argia.eus
INPRIMATU
Koipeen inguruko mitoak
Jabier Agirre 2013ko maiatzaren 02a
Koipea
Gaur egun saltsa handi samarra dago koipeen inguruan: kolesterol “ona” eta “txarra”, Omega-3 gantz azidoak, azido oleikoa... Oro har, koipeak neurriz hartu behar dira, eta zenbait gantz, beharrezkoak ez ezik, mesedegarriak ere badira osasun kardiobaskularra maila egokian mantentzeko.

Zergatik dira gantzak hain gustagarriak?


Egia da frijituak asko gustatzen zaizkigula, baina koipeek, kaloria asko izateaz gain, karbohidratoek edo proteinek baino askoz ere gutxiago asetzen dute. Hori dela eta, arrazio edo anoa handiegiak hartzen ditugu gehienetan.


Koipeak gure dietatik kendu egin behar dira?


Ezin dugu hori egin inolaz ere, gure gorputzaren energia iturri nagusia direlako, eta horiek gabe ezingo genituzkeelako bitamina batzuk xurgatu. Baina mugatu egin behar dira. Izan ere, gantz gramo bakoitzak bederatzi kaloria dauzka; horrek esan nahi du behar baino hamar gramo jateak 90 kaloria eransten dizkiola gure eguneroko dietari. Beraz, gantzak neurrian, eta ondo aukeratuz.

Zein da hartu beharreko koipe kopurua?


Adituek diotenez, koipeek eguneroko kalorien %20-30 eman beharko ligukete. Emakumeen kasuan 65 gramo gehienez ere egunean, eta 85 gramo gizonezkoentzat. Kalkuluak egiteko, 100 gramo pastak 1,6 gramo koipe daukate, eta 100 gramo saltxitxoik, esaterako, 38 gramo koipe baino gehiago ematen dizkigute. Atera kontuak!

Koipe guztiak berdinak dira?


Ez, badira koipe “onak”. Esaterako, oliba olioaren gantz insaturatuak edo fruitu lehorren poli-insaturatuak, gaixotasun kardiobaskularrei aurre hartzen laguntzen dutenak. Baina koipe saturatuek –haragi gorri, esneki oso edo opil industrialetakoek, adibidez– eta triglizeridoek kolesterol txarra gehitzen dute, eta horrek gure bihotzaren osasunari kalte egiten dio.


Esaten den beste gizentzen al dute?


Koipeek fama txarra dute. Baina New England Journal of Medicine aldizkari ospetsuan argitaratu berri den ikerketa baten arabera pisu gehiago galtzen omen da elikadura orekatua eginez, koipe gutxiko dieta eginez baino.