ez esateko balio dute.


Nik oso harreman estua dut hitzarekin, eta niretzat sinonimoak ez dira existitzen. Gauza bati buruz hitz egiteko bi hitz baldin badaude, bi hitzetako bakoitzak esanahi bat duelako da. Nonbait diferentzia bat dago, ez dira gauza bera. Hitz bakoitzak dauka bere ñabardura, xehetasun eta historia. Hitzek mundu bat erakusten dute eta egia da hitzak hiltzen ari direla, esanahiz husten. Hitz batek berdin balio du Azkunaren ahoan eta Otegirenean? Hitza bera da? Horretaz gain, irudiaren munduak, mundu digitalak, hitzaren debaluatzea ekarri du. Hitz bat idazten denean gauza bat da baina esaten denean beste bat. Bere fonetika dauka, bere sonoritatea. Ez da gauza bera “lakarra” edo “goxoa” esatea. Ez dakidana da 14 urteko batentzat hitzek zenbateko garrantzia daukaten.
 

Lewis Carroll: “Kontua ez da hitzek zer esan nahi duten, nork agintzen duen baizik”.


Nire esaldi kuttunenetakoa da. Dena argi uzten du. Nik agintzen baldin badut nik erabakitzen dut hitz bakoitzaren esanahia. Hori da pasatzen ari zaiguna. Edozein hitz erabiltzailearen arabera aldatzen da. Nola egiten zaio horri kontra? Esaterako, Lasa eta Zabala ez dira biktimak, ez daude biktima bezala onartuta. Zein diren biktimak? Agintzen dutenek erabakitzen dituztenak, besteei ez zaie inolako aukerarik uzten. Hori artera ere aplikatu liteke. Zergatik bihurtu zen Bigarren Mundu Gerraren ostean Estatu Batuetako artea denon ikur? Ez onena zelako, Estatu Batuek agintzen zutelako baizik.
 

Zure buruari zeuk agintzen diozunez, zer harreman duzu estetikarekin?


Niretzat oso inportantea da. Jantzi behar dudana nolakoa den, gustura nagoen horrekin, zer itxura ematen dudan... Horretan bai bizi naizela besteen mende. Esango nuke gutxien zaintzen duenarentzat ere, badela inportantea, bai zer janzten duen, nolako autoa edo bizikleta daukan, nolako lekuak gustatzen zaizkion, nola dekoratuko lukeen bere etxea. Azkenean, detaile horiek osatzen gaituzte. Harrigarria dena da Ikeak eta Zarak nola lortu duten denok uniformeak izatea. Denok uste dugu elkarrengandik oso desberdinak garela, baina denak berdin janzten gara, gauza berdinak erabiltzen ditugu, sofa berdinak dauzkagu... Desberdinak garen ilusioa mantendu nahi dugu, ordea, eta hori estetikarekin elikatzen dugu, estetika zentzu zabalean ulertuz.
Nortasun agiria
1975eko urtarrilaren 29an sortu zen Azkoitian. Arte Ederretan lizentziatua, medio askotako kolaboratzailea, liburu-portada anitzen egilea, Lisboa Min, Epelde, mende baten soinua eta Van Gogh, bihotzean eguzkia liburuak idatzi ditu. Egun, Sautrela literatur programan egiten du lan.
Zurrunbiloa
“Donostiako Zinemaldian, ez dugu zineaz hitz egingo baina zinemaldiaz bai. Durangoko Azokan berdin, liburuez ez dugu hitz egingo baina azokaz bai. Zurrunbiloak, garai bakoitzean, aurrez erabakita dagoenari buruz hitz egitea eskatzen du. Hortik ezin da atera”.
Durango
“Zertarako da Durango? Zer ekartzen digu? Industria mantentzeko eta eguberritako opariak erosteko leku bat da? Euskal kulturaren plaza inportante bat? Ez bada lan kontuengatik, ez naiz arrimatu ere egingo”.
AZKEN HITZA
Iritzia
“Arte Ederretan gehien baloratu nuena dena kolokan jartzeko joera hori da. Edozeren aurrean ‘zergatik?’ galdetzea. Horregatik estimatzen dut nire lekutik aterako nauen iritzi bat, nire erosotasuna puskatuko duena, eta gauzak beste era batera ikustera bultzatuko nauena”.

Azkenak
Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an

Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.


'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Eguneraketa berriak daude