«Punka bezalakoa da nafar-mexa, ez dago jotzen jakin beharrik eta jendea identifikatu egiten da»
Huajolotesen sasikumeak zarete?
Haiek egiten zutena jarraitzen ausartu gara. Askori lotsa emango lioke. Askok gustuko dute, baina beste askok ezin gaituzte ikusi. Hala ere, Huajolotesek ospe txarra zuen arren, Impekablesen gehiago edaten da. Huajolotes bizitzeko modua zen, baina Impekables denbora-pasa eta parranda da taldekideentzako.
Zuen hitzek galtzaile kutsu handia daukate, baina beti ironia eta jarrera positiboarekin...
Konejok idazten ditu eta berari gertatutakoak dira. Taldeko “kurrela” bakarra da eta gorriak ikusi ditu: desamodioak, mozkorraldiak, zapalduta egotea... Hitz horiek jende askorengana heltzen dira.
Zer egin dizue Yolanda Barcinak halakoak abesteko?
Guri, Iruñeko beste musika talde askori bezala, San Ferminetan Taconeran jotzea galarazi zigun. Horrez gain, pankarta bat ateratzeagatik egurtu egiten zaituzte; gaztetxea itxi eta jende ugari kriminalizatu du; udaltzainek ez dute bizitzen uzten... Iruñea nazkagarria da gaur egun bere erruz!
Askok diote mexikanadek hitz oso matxistak dituztela, baina zuenetan tratu txarrak, nekazarien eta langileen eskubideak, zapalduen borroka eta beste ageri dira.
Mexikanada klasiko asko oso matxistak dira, baina tamalez Mexikoko leku askotan hala pentsatzen dute. Guk nafar-mex musika egiten dugu eta beste modu batean pentsatzen dugu, nahiz eta guri ere behin matxistak ginela esan ziguten.
Zertan zarete “impekableak”?
Denean. Talde desastrea da, baina dibertigarria; eta jendea “harrapatu” egiten du. Hori da nafar-mexak daukana: jendea identifikatu egiten da. Punkaren antzekoa da: jotzen ez jakin arren, larrua jarri, eta abeslari dibertigarri bat guztien begien jomugan jartzea.
Taldea itxita dago, edo jende gehiago sar daiteke oraindik?
Haize instrumenturen bat sartu nahiko genuke, eta horrez gain seigarren baxua deitzen dioten 12 sokako gitarra ere bai.