argia.eus
INPRIMATU
Obamari jarriak
Onintza Enbeita 2013ko maiatzaren 02a
Onintza Enbeita
Iñigo Azkona
I

Hasierako moda izan zen
Obama edo Hillary,
telebistetan egoten ginen
Estatu Batuei adi.
Hilabeteak pasatu dira
(zenbat ez dakit nik garbi)...
Azkenerako paso egin nion
ustezko egun handiari.




II

Etxera heldu ta esan nuen:
“hau da daukazuen plana!”
eta sofatik esan zidaten:
“hau kristona da, ai ama!”
Bushek munduan irabazi du
diktadorearen fama
ta azkenean libertadore
bihurtu dugu Obama.




III

Baina Obama benetan zer den
ez da oraindik argitu.
Gura dut baina ezin izan dut
argazkiekin hunkitu.
AEBetako sistema zaharrak
badu hainbat zirrikitu...
Ai presidente beltzak guztiak
argitu ahalko balitu!



IV

Herri askotan bihurtu dute
AEB inkisizio.
Bere doktrina zabaldu asmoz
hor dabil oso serio.
Obama jauntzat hartuko nuke
bai, benetan, ze arraio!!
Munduan duten eraginari
uko egingo balio.




V

Gizon berria sartu da gure
begipuntuen erdira.
Poztu egin gara desio dugun
aldaketaren harira.
Esperantza ta ilusioa
sentipen libreak dira...
Baina ezin da geldirik egon
heroe bati begira.




VI

Hiritar askok fidakor bota
du botoa behar bada,
baina pausu bat baino ez dago
laguntzatik etsaitzara.
Masa agudo pasatu leike
ezkerretik eskumara.
Azken batean hizki bat doa,
Osamatik Obamara!

Doinua: Apelidua Olazabal det.