Ariketa fisikoak osasun fisikoan baino, bestelako kontuetan nola eragiten duen erakusteko adibideak bildu ditugu orriotan, ariketa fisikoari eta kirolari mende honetako gizarteak nolako zukua ateratzen dion ikusteko. Droga kontsumitzerakoan eta abentura kirolak egiterakoan izaten diren sentsazio antzekoak aztertu dituen ikerketa aipatuko dugu, baita Gasteizen zein Donostian integrazio sozialerako planetan nola txertatu duten futbola. Jaioberriak mugimenduaren bidez munduarekin hasten duen harremana azalduko dugu eta aisialdian ariketa fisikoa egiten hasi den hirugarren adinekoen lehen belaunaldiaz hitz egingo dugu.
Abentura eta drogaren emozioak
Ikerketa asko egin dira bien arteko parekotasunak aztertzeko. AEBetan, Australian eta Europan, azken hamarkadatan, bien arteko lotura eginez proiektu ugari garatu dira. 1998an Katalunian, Kirol jarduera eta jarduera fisikoari buruzko artikuluen hirugarren saria irabazi zuen lanak (Drogamenpekotasuna prebenitu elkarlaneko arrisku eta abentura jardueren bidez) gai horixe jorratu zuen eta guk ondoko lerrootan lan haren entresaka egin dugu.
Artikulua saiatzen da erakusten drogazaleek drogak kontsumitzerakoan bilatzen dituzten emozioak eta abentura kirolak egiten dituztenek bilatzen dituztenak antzekoak direla. Droga konpultsiboki kontsumitzen da, gizarteko gatazka eta tentsioetatik ihes egiteko edo norbanakoaren edo taldeko nortasuna eraikitzeko. Droga, jaia eta dibertimendua eskutik doaz. Antzeko emozioak lortzeko balio dezaketen abentura edo arrisku jarduerak lirateke honakoak: airekoak (ala delta, paratxuta, puentinga...), uretakoak (surfa, raftinga, hidrospeeda, arroila jaitsiera, urpekaritza...) eta mendikoak (bizikleta, mendi-ibilaldiak, alpinismoa, rappela, tirolina, eskia, eskalada, espeleologia...).
Frank Farley (1986) ikerlariak “T” eta “t” nortasunak bereizten ditu. “T” nortasuna oso nabarmena dutenek arriskua, kitzikapena eta sentsazioak bilatu eta sortu egiten dituzte. “T plus”a dutenek nortasun eraikitzailea eta sortzailea dute, alegia, abenturazaleak, zientzialari ikerlariak eta artistak dira. “T minus” nortasuna duena suntsitzailea da eta kriminala izatera ere irits daiteke. Dena dela, bi nortasunen arteko muga, askotan, lausoa da. “t” nortasuna dutenek berriz, alferrikako arriskua eta estimulazioa saihestu egiten dute.
Carles Feixa (1995) ikerlariak abentura kirolak eta gazte kulturaren imaginarioa parekatu ditu: “Bietan gorputza eta arriskua goraipatzen dira, abiadura eta kitzikapena, edozeren gainetik oraina bizitzea. Abentura kirolak ez al dira diskoteka gauen egun-argiko bertsioa?”. Historias del Kronen filma jarri du adibide.
Miranda eta laguntzaile ikerlariek (1995) abentura kirolek eragindako emozioak eta sentsazioak zerrendatu dituzte: egunerokotasuna saihestu, hainbat ume jarrera imitatu, beta-endorfinak askatu, araudirik gabe aritu, konkista sentsazioa izan, plazer psikomotriza bilatu –batzuetan narkotizatzailea, mugaraino eramana–, plazer bikoitza lortu: egitearen sentsazio bera eta froga gainditu duzulako daukazun sentsazioa. Beldurra eta arriskua nahita bilatzen dira eta baita bukaera zoriontsua ere. Norberak aldera ditzala drogek eragindakoekin.
Abentura kirolak naturan eta talde lanean ez dira drogamenpekotasuna dutenekin soilik probatzen, ezinduekin saioak egin dira, baita estresa kontrolatzeko ere, eta gaizkile gazteekin eta tratamentu psikiatrikoan dauden gazteekin.
Magrebtar gazteak Donosti Cup-en
Uztailean izan da Donosti Cup, haur eta gazteentzat Donostian antolatzen den nazioarteko futbol lehiaketa.
Maiatzean, Donostiako Gurutze Gorriak pentsatu zuen harrera etxeetan dauden gazte atzerritarrez osatutako taldea aurkeztea. Hamasei eta hamazazpi urteko magrebtarrak, Gipuzkoako hainbat herritako zentrotakoak, astean bi aldiz entrenatzen hasi ziren Donostian.
Gazte horiek Gipuzkoan bakarrik dauden adin txikiko atzerritarrak dira eta Foru Aldundiaren babesean daude. Gurutze Gorriak ekintza osagarriak prestatzen ditu hemengo gizartean integra daitezen. Crono du izena esku artean duten proiektuak eta horren barruan bururatu zitzaien Donosti Cupera aurkeztea. Maria Díaz de Garaio proiektuaren koordinatzailea da eta berari galdetu diogu zergatik aukeratu duten kirol lehiaketa, eta zehazki futbola, helburuak lantzeko. Hasteko, garbi esan digu magrebtar gazte horiei kirola asko gustatzen zaiela, eta batik bat futbola. Gustuak, interesguneak, kontuan hartu behar gazteak erakartzeko. Hori batetik, eta bestetik Díaz de Garaiok dio gizarte integrazioa helburu hartuta futbolak alderdi asko lantzeko aukera ematen duela: “Bi gauza lotu genituen proiektu honetan. Batetik, entrenamenduetan eta lehiaketan bertan landu genitzakeen alderdiak: asistentzia, puntualitatea, ahalegina, partehartzea, konpromisoa, talde lana, frustrazioa kudeatzea... Bestetik, Donosti Cupen hartuko zuten parte, ospea duen ekitaldian, gizartean onarpen maila handia duen lehiaketan. Gazteentzako bultzada polita”.
Real Tanger taldeak hilabetez entrenatu zuen, finalaurrekoetara iritsi ziren lehiaketan eta gazteak 2009an berriz jokatzeko desiratzen daude. Askok ez zuten inoiz taldean kirolik praktikatu, beste batzuek, kaleko futbolean ondo iaioek, lehen aldiz zapaldu zuten futbol zelaia. Emozioaren emozioz ibili ziren Donostian. Munduko Futbol Txapelketa garai hartan izateak ere lagundu zuen giroan.
Orain, asmoa, urtarrilean bertan udarako prestatzen hastea da, denbora laburrean ezin baita askorik landu. Hala azaldu du Díaz de Garaiok: “Urtarriletik uztailera bitartean gazte bakoitzarekin eta taldean lan egiteko aukera izango dugu, Donosti Cupen aitzakiarekin, futbolaren bidez, kirolaren bidez”.
Gasteizko Alde Zaharrean futbolean
Iñaki Luzuriaga, Miranda de Ebrokoa (Burgos), kale hezitzailea da eta Gasteizko Alde Zaharreko kaleetan ibiltzen da arrisku egoeran dauden 10-18 urte arteko gazteei lagundu asmoz. Gasteizko Udalak lantzen duen proiektu honetan asmoak lortzeko, alegia, arrisku egoeran diren gazteak indibidualki osatu eta komunitatean integratzeko, kirola erabiltzen dute tresna gisa, besteren artean. Kirola diogunean, gehienetan futbolaz ari gara, Luzuriagak aitortu digun moduan, “lehen kolpean behintzat hori dute gustuko, nahiz eta batzuetan beste kirolei heltzen dieten”. Mirandarrak azpimarratu du kirola berez ez dela gaztea edo norbanako edonor osotasunean hezteko tresna, izan daiteke bitarteko integratzailea eta izan daiteke bereizlea, nola erabiltzen den.
Arrisku egoeran dauden gazteekin bi norabidetan egin nahi dute lan. Batetik, nolabait esateko normalizaziorako bidea egin nahi dute gazteekin, auzoan, hirian, probintzian integratu. Eta bestetik, gizarteak gazte horiek ezagutu ditzala, elkartrukea egon dadila. Horren adibide dira futbol ligak. Batzuetan, gazte horiez osatutako ekipoak eskola arteko ligetan aritzen dira eta beste batzuetan, futbol taldeetan beraietan nahastuta daude arrisku egoeran dauden gazteak eta gainerakoak. Hainbat maila ekonomiko eta sozialetakoak dabiltza elkarrekin, kultura eta hizkuntza aniztasuna da nagusi. Luzuriagak azaldu digu futbolak komunikatzeko erraztasunak ematen dituela: “Badaude gazteak eskolara ez doazenak eta gaztelaniaz ere hitz egiten ez dutenak, futbolean aritu daitezke ordea, komunikazioa errazagoa da. Hitzez ezin dira komunikatu, baina ligan jokatzen dute besteekin batera, prentsan agertzen dira ...”.
Luzuriagari galdetu diogu ea arrisku egoeran dauden gazte gehienak Gasteizen etorkinak diren. Baietz, lehen anekdota zena orain gehiengoa da. Maila sozioekonomiko eskasa duten etorkinak, heziketa gabeziak edo familia arazoak dituztenak. Ijitoekin ere egiten dute lan eta gainerakoan bertakoekin oso gutxi, agian –dio Luzuriagak– ikusezinagoak direlako, ez ez daudelako.
Auzoan, plazetan, kaleetan, ziberkafeetan ibiltzen da Luzuriaga, lehen harremanen bila. Zer moduz erantzuten duten adierazi du: “Bi aldeak esan behar dira; batzuk saiatu dira auzo berrian, hiri berrian integratzen baina ez dute lortu, beste batzuetan gertatzen da inork ez diela eskua luzatu integratzeko. Berarengan arreta jartzen baduzu ez dizu ezetzik esango, beste gauza bat da hasierako pauso horretatik aurrera egingo duzun ala ez. Kontua da batzen gaituen zerbait izatea”. Oraingo honetan kirola. Horregatik iruditu zaio kale hezitzaileari aberrazioa eskolan ariketa fisikorako ordu kopurua murriztea.
Jubilatuak kiroldegian
Antxelmo Astiazaran Zestoako (Gipuzkoa) Udaleko kirol teknikaria da. Hari galdetu nahi genion ea gaur egun hirugarren adinekoek kirola nola baloratzen duten, zergatik egiten duten kirola. Duela 20 urte baino gehiago hasi zen jubilatuei gimnasia eskolak ematen eta badu horretan esperientzia. Horri buruz hitz egin digu, baina kosta egin zaio hirugarren adinekoei buruz soilik hitz egitea, batik bat, orokorrean gizarteak kirola zertarako erabiltzen duen kezkatzen duelako.
Duela 20 urte jubilatuak, emakumeak gehienak, gonarekin, makillatuta eta taldean joaten omen ziren kiroldegira, batez ere, taldean. Gizonezkoak hiru edo lau, bakoitza bere kabuz. Emakumeak etxetik ateratzeko eta lagunekin ondo pasatzeko irrikaz zeuden. Gizonek uste zuten ariketa fisikoa ume jolasa zela eta nekez hurbiltzen ziren kiroldegira. Joaten zirenentzat edozein ariketa fisiko norgehiagoka bihurtzen zen, Astiazaranen iritziz, “umeak baino okerrago ziren eta dira”. Orduan osasunarentzat ona izan zitekeenaren ideiak ez zuen indar handirik, gehiago zen jarduera soziala. Eskerrak –dio Astiazaranek– sendagileek asko azpimarratu zituzten ariketa egitearen onurak. Dena dela, eguneroko lanaren poderioz igarri zuten jubilatuek sasoi hobea zutela. Amona bat joan zitzaion behin Astiazarani halako keinu arraro bat egiten: “Begira Antxelmo, begira!”. Alegia, besoa lehen aldean askoz atzerago eraman zezakeela eta lehen ez bezala orain bakarrik orrazteko gai zela.
Jarduera fisikoa berdin osasuna eta denbora-pasa lagun artean. Ez du uste Astiazaranek kirola arrazoi horiengatik egiten denik orain. Zorrotz esan digu: “Kolpetik aurrera egin genuen, gutxi batzuena zen kirola gizartera zabaldu zen, jendeari kosta zitzaion sinestea jarduera fisikoa onuragarria zela. Orain atzera egiten ari gara berriro. Ia inork ez du disfrutatzen kirola egiten, 50 urterekin begiratu gaitzaten ari gara kirola egiten eta gorputza muturreraino estutzen dugu. Ondorioak ikusiko ditugu”.
Hurrengo baterako puntua jarri digu.
Mugimendua eta mundua
Gizakiak ariketa fisikoa eta kirola zertarako erabiltzen dituen edo zertarako erabil ditzakeen adibideak ematen ari gara. Alabaina, agian ez gara ohartu mugimenduak, besterik gabe, duen garrantziaz. Bada, mugimendua gizakiaren jarduera ororen oinarria da, bizirik gaudenaren adierazpidea, hala esan digu Elena Herran psikomotrizistak.
Herran EHUko irakaslea da Pedagogia Fakultatean eta Psikomotrizitatearen analisia eskolatze hasieran: biziaren hirugarren urtean zeharkako jauziaren azterketa psikogenetiko eta behaketaren bidezkoa tesiaren egilea. Berak lagundu digu psikomotrizitateak inguruarekin duen lotura hobeto ulertzen. Mugimenduak gizakiarengan duen garrantziaren adibide garbia haurrak dira, hitz egiteko gaitasunik ezean mugimenduaz baliatzen baitira. Areago, 0 eta 3 urte arteko tartean haurrak bizi osoan zehar izango dituen gaitasun guztiak pizten ditu, beraz garrantzi handiko garaia da.
Psikomotrizitatean aurreiritzi asko bertan behera geratu direla azaldu digu Herranek, hots, psikologiaren esparrutik asko landu den gaia neurozientzien aurrerapenei eta ekarpenei esker beste era batera ulertu behar da.
Gizakia diseinatuta dago bizirauteko, alegia, mekanismoak ditu eguneroko oztopoei aurre egiteko eta haurrak jaiotzen den egunetik bere gorputzaren eta inguruaren arteko harremana hasten du. Umeak gaitasun batzuk ditu, gaitasun horiekin ingurune jakin batean moldatu behar du, era bateko edo besteko harremana eraikiko du inguru horrekin. Mugimenduaren eta giza gorputzaren arteko harremana hobeto ulertzeko jaioberriaren eboluzioaren hainbat une garrantzitsu aipa genitzake. Amaren sabeletik ateratakoan umeak grabitateari egin behar dio aurre. Lehenengo postura horizontalean egotea izango da; hanka gurutzatu eta bira emango du, ahozpez jarriz. Etzanda egotetik hurrengo pausoa burua bere kasa eustea izango da. Ondoren lau hankan hasiko da, gero eseri egingo da eta azkenik zutik jarriko da. Azken pausoa jauzia egitea da. Distantziak, sakontasuna, bertigoa... moduko kontzeptuak ikasten doa haurra. Ikasten doa baldin eta bere kabuz probatzen uzten bazaio. Horixe da Herranen galdera: “Nola lantzen da 0-3 urte arteko haurren psikomotrizitatea familian, eskolan, haurtzaindegian? Zenbateraino ez dizkiegu hainbat mugimendu eta portaera erakusten edo batzuetan derrigortzen? Umeak ikasi behar du, probatu behar du gorputzaren eta ingurunearen arteko harremana, mugimenduaren bidez”.
Haurren jauziak ikertu asmoz, behaketa lana egin zuen Herranek bideoan grabatuz. Psikomotrizitate aretoaren sentitze-mugitzezko espazioan behatu zuten nola egiten zuten jauzi haurrek. Bada, pare bat ume, jauzi egiteko plataformatxoan Operación Triunfo telebista saioko kantari baten abestia kantatzen hasi ziren eta hura imitatuz dantzan ikusten dira jauzi saioan. Nola azaltzen da imitatzeko gaitasun hori? Neurozientziek orain gutxi adierazi duten bezala, neurona ispiluen bitartez, besteen mugimenduak ikusi eta berdintsu errepikatzeko gai gara gizakiok txiki-txikitatik. Imitatu egiten dute haurrek eta ez dituzte beti adibiderik onenak hartzen, bestetan gurasoek gehiegi babesten edo laguntzen dituzte munduarekiko harremanaren abenturan... Ondorioak ditu horrek: haurrak ez du ikasi inguruarekin harremana ondo egituratzen, ezta bere burua behar den moduan garatzen ere.