Kritika eta euskal literatura

  • Edozein literatur lan kontuan hartzeko garaian, literatur teoriak hiru alderdi oinarrizko bereizten ditu: idazlea, testua eta hartzailea. Hala, historikoki, idazlea eta berarekin erlazionatutako kontuak izan dira ikerketa literarioetan lehentasuna. XIX. mendetik XX. mendeko 50. hamarkadara arte idazlearen intentzioa zen obra bat aztertzerakoan aintzat hartu beharreko arazoa, salbuespen ohoragarriak salbuespen. “Zer esan nahi du idazleak hemen?” zen pasarte hermetiko baten aurrean irakurleak egin behar zuen galdera. Batez ere estrukturalismoaren goratzearekin, ezarian, testuaren beraren garrantziaz ohartarazi zuten zenbait kritikok, eta aurreko metodo biografiko-positibistari gerra deklaratu. Horren erakusle da Roland Barthes-en La mort de l’auteur izeneko artikulu famatua, non autorea bazterrean utzita testuaren irakurketan sostengatutako kritika egitea aldarrikatzen baita. Azkenik, estrukturalismoaren mugez oharturik edo, “harreraren estetika” delakoaren eskutik, 60. hamarkadaren hondarrean, ordura arteko elementu ahantziaren, hots, hartzailearen edo irakurlearen, garrantzia azpimarratu zen. Obra bat aztertzeko garaian ezinbestekoa da irakurlea kontuan hartzea, haren interpretazio lana, haren background kulturala, eta abar. Horrek guztiak aditzera ematen digu, besteak beste, obra baten esanahia ez duela ez idazleak ezta testuak ere soilik ezartzen, testuaren interpretazioak baizik, eta honenbestez, finko eta mugiezina baino aldakorra dela. Adibide garbi bat ematearren, Don Quijote de la Mancharen esanahia XVI. mendean eta gaur egunean aski diferentea da; XVI. mendean zalduntza nobelei buruzko lan satirikoa zen funtsean; XXI. mendean, ostera, literaturaren historiaren gailurretako bat da, zeinak bide ematen baitu Michel Foucalt-ek Les mots et les choses liburuan egindako irakurketa gaurkotuetarako.
Analisia
Analisia (Argazkia: Alai Zubimendi)

Literatur teoriaren barneko bilakaera honek, esan gabe doa, eragina izan du literatur kritikan. XIX. mendean, literatur kritikoa, egileari buruzko xehetasunak biltzera dedikatu behar zen –berak idatziriko gutunak, beste testu batzuk, eta abar–, idazleak obrarekin benetan esan nahi zuena argitze aldera. Gaur egun, ostera, literatur kritika askoz lotuago dago ariketa interpretatibo batekin. Kritikoa, bere erreferentzia literario, artistiko, sozial eta enparauen bidez, obraren irakurketa bat ematen ahaleginduko da, testua bere egiten saiatuko da nolabait, eta gero –horrek bereizten du gainontzeko irakurleengandik– berau idatziz emango du. Literatur kritikoa, honenbestez, idazlea ere bada, buruan darabilena ahalik eta modu argi eta zehatzenean paperera eramaten saiatu behar baita bera ere. Kritikoa, funtsean, testu baten gainean berak idatzitakoa publikatzen duen irakurlea da.

Gisa honetan, arestian aipatutakoarekin loturik, literatur kritikoa ezinbesteko elementua da literatura baten osaeran. Egon daitezke idazle eta obra bikainak, argitaletxe indartsu eta dirudunak, irakurle saldo bat, baina kritikaririk ezean, nola interpretatu obra hain bikain horiek? Nola bereizi obra kaskar eta onen artean? Nola esplikatu obra batek benetan merezi duela? Bati baino gehiagori iruditu dakioke literatura kritikarien eskutan uztea litzatekeela hau, kritikaria dela, eta ez beste inor, obra onak zeintzuk diren erabakitzen duena. Hori, jakina, ez da horrela, faktore ugari, horietako asko ez-literarioak, baitaude liburu baten arrakastaren kausetan, baina ezin ukatuzkoa da kritikariaren garrantzia, hau da, idatzizko ariketa interpretatiboaren garrantzia, literaturan. Eta bereziki nabarmena da hau modernismoaz –zentzu anglosaxoniarrean– geroztik. Izan ere, norbaitek sinetsi al dezake James Joyce-n Ulyssesekin bat-batean eta inolako bitartekaririk gabe gozatu daitekeela? Nola ukatu literatur teoria eta kritikaren garrantzia maisu lan hori azaldu eta irakurtzeko orduan? Badira literatur lan batzuk irakurlea behartzen dutenak hausnarketa konplexu eta sakonak egitera, eta makinaria kritiko indartsua eduki ezean, ia ezinezko suertatzen da obra horiek irakurleak bere egitea. Arte plastikoetan, gehiegizka, Marcel Duschamp Arthur Danto arte kritikariari esker dela Marcel Duschamp esaten da maiz. Alegia, Dantoren Bereiztezinen Teoriari esker ulertu izan dela, Duschampen ready-made-ak zergatik diren artea –eta zergatik diren maisu lanak–. Era berean, antzeko zerbait esan daiteke, nahiz eta, seguruenik, neurri askoz ere apalagoan, Marcel Prousten eta Gérard Genette kritikariaren artekoaz. Genettek 60. hamarkadan egin zuen Prousten À la recherche du temps perdu obraren interpretazioak berau irakurtzeko modu berria eskaini zuen; berriz ere gehiegizka, esan daiteke Genettez geroztik ezin dela aurretik bezala irakurri Prousten obra. Lan kritikoek arte lan originalak nola eraldatzen dituzten erakusten duten bi adibide baino ez dira.
Tamalez, euskal literaturan ez dugu literatur kritikaren baitan kokatu dezakegun lan mugarririk. Arrazoiak askotarikoak izango dira, baina nagusiena, seguruenik, euskarazko obra interesgarrienak azkeneko 50 urteetan idatzi direla da. Kritika lan hauek, indartsu eta eraginkorrak direnean, adibidez, garai batean bigarren mailakotzat jotzen zen idazle bat kanonaren lehen mailan kokatzea lortzen dute. Euskal literaturan, ordea, nekez egin daiteke halakorik egun, bere historiaren mehartasunaren kariaz. Horregatik, egungo oparotasuna aintzat hartuz, zentzuzkoa da pentsatzea hemendik urte batzuen buruan sortu sortuko direla gisa honetako lan kritikoak, eta gaur egun sona handirik ez duten idazleak euskal literaturaren gorenean kokatuko direla, baita beste zenbait arrakastatsu ahantziak izango direla ere.

Baina euskal literaturaren historiari lotutako kontu horiek landa, inpresioa dut ez dagoela gurean kritikaren gaineko benetako interesik. Behiala idazleak eta idazle onak falta zitzaizkigun, honezkero baditugunak, agidanez. Liburuak publikatzen dira, sobera zenbaitzuen aburuz, eta orain arazoa irakurleena omen da, edo beharbada, zehatzago esanda, erosleena. Kritikaz, ostera, ez dirudi inor arduratzen denik. “Euskal literaturan kritika falta da” entzuten da noiz edo noiz esaldi errepikakor gisa, baina benetan, idazleren baten liburu berriak kritika gogorren bat jasotzen duenean arduratzen da norbait kritikaz. Eztabaidatzen da idazleen amateurismoaz, industriaren balizko krisialdiaz, subentzio sistemaz, egile eskubideez, liburutegietako maileguen gaineko kanonaz eta abar, baina inork ez du salatzen euskal kritika oraindik, oro har bederen, militantzian oinarritzen dela. Eta ez dut hitz egiten bakarrik iruzkin kritikoak egiteagatik pagatzen diren ordainsari miserableez; zeren, zenbat sari eta beka antolatzen dira literatur lanak sustatzeko? Zenbat sari eta beka literatur kritika laguntzeko? Zenbat subentzio? Zein erakundek defendatzen ditu kritikariaren eskubideak? Zein fakultatetan ikasi daiteke literatur kritika Euskal Herrian? Galdera horiei erantzutea besterik ez du euskarazko literatur kritika faltaz kexu denak.

Azkenak
2025-02-03 | ARGIA
AEBen muga-zergei erantzuten hasi dira Txina, Kanada eta Mexiko

Donald Trumpek agindutako muga-zergak indarrean sartu dira: Kanadak eta Mexikok %25ekoak izango dituzte eta Txinak %10ekoa. Kanadak zifra bereko arantzelekin erantzungo du. Mexikok arbuiatu du AEBko Gobernuak esan izana organizazio kriminalekin loturak dituela herrialde horrek... [+]


Nafarroako zubiak betetzera deitu du Sorionekuak mugimenduak maiatzaren 10erako, euskararen alde

"Etorkizuneko zubiak" eraikiz, azpimarratu dute "garai nahasi hauetan" euskararen aldeko aldarriak ozen entzun behar direla aurrerantzean: "Bada garaia euskarari dagokion tratamendua, lekua, emateko".


2025-02-03 | ARGIA
160.000 pertsona baino gehiago irten dira kalera Berlinen, eskuin muturrari “suhesia” jartzea aldarrikatzeko

Larunbatean hamarnaka milaka herritar manifestatu dira Berlinen eta Alemania osoan. Otsailaren 23ko hauteskunde orokorren atarian, gainontzeko alderdiei eta bereziki CDU alderdi kontserbadoreari exijitu diete AfD eskuin muturreko alderdiarekin harreman oro eteteko.


2025-02-03 | Estitxu Eizagirre
Ezkeltzun ez dutela eolikorik jarriko jakinarazi dio enpresak Zizurkilgo Udalari

Green Capital enpresak ahoz jakinarazi dio Zizurkilgo Udalari Ezkeltzuko proiektua "behin betiko bertan behera uzteko erabakia". Udalak positibotzat jo du erabakia, "zalantza handiak sortzen baitzituen ingurumenari, paisaiari eta ondareari eragingo lizkiokeen... [+]


LGBTIQ+ komunitateak Argentinako kaleak bete ditu Mileiren aurka

Manifestazio jendetsuak egin dituztean larunbatean Argentinako hainbat hiritan. Javier Milei presidenteak "pedofilo" deitu ditu LGBTIQ+ pertsonak Davoseko Munduko Ekonomia Foroan.


Greenpeace-k Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu du Guggenheim museoan

Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.


2025-02-03 | Nicolas Goñi
Jendez hustutako landa eremuetara basabizitza ez da uste bezala itzultzen

Munduko landa eremu periferikoetan 4 milioi kilometro koadro laborantza lur abandonatu dira azken 75 urteotan. Orain arte arrazoi ekonomikoengatik uzten baldin baziren nagusiki, gerora, klima aldaketak ere horretara bideratuko ditu geroz eta gehiago. Bioaniztasuna babesteko xede... [+]


2025-02-03 | Ahotsa.info
Arrotxapeak aurre egin dio ultraeskuinaren probokazioari

Vox alderdi faxistak Iruñeko Arrotxapea auzoan "informazio-mahai" bat jartzeko asmoa iragarri zuen, eta "kaleetan faxistarik nahi ez duen" langile-auzo anitz baten gaitzespenarekin egin dute topo. Berriozarren ere izan dira VOXekoak, eta bertan ere... [+]


2025-02-03 | Euskal Irratiak
Antton Luku: «Egiazko urtats da inauterien momentua»

Duela hemeretzi urte berpiztu zen libertimenduen usadioa Donibane Garazin. Antton Lukuk abiatu zuen mugimendu hori, eta bi hamarkadetan, Ipar Euskal Herriko herri desberdinetara ez ezik, Hegoaldera ere hedatu da. Zortzi libertimendu muntatu dira aurten, eta datozen asteetan,... [+]


2025-02-03 | Gedar
Azaroan Astrabuduan desalojatutako etxea, berreskuratua

70 urteko emakume bat eta bere biloba bota zituzten euren etxetik, baina hura bereganatu dute berriz. Etxea defendatzeko konpromisoa azaldu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.


2.000 lagun baino gehiago mobilizatu dira Laudion Guardianen itxiera aurka

Guardianeko enpresa batzordeak eta SOS Aiaraldea plataformak deituta, mobilizazio jendetsua egin dute Laudion, Laudioko lantegiaren itxiera salatzeko. 2.000 herritar baino gehiagok giza-katea egin dute lantegia inguratuz.


2025-02-03 | Axier Lopez
Zergatik utzi ditu ARGIAk Twitter eta Facebook?

Gorrotoa sustatzen duten algoritmoak, mendekotasuna sortzeko diseinatutako aplikazioak, pertsonak beharrean publizitate-hartzaileak ikusten dituzten plataformak, merkantzia gisa tratatzen gaituzten sare sozialak… Badirudi azken aldian herritarrek sare sozial nagusietatik... [+]


Osakidetzan egiturazko eta egiazko konponbideak eskatu dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian

Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.


Eguneraketa berriak daude