argia.eus
INPRIMATU
Mundu-jaurlaritza
Luis Alberto, 'Amatiño' Aranberri 2013ko maiatzaren 02a
Amatiño
Krisiak ezer frogatu badu zera da: mundu-merkatua bat dela eta erabakiak hartzeko gobernuak, aldiz, barrena hogeitaka. Lekutan da, oraindik, hirurogeigarren hamarkadako zientzia-fikzioak kirikatzen zigun mundu-gobernua.

Europako Batasunaren sortze-arrazoia ez zen ekonomia izan, ekonomiari erantzun bateratua emateko borondate politikoa baino. Bigarren Mundu Gerra armagintzarako lehengaiez (ikatza eta altzairua) jabetu nahi zituztenen arteko norgehiagoka izan zen eta, gerra osteko bake-estrategia finkatzeko, Schumanek ikatza eta altzairua elkarrekin kudeatzeko gertu leudekeen gobernuen batasuna proposatu zuen 1950ean, ordura arte elkarri erasoka jardundako Frantzia eta Alemania tarteko.

Orduan bezala, orain ere, finantzen eta energia-iturrien kudeaketari buruzko eztabaida dago munduko gatazken barne-muinetan. Guztiaz aho batez arduratuko den mundu-jaurlaritzarik izango al da noizbait? Seguru gero baietz, nahiz eta hurrengo berrogeita hamar urtean guk ikusi ez. Baina halere, ezertan hasteko, zein da egungo Schuman?