Nire gomutatik

  • Haurtzaroan dut nire bertsoarekiko zaletasuna kokatzen. Amaren aldeko aitona nuen horretan jolastia, edozein esaldiri erantzun errimatua emango ziona. Ditxolaria. Oiartzungo ostegunak, barberoenean hasi eta Errenteriako (ez genuen orduan Oreretaren berri) Gaxparrenean (ardo zahagiak eskegi) bukatu, bertso egunak ziren.
Iparraldeko Bertsolari Txapelketa
Uztapide zuen aitonak feria lagun eta egun osoa pasatuko zuten elkarrekin. Ordurako ni erdalduntzen hasia nintzen eskola publikoa mundu. Ez nuen deus estimatzen kantatzen zutena. Kantari onak ezagutzen nituen, Donostiako katedralean hileta elizkizunetan (primerísima eta primera bezala sailkatuetan korala aritzen baitzen) eta igandetan meza nagusian polifonian aritzen zirenak. Eta Uztapide eta aitona, haien aldean eskasak ziren kantuz, ezin nuen ulertu inguruan sortzen zuten arreta eta miresmena.
1966

Donostiako Txapelketa Nagusia. Hara egin nuen, berreuskalduntzeko ahaleginetan nenbilela. Ez nuen Xalbador ezagutzen, Iparraldekoa izanik sinpatia berezia nion, Labegerieren kantuek eraginda edo. Saiotik, txistuen pasarte ezagunaz gain gogoan dudana, Xalbadorren estetika da: janzkeraz, mugimenduz eta itxuraz berezia iruditzen zitzaidana. Lehen agurretik, haren hizkera ulertzeko gauza ez nintzela izango ohartu nintzen. Halere, arreta osoz jarraitzen nion bere kantuetan, bertsolaria belarriz ikusten nuenaren inpresio bitxiz.

Enaz Banaz, Xabier Amurizaren liburua irakurri nuelarik baieztatu ahal izan nuen nire orduko susmoa, orain berrirakurtzean indartu zaidana: txapela berak merezi zuen. Jakin berri dut, Uztapidek egun hartan esan ziona: “txapela zuri eman izan bazizuten, jende aurrean besarkatuko nizun”. Afektiboki, Uztapide nuen gogoko, baina Xalbador beste frekuentzia batean ari zenaren sentipena izan nuen. Txapelketa hartan Xalbadorrek kantatu zenbait bertso buruz ikasi nituen, haien barneko sorginak harrapatuta, bere esanahi literala eta mezu zuzena harrapatu gabe.

Mattin

Gipuzkoako Beterri aldean bera eta Xalbador jarraitzeko aukera ugari izan nuen. Orereta, Usurbil, Añorga bereziki. Gure aitonaren antza hartzen nion Mattini: ttikia, umoretsua, azkar kantatzen zuena eta tonu altuetan. Gehienetan irriz. Kontentu. San Jose egun batean, Añorga auzoan, Joxe Mari Aranalde gai-jartzaile eta aurkezle zutela ikusi nuen Mattin larri kantuz. Etxetik deserrira lanera joandako semeari kantatu behar zion. Negar zotinka bukatu zuen bere saioa. Aretoa lehertu zitzaion txaloz. Ulergarriagoa egiten zitzaidan lapurtarra, begiz entzuten nion bertsoa. Ez zuen sorginik, beira zen.

Nafarroakoa, oasi

Iparraldera bizitzera joan nintzenean, bertso saioetatik aldendu egin nintzen. Ez nuen aukera handirik aurkitu. Igandero elkartzen ginen Xanpunekin, Donibane Lohitzuneko Sabin Etxea ostatuan. Chez Pablon. Gure aitarekin joaten nintzen eguerdietan, eta Xanpun ere berearekin etortzen zen mezatik landa. Berak ematen zigun saioen berri. Oso gutxitan kantatzeko parada zuela aitortzen zigun. Astean zehar, ostatu berean ikusten genuen Dominique Ezponda, bere kantu laguna gehienetan, eta honek ere kontu bera zuen, gutxitan aritzen zirela bertsotan baitzioen. Eta bertsotara joandako zenbait lekutan, ez omen zituzten entzuten ere, jendearen harrabotsen artean kantatu behar izaten zutela-eta. Bestaldean bai, han bertsolariak entzutera joaten omen zen jendea. Eta bertsolari belaunaldi berriak, Nafarroako Txapelketa izan zuen behar zuen balanka. Emaitzetan ikus zitekeen alde honetako bertsolarien ekarpena.

Ezpondak bi txapel, Mixel Xalbadorrek hiru, Jean Pierre Mendibourek bi, Ernest Alkhatek bi, Jexux Arzallusek bat, Amets Arzallusek lau, eta hauekin batera parte hartutakoak, Joanes Arrosagarai zena, Fermin Mihura, Laka, Urko Atxotegi, Inaxio Olaziregi, Miren Artetxe finalista behin eta Sustrai Colina bi aldiz txapeldunorde. Hamahiru txapela.

Elkartea

Bertsolaritza sustatu nahiz hasi ziren biltzen zenbait bertsolari eta bertsozale. Gogoan ditudanak (barkatuko al naute ezagutu ez eta aipatzen ez ditudanak) Emile Larre, Xanti Iparragirre, Santos Beloki, Mitxel Itzaina, Mixel Lekuona… Eta mugimenduak hasi ziren. Bertso eskola zenbait eta Laka eta Mihura saioak antolatzen edo, eta baita ere kantari zenbaitetan. Xanti Iparragirre Almen bertso eskolako (Leintz, Gipuzkoa) eskarmentuz, Amurizak defendatutako oinarrizko ideia berri hura egiaztatuz, bertsoak egiten ikasi litekeela zioena, hasi zen lanean. Angelu, Uztaritze… Zabaltzen hasi ziren bertso eskolak eta Donibanen eta Urruñan ere martxan jarri ziren. Egituratzen joan zen elkartea. Goian aipaturikoez gain, ez dakit ba ote ziren gehiago zuzendaritzan. Baleude, barka biezate nire ezjakintasuna.

Bertso saiotako deiak zentralizatzen hasi ziren alde batetik, eta bestetik plaza berrien bila zuzendu zituzten beren indarrak. Euskal Kultur Erakundeak ere urtero antolatzen zituenak, elkartearen esku uztea erabaki zuen. Ezagutua da Daniel Landarten bertsozaletasuna, ez dira gutxi izan gai-emale eta aurkezle lanetan ezagutu duten bertso saioak. Sarakoa hainbat urtez, eta
bereziki akorduan dut Urruñako Itsas Mendi zinema salan, Manuel Sein Xanpuni egindako omenaldikoa.

Bitartean, ikastoletan pixkanaka sartzen joan ziren. Xanti Iparragirre, Ernest Alkhat, Anje Duhalde, Jexux Arzallus, Isarzelaia… Erabiltzen zituzten materialak, Amurizaren apunteak ziren, geroago liburuetan publikatuko zirenak

Gipuzkoan Mikel Mendizabal zebilen Diputazioak lagunduta ikastolaz ikastola taldeak egiten. Gogoan dut nola ibiltzen zen doinuak estudioan grabatzen ikasleek eskura izan zitzaten. Bizkaian ere, Jon Lopategi ari zen zeregin berdintsuan. Eta hemen ere, hangoen moduan, eskolarteko txapelketak martxan jarri zituzten.

Baina jauzi indartsuena 1998an eman zuten, elkartearen bide estrategikoan bidezidorraz gain peajeko autorrutak hartu zituztenean Karlos Aizpurua oiartzuarraren kontratazioarekin. Ordura arte Eskolarteko Txapelketetan bertako sailkapenak modu pribatuan egiten bazituzten, hortik aurrera egitura formalez sozializatzen hasi ziren. Lan taldeak osatu, gaiak, epailetza, ikastoletako saioak, udaleku bereziak…

Lehenagotik, Hendaiako Nagore Fernandez gaztetxoa txapelduna izana zen eskolartekoan. Urko Atxotegi ere gogoan dut, gero Nafarroako Txapelketan parte hartu zuena. Ez dakit ez ote zen finalista izan. Eta 2000tik hona dago sailkapen prozesua, metodologiaz eta egituraz finkatua, parte-hartzaile ugariz eta bi mailatan antolatua, 40 bat neska mutil bertsotan aritzen direlarik. Eta Karlos Aizpurua irakaslea izan ezik, Azaroaren 15ean Donibane Lohitzunen kantatuko duten finalista guztiak hortik pasatakoak dira. Baita txapelketako sailkatze saiotan kantatu duten guztiak ere, Xan Alkhat, Egoitz Zelaia eta Mixel Xalbador salbu. Xenpelar Dokumentazio Zentroan kontsulta daitezke emaitzak, urtez urte, txapelketaz txapelketa. Beraz, emaitzek erakusten dute lana zenbatekoa eta nolakoa izan den.

Elkartea gorpuzten joan da ikasleen gurasoen parte-hartzearekin bereziki. Aitor Sarasua, Alain Mateo, Kepa Murua, Jexux Arzallus, Maialen Hiribarren, Maurice Agirretxe, Beñat Zule, Erik Etxart, Elosegi, Elianne Mendiboure… Eta seguru aski ez dakizkidan batzuk izango ziren hor ere.

Sustatze lanetarako langile bat hartua dute jada, Hegoaldeko elkartearekin lanean ari dena. Sistematizazio horrek ekarri gaitu honaino, gaurko Bertsulari Xapelketa muntatu ahal izateraino. Zalegoaren garapenaz dauzkat nire zalantzak, ez dut egindakoari legokiokeen arrakasta sozialik ikusten. Desoreka nabarmenena hor dagoela uste dut. Jai Alaiek ez gaitzala itsu bilakatu.
Donibane Garaziko kanporaketa: Bide beretik (Joxemari Ostolaza)
Iparraldeko Bertsolari Txapelketa abiatu da Donibane Garazin. Lehena dugu, beraz, historikoa. Bertsolarien Lagunak Elkarteak antolatu du, nola ez, bere bide estrategikoari martxa luzeagoa sartuz. Euskal Herria bere osotasunean hartuz, interprobintziala dugu Hegoaldean ez bezala, hor, aspalditik herrialde bakoitzak berea antolatzen baitu.


Bertso sehaska


Garaziko Vauban aretoa hautatzean antolatzaileek asmatu egin dute, entzulegoa eroso jarririk, akustika oso on batez entzun baititu bertsoak inongo arrabots arrotzik soportatu beharrik gabe. Honek ere laguntzen du saio baten kalitateak beharrezko minimoak bete ditzan.



Kantatu zuten bertsolariak, Gilen Hiribarren, Xan Alkat, Xumai Murua, Sustrai Kolina, Maialen Arzallus eta Kristiñe Txoperena, Seaskako ikastoletako ikasleak izan ditugu, euskarak Iparraldean irauten badu, horiei esker dela bereziki frogatuz. Eta oholtzari erreparatu ezkero, azken urtetan eskolartekoetan eta Hernandorenetan antolatzaileek metatu eskarmentuak bide egin duela garbi geratu da. Ez direla hutsetik hasten, halegia.



Zazpi bertso eskola dauzkagu katalogatuta hiru herrialde hauetan: Baiona, Hendaia, Kanbo, Ustaritz Lapurdin, Garazi Baxe Nafarroan eta Maule eta Sohüta Xuberoan. Lapurdiko Hendaiakoa nabarmendu da Sustrai, Maialen eta Kristiñe izan baititugu lehen hiruak puntuaketari erreparatuz. Lehen biek, puntu berekin (336, 5) finalean kantatuko dute eta hirugarrenak (327) Urdiñarbeko saioan izango du aukera finalean bere lekua irabazteko.



Egindako ariketen artean, Sustraik eta Maialenek zortziko txikian bururatutakoaz geratzen naiz, kantaera zuzena tonalitate egokian eta elkarri erantzunez konplizitate handiz:



Sustrai ileapaintzailea da, eta Maialen, apaiz zaharra, etorri zaio orrazkera moderno bat egiteko galdegiten.



Sustrairen bigarren bertsoa:

Serorak lehendik ere
doaz elizara
beste proposamen bat
daukat hara hara:
zuretzat bi inplante
ta rasta gisara
Bob Marley berpiztea
errazagoa da.

Eta Maialenen erantzuna:

Beraz, hartuko duzu
orrazteko beta
baina ez zaidazula
zuk egin iseka.
Bob Marleyen jarrita
daukazu arreta?
Ezin dut meza eman
porroak erreta!



Izan ere Sustraik azken agurrean aitortu digun bezala, Maialenekin oso gustora kantatu du.


Hausnartu beharra


Kristiñek ere saio ederrik egin du, Maialenekin Afrikara joateko asmoak kantatu dituelarik:



Jadanik ez naiz ume ttikia,
koxkortu zaizu mutila,
baina Afrikan ez omen dago
hemen aina marabila.
Lur urrutian ez dago ezer,
eta hemen gauza pila...
Hemen kanpotar sentitzen naiz ta
noa harbasoen bila.



Bikain aritu dira kantuan biak ere, tonalitate berean bakoitza bere kolorez, afinazio zuzenez eta testoak edertuz. Plazer bat belarriz elkorra ez den edonorentzat.



Orokorrean, saio entzungarria izan zen, Xumai eta Gilen maila apalagoan aritu baziren ere. Bainan gehien sufritu zuena, bertso eskolatik pasatakoa ez den Xan Alkat izan zen. Teknika, behar bada besteek adina landua ez badu ere, hizkuntzaz eta bertsokeraz bereziena da, bertakoena. Eta bere ironia gustokoa suertatu zait. Hor badugu bertsolari bat.



Bukatzeko, gaiak. Oso tradizionalak izateaz gain, prebisibleak (puntuari erantzuteko bat bereziki, garai bateko “lau oinak emanda" zirudiena, "Batetik Hegoa ta / bestetik Iparra" zioena), eta maskulinoak oso. Eta bertsolarien artean hainbeste neska ikusirik, ofiziotako zenbait desegokiak oso, planto egiteko modukoak.



Maialenek kartzelan kantatutakoak bai doinuz eta bai kantaeraz (amona Ixabel zendu berriari ) bereziko nituzke, berriz ere entzuteko gogoz utzi bainau:



Beti hurrun ikusten da
heriotzaren min hori
norbait galtzen dugunean
gelditzen gara hilzori.
Ez nuen asko espero
orain aste bat edo bi
orain inguruan ditut
gorpu, meza ta hilobi.
Udazkena iritsi da,
udazken gris bezain hori
gure etxean ez dira
hostoak soilik erori.



Nora joan zara, amona?
ta nork egin dizu tiro?
Nolatan joan zara horren
goxo eta emekiro?
Zergatik ezin dut zure
harnasik entzun berriro?
Eta non aurkituko dut
nik horrenbeste motibo?
Nahiz ta dudan saminaren
laztasuna gora igo
berak ez luke nahi eta
ez dut nigarrik egingo.
Luhusoko kanporaketa: Bide Bihurritik (Joxemari Ostolaza)
Abiatu da Iparraldeko Bertsolari Txapelketa. Luhusoko saioan parte hartu zuten sei bertsolariek, lehen agurretik erakutsi zuten belarria, bik ezik, Amets eta Odei, txapelaren bila etorri ez baziren bezala sentitu bainituen. Nire inpresio soila izan liteke. Onartzen dut. Aretoa, beterik zegoen Garaziko Vauban ez bezala. Laurehun bat jende izango ginen sagardotegiko aulkietan jarriak. Oholtzaren gibelean oihal beltz batek laguntzen zuen entzumena, eta kalitate bikainez joan ziren bertsoak airera.

Saioa

Orokorrean, txukuna. Hasierako ofizioak, zortziko handikoak ekarri zuen lehen ezustea: Mixel Xalbadorrek eta Ametsek Etxahunen “Ai zer plazera” kantuko doinuan bota zituzten bereak. Tonu bat altuegi hartu zuen Ametsek eta biek ere, larritasunez kantatu zituzten bertso bakoitzeko hirugarren puntuen bigarren lerroak, laugarren eta zortzigarren silabatan beren ahotsak kokatzeko arazoak izan baitzituzten. Lehen aldia zuten eta ordaindu egin zuten. Dena den, aire egokia da oso bertsotarako.

Jexus Mari Irazuren bertsoa.com webgunean entzutea gomendagarria, Amets hasieratik nola nabarmendu zen ikusteko.

Hamarreko txikian, berriz ere Ametsek Mizel Mateorekin egindakoa bereiziko nuke, lagunarena entzun eta erantzuteko gaitasuna goza dezagun.

Kartzelakoan, Odeik egindako lanaz geratzen naiz, Ametsena, dotorea espero bainuen Xabier Leteren “Haizea dator” doinuan osatua zortzi puntutara ekarriz. Bainan Odeiren saioa izan zen harritu ninduena, hain gaztea izanik, bere mundua sentsibilitate eta xehetasun handi ugariz eta kantaera finez adierazteko gauza izan baitzen. Sinesgarria oso. Finalean ikusi nuen.

Mixelen saioa ere, gustukoa izan nuen. Bere kantaera pausatua, hain propioa, berea, estimatu nuen. Ez dakit zeri zor dion, kantua gozatzeko ahalmenari, ala hitzak, puntuak ekartzeko eragozpenari. Ez dakit, baina entzutea plazer bat da. Bestalde, bere bertsokera, errima estandarretik urrun osatua, estimatu nuen.

Bertsolariak
Amets, Zinedin Zidane. Zerurantz abiatua. Odei, zerura egin nahian hodeietan barna. Ametsengandik gertuena. Karlos Aizpurua, segurua bere almazenaz, txapelketetarako balio duena. Ez ninduen harritu, ez ninduen emozionatu. Patxi Iriartengandik askoz gehiago espero nuen. Ez nuen eroso sentitu azken agurra kantatu arte. Hor askatu zen. Beste saioetan gehiago dela erakutsi izan digu. Ez zuen jakin aukera baliatzen. Eta Mizel Mateo trakets ikusi nuen. Geroztik jakin dut bere aitak istripu bat izan zuela egun berean. Agian, ez zuen bertsotarako gorputzaldi egokienean kantatu.

Epaiak
Nire inguruan, eskarmentu handiko bertsolariak zeuden. Epaileen emaitzak jakin aurretik, denek galdera bera zuten ahotan: nor duzue Odei? Non eduki duzue gordeta? Harriturik zeuden Odeiren saioarekin. Ni ez naiz egokiena Odeiren lana baloratzeko. Gertukoa dut eta emozionalki etxekoa dut. Maiz entzuten da epaitzea zaila dela. Arbitroen lana konplikatua dela. Ez naiz ados. Zaila, edozein lana ongi egitea da. Eta bikain burutzea, gutxi batzuen eremukoa. Beldur naiz, finalaren oholtza ez dela merezi duten bertsolariekin osatuko, eta hori, Txapelketak ordainduko luke garestiegi.
Urdiñarbeko kanporaketa: Oskixetik (Joxemari Ostolaza)
Igande eguardian abiatu ginen Iparraldeko Bertsulari Xapelketaren azken sailkapen saiora. Eguraldi gaitza, euria mardulki botaz ari zen eta autoz, Kristiñe Txoperenak lehen agurrean aipatu trenarentzat Urdiñarbek geltokirik ez duela jakinik. Bertara iritsi, aretoa bisitatu eta Maulera. Dozena bat kotxe gurutzatu eta animarik ez bertan. Kosta zitzaidan ostatu bat irekita aurkitzea. Ez zirudien handik gutxira Txapelketarik zegoenik hain hurbil. Hiru saio, hiru probintzi. Urdiñarbera joan aurretik, Muskildiko La Chistera restaurantera zuzendu nuen kotxea. Han bertaratuak ziren zenbait bertsolari, ahaide eta zale.
Saioa
Aretoaren inguruan, La Chisteran bezalatsu, tentsioa nabaria zen. Jendea multzoka, borobilean, finalerako iragarpen garbirik adierazi gabe, gai-jartzaile bailitzan ondokoa tentatzen bertsoa osatu gabe, bestearen aurresan bila. Sala, ongi aukeratua. Bakarkako aulkiak, erosoak, tenperatura epela eta entzumen egokia. Xuberotar batzu tartean, baina gehienak aurreko saiotan ikusitakoak.

Ez naiz txapelketa zale, bestelako saioak nahiago, bertsolaria publikoari kantatu eta bertsoka epaitua ez denean saioa bera helburu duelarik nahiago entzutea.

Urdiñarbekoa, saio motela izan zen, eguraldia bezain lanbrotsua. Luzea egin zitzaidan. Geldoa. Aurreko bitan sentitu ez nuen geldotasuna. Ofiziotan, Odei eta Eneritz txikian egindakoa iruditu zitzaidan normalena. Lagunarena entzun eta jarraipena izan dezakeen erantzuna bota, bidea itxi gabe:

(Eneritz eta Odei bi piper ziren, Paueko merkatuan. Eneritz Ezpeletakoa, Odei, aldiz, Txinatik ekarria).

Eneritzen bigarren bertsoa:

Hara, gorria zira
pipertxo, beharrik
gutxi kostatzen, bainan
ez duzu indarrik.
Gaurkoan ene Odei
ez da erran beharrik:
piperretik duzula
izena bakarrik.

Odeirena:

Ai, zure hitzen jasa
ezin da atertu
ta gustora nahi nauzu
txokoan baztertu
bainan halaere naiz
hementxen agertu
barkatu, nik ez dizut
piperrik ulertu.

Dena den, aurrekoetan bezala www.bertsoa.com entzutea gomendatzen dizuet. Kartzelakoetan ere joan ziren ale egoki zenbait, hemen ere Odeiren zortzi puntukoak bereiziko nituzkelarik. Zenbait ofiziok ez zuten joko handirik eman, bertsolariak bakoitza bere aldetik ibili ziren inpresioa dut, bereziki haur adoptatuarena daukat gogoan horren erakusle.
Bertsolariak
Lehen sailkatuak, Odeik, Luhoson bezala bikain kantatu zuen. Kristiñe, Garaziko trena harrapatu ezinik, bertsoen puntuak ekarri ezinik, idorreriatik bertsoa libratu ezinik. Eneritz, ezagutzen diodan mailan ikusi nuen. Ez dakit nik bere poto kutunak ez ote zion finaleko oholtza eragotzi. Gorago izanen zen ustearekin gelditu nintzen. Miren Artetxe ez dut aski ezagutzen, baina saioaren aurretik seguruago ibiliko zenaren irudipena nuen. Ez ninduen bete. Ekhi Erramundegi hirugarrenez entzun nuen. Ideietan bertsotan erakusten duena baino azkarragoa dela esango nuke. Kantatzeko orduan ditu arazo latzak. Entonazioan ezin, desafinatzen du doinuaren arrastoan sartzeko gauza denean, denbora kudeatzen arazoak ditu. Landu beharko luke serioski kantaera, errexki hobetuko bailuke bere jarduna, bertsolari legez izugarri irabaziko luke. Egoitz Zelaia ez nuen ezagutzen. Besteengandik urrun ikusi nuen.
Zenbait puntu
Bakoitzak dituen ardurak eta gogoak utzi eta bertso saio batetara joan, sarrera ordaindu eta arreta haiengan jartzeko, oholtza gainean daudenek askoz gehiago eman beharko lukete. Sentitzen dudan eran askatzen dut esandakoa. Ez da aski hitzak ordenatu, esaldiak egin eta puntuak errimatzea bertsolari izateko. Jendeak harritzeko eta gozatzeko gauza izan behar dira. Saioz saio, zalegoa elikatu behar dute berriz ere haiek entzutera joan daitezen. Eta bukatzeko, Txapelketa honen antolatzaileek esan beharko ligukete Garaziko eta Luhosoko saiotan hirugarren sailkatu zirenek zergatik kantatu behar izan zuten Urdiñarben finalean izan nahi bazuten. Argigarria litzaiguke.

Azkenak
Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


2025-01-16 | Euskal Irratiak
Laborantzari buruzko ikuspegi desberdinak agerian, Departamenduko Laborantza Ganbararako bozetan

Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.


Eguneraketa berriak daude