argia.eus
INPRIMATU
Oroituko da Obama 1992ko Rio de Janeiroko gailurraz?
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 02a
Obama

Aitortu behar dut, niri kostatzen zait sinestea Barak Obamak mundura aldaketa handiak ekarriko dituenik. Euroeszeptikoetakoa naiz. Aldaketak izango direla, ostera, sinesgarriagoa da, azken zortzi urteetan errepublikarrek hain eraman dute muturrera egoera... Bill Clintonen garaira itzultzea ere aldaketa handia dela AEBetan. Bestetik, eta mesfidantzarako arrazoirik falta ez bada ere, ezin da garrantzirik gabekotzat jo, azalez behintzat, minoria bateko kide dena lehendakaritzara iristearena; are gehiago
AEBetako populazio sektore ahulenek aupatu dutenean: emakumeek, beltzek, hispanoek...

Datuetatik dator eszeptizismoa: 1929az geroztik munduko ekonomiak duen krisirik handienaren epizentroan eseriko da Obama, AEBetako biztanleriaren %1ek –hiru milioi pertsonek gutxi gora-behera– pilatzen du herrialdeko errentaren %50, 45 milioi pertsonatik gora txiroak dira; inoizko zor publikorik handiena du zain Etxe Zurian (500.000 milioi dolar); bi gerra jaso ditu oinordekotzan...

Berlingo harresiaren erorketak mundu mailan emandako nagusitasun erabatekoa gainbeheran doakio, eta akaso pentsatu baino azkarrago. Munduko diru trukeetan dolarrak zuen garrantzia asko jaitsi da azken hamar urteetan: 2000. urtean munduko banku zentralen dibisetatik %71,2 dolarrak ziren, 2008aren hasieran %62,4. Internet: duela hamar urte mundu osoko trafikoaren erdia estatubatuarrena zen; gaur egun, %25ekoa da, txinatarren atzetik dira jada.

Gorotzak barra-barra pilatzen ari zaizkio oraindik orain munduko ekonomiaren lokomotora lanak egiten dituenari. Atera kontuak besteontzat ere: munduan 230 milioi pertsona ei daude langabezian, eta 2009an beste 20 izango ei dira. Hori datu ofizialetan. Horren guztiaren bideratzeko bilduko da asteburuan G-20ko batzarra –azkenean Zapatero barne–, George W. Bush-ek gidatuko duen azkena. Finantza merkatuen kontro-

lerako neurriak ei dira lehentasunezkoak, datorren astelehenean ez, baina datozen hilabeteetan ikusiko dira neurri batzuk... Baina Sarkozyren kapitalismoaren birfundazioa nekez joango da askoz harago.

Obama fenomenoak mundu mailan sortu duen ilusioa ulertzekoa da, eta ezkortasunerako datuak ugari badira ere, egia da esperantzarako izpi berria ere sortu dela eta bestelako mundua bultzatzen dutenek baliatu beharko luketela ideia zabal horren inguruan jende gehiago eta hobeto antolatzeko. Batez ere, bestelako mundua Etxe Zurian baino, norberaren etxean hasten delako, lantokian, auzoan, eskolan... Ekonomia solidariotik, zaborren kudeatzetik, kontsumo ohituretatik, informazio ahaleginetik, adierazpen askatasunetik... 1992ko Rio de Janeiroko Ingurumenaren Gailurrean –Kyotoren amapontekoa– orduko AEBetako lehendakari Bush aitak, gailurraren eskakizun nagusiei –gas isurketen kontrola– ezetza ematean tinko adierazi zuen gakoaren hiltzea non zegoen: “Estatubatuarren bizimodu eredua ez da negoziagai“. Bush semeak zintzo heldu zion aitak esandakoari eta munduak epelak hartu ditu. Europarrok ba ote gara gure bizimodua negoziatzeko gai?